Bizkaiko erresidentziak borrokan! Langile borrokatik ahalduntze feministara

2018/12/17
Nahia Fernández Vicariok 2017/2018 ikasturtean Ikasketa Feministak eta Generokoak Unibertsitate Masterrean (EHU/UPV) “Bizkaiko Erresidentziak Borrokan! Langile borrokatik ahalduntze feministara” Master Amaierako Lana egin zuen, 378 egun iraun zituen greba horretan parte hartu zenbait protagonisten testigantzak jasoz, besteak beste. Dokumentuak berri honetan testigantzok eta ondorioak jaso ditugu lan horretatik.

Nahia Fernandez VicarioNahia Fernández Vicario gizarte langilea da, eta egun EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak arloko doktorego programan tesia egiten ari da. “Bizkaiko Erresidentziak Borrokan! Langile borrokatik ahalduntze feministara” Master Amaierako Lana bere osotasunean EHUren ADDI artxibo digitalean dago eskuragarri.

Dokumentuak 42Deskargatu Dokumentuak 42 osoa

Sarrera

Azken hamarkadetan, neoliberalismoaren hedatze bortitza ari gara bizitzen, eta haren eragina gure inguru hurbilenean ere jasaten ari gara. Neoliberalismoa, ordea, nazioarteko logika eta estrategia jakin bati erantzuten dion sistema politiko eta ekonomikoa da, zeinari 1989. urtean eman zitzaion izena. Modu honetan, 1989ko Washington-eko Kontsentsuan, “Merkatu gehiago eta Estatu gutxiago” formula aldarrikatu egin zen nazioartean, honako ezaugarriak zekartzalarik formula neoliberal honek: zerbitzu publikoen pribatizazio prozesua eta lan merkatuaren eta baldintzen flexibilizazioa, enpresak onuratzeko helburuarekin (Alcañiz eta Monteiro, 2016).

Galdera nagusi hau jorratu nahi nuke lan honen bidez: Bizkaiko Erresidentzietako langileek gauzaturiko greban, ahalduntze feministarik egon al da parte hartu duten emakumeen artean?

Joera hau 2007an Estatu Batuetan sortutako eta ondoren Europar Batasunera eta munduko beste hainbat lurraldetara zabaldutako krisi ekonomikoarekin indartu egin zen. Europar Batasuneko hegoaldeko edo mediterraneoko herrialdeak, Italia, Grezia, Portugal eta Espainia, hain zuzen ere, kaltetuenak izan dira zentzu honetan. Grezia eta Portugalen kasuan, erreskatatuak izan diren heinean, Troikak inposatutako neurri neoliberalak ezarri dituzte trukean lurraldeotako gobernuek. Espainiar Estatuaren kasuan, erreskatea bankaren sektorearen gain soilik gauzatu zen arren, Troikak ezarritako austeritate neurriak aurrera eraman ziren modu berean (Mercedes Alcañiz eta Rosa Monteiro, 2016).

Espainiar Estatuko ongizate sistema eredua, gainontzeko lurralde mediterraneotan izan ohi den moduan, eredu familista da. Eredu familistak honako ezaugarriak ditu: sexuaren araberako lanaren banaketa nabarmena, gastu publiko urria, emakumeen parte-hartze urria lan merkatuan eta Eliza Katolikoaren eragina (Esping-Andersen eta Pailer, 2010; Silva, 2002; Tobío 2015, hemendik aterata: Mercedes Alcañiz eta Rosa Monteiro, 2016). Agerikoa da, beraz, Ongizate Estatu eredu honek ez duela gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna ahalbidetzen. Bada, azken urteetan Espainiar Estatuak ezarritako austeritate neurriek egoera hau larriago bilakatu dute. Zerbitzu publikoen merkantilizazioak, esaterako, bizitzarako ezinbestekoak diren zerbitzuak prekarizatzea edota publikoki eskaintzeari uztea dakar; besteak beste zaintzarekin zerikusia duten lanak. Jakina denez, estatuak utzitako hutsune hauek emakumeek betetzen dituzte oro har, lanaren sexuaren araberako banaketa dela eta. Zerbitzu hauek emakumeen eskuetara pasatzen dira, merkatutik at ordaindu gabeko lanaren bidez zein lan merkatuaren baitan baldintza geroz eta prekarioagoetan aurrera eramaten direlarik.

Guztira 378 greba egun eta 2 urte iraun dituen Bizkaiko Erresidentzien Borrokan, gainera, era nabarmenean ikusi ahal izan dut nola diskurtso feminista garatzen joan den prozesuan zehar, langileen zein horien euskarri izan den ELA sindikatuaren baitan

Prekarietatea, pertsona jakin batek bizitzeko behar dituen oinarrizko baliabideak izateko ziurgabetasuna sortzen duen baldintza material eta sinboliko sorta da (Precarias a la Deriva, 2004). Prekarietatea geroz eta hedatuago dago Europan zehar zein Estatu Espainiarrean, estrategia eta politikagintza neoliberalak prekarietatea areagotzea baitakar. Prekarietatearen fenomenoak, aitzitik, ez du modu berean eragiten lurralde bereko pertsonengan, baizik eta zaurgarritasun gehien pairatzen duten kolektiboengan eragiten du bereziki: langile klasea, etorkinak, gazteak eta emakumeak, besteak beste (Tomeu Sales, 2016).

Prekarietatearen feminizazioak, aipaturiko fenomeno honi erantzuten dio, hain zuzen ere. Prekarietateak emakume aurpegia du: lan baldintza kaxkarragoak, enplegu malguagoak, ziurgabetasun handiagoa, lanaldi partzialak, erreprodukzio lana eta enplegua kontziliatu beharra edota soldata arrakala dira, beste askoren artean, emakumeen lan eta bizi baldin-tzak prekarizatzen dituzten egoerak.

Prekarietatearen feminizazioaren oinarrian, sexuaren araberako lanaren banaketan dago. Egun bizi dugun neoliberalismoaren olatuak, gainera, sexuaren araberako lanaren banaketa eta honek dakartzan ezberdintasun sozialak areagotu ditu. Izan ere, sexu segregazioaz gain, fenomeno honek ere lan ezberdinen arteko ierarkia bat sortzen du, “gizonezkoenak” kontsideratuak diren lanak balioan jarriz, “emakumezkoen” lanarekin alderatuta. Modu honetan, lan merkatuaren baitan, sektore feminizatuak sarri prekarioenak izaten dira, lan-baldintzak okerragoak izaten baitituzte oro har gizonezkoen baldintzekin alderatuz, nahiz eta azken hauen artean ere prekarietatea geroz eta zabalagoa den. Emakumeek betetzen dituzten enpleguen ehuneko gehiengoa zerbitzuen sektorean pilatzen da, eta arlo feminizatuen hitzarmenak begiratzea besterik ez dago langileen baldintza kaxkarretaz jabetzeko.

Bizkaiko Erresidentzietako langileen borroka hainbat arrazoiengatik hartu dut aztergai:
Gatazka honen bidez, egungo sektore feminizatuetan bizi den prekarietatea agerian geratu da eta gainera, zerbitzu publiko izan beharko lukeen baina azpikontratatua dagoen sektorea dugu, eredu honek dakarren lan baldintzen galerarekin

Egoera honi sindikalismoaren ikuspegia gehitu behar diogu. Erakunde sindikalen eta emakumeen arteko harremana historikoki harreman gatazkatsua izan da. Hasiera batetik gune maskulinizatuak izan dira sindikatuak, eta emakumeen presentzia urria izan da. Industrializazio garaiaren hasieran, sindikatu gehienetan emakumeek parte-hartzeko debekua zuten, eta debekua ezarria ez zuten erakundeetan ere ierarkia androzentriko eta funtzioen banaketa sakonki sexista eman zen. Denborarekin egoera hoberuntz joan den arren, sindikatuek gune maskulinizatuak izaten jarraitzen dute egun ere, eta sindikalistaren irudi sinbolikoak industrializazio garaiko berberak izaten jarraitzen du: gizon zuria, heldua, heterosexuala, fabrikan lan egiten duena eta familia-burua (breadwinner eredua). Sinbologia honek, langile klasearen gehiengo bat sindikalistaren irudiarekin identifikatua ez sentitzea dakar, gehiengo horren artean, emakumeak.

Egun, beraz, eskubide galera eta prekarietatearen igoera bat bizitzen ari garen garai honetan, sindikatuenganako interes falta nabaria da jendartearen zati handi batengan. Identifikazio faltaz gain, nabarmendu nahi nuke zenbait sindikatuk azken urteetan hartu duten norabidea eta horrek sortu duen langile klasearen mesfidantza. Izan ere, zenbait sindikatu instituzio burokratikoak bereganatuak izan dira eta konfrontazio sindikala alde batera uzteko hautua egin dute, gobernu neoliberalen konplize izatera heldu direlarik. Honek, ezinbestean, langile klasearen fidagaiztasuna piztu du sindikatu guztiengan.

Egoera honelakoa izanda ere, azken urte eta hilabetetan, sindikalismoaren eredu hegemoniko eta tradizionaletik aldentzen diren zenbait aldarrikapen laboral azaleratu dira gure inguru hurbilean. Izan ere, eredu tradizionaletik aldentzen diren eta sektore prekarioenetan ematen ari diren lan gatazkak azaleratzen ari dira azkenaldian. Honen adibide lirateke Estatu mailako “Las Kellys” kolektiboaren borroka, edota lan honen bidez aztertuko dugun Bizkaiko Erresidentzietako langileen greba, beste batzuen artean. Plazaratzen ari diren borroka hauek feminizatuak izan ohi dira, langile eta sindikalista subjektu tradizionaletik aldentzen den subjektua, alegia.

Guztira 378 greba egun eta 2 urte iraun dituen Bizkaiko Erresidentzien Borrokan, gainera, era nabarmenean ikusi ahal izan dut nola diskurtso feminista garatzen joan den prozesuan zehar, langileen zein horien euskarri izan den ELA sindikatuaren baitan. Hartutako kutsu feminista hau, aldarrikapen, eslogan, elkarrizketa, edota ahoz-ahozko jarreraren bidez agerian geratu da, ahalduntze feminista prozesu zantzua hartu diodalarik bilakaerari.

Bizkaiko Erresidentzietako langileen borroka, beraz, hainbat arrazoiengatik hartu dut aztergai:
Gatazka honen bidez, egungo sektore feminizatuetan bizi den prekarietatea agerian geratu da, kolektiboaren lan baldintzek erakusten duten moduan. Gainera, zerbitzu publiko izan beharko lukeen baina azpikontratatua dagoen sektorea dugu, eredu honek dakarren lan baldintzen galerarekin. Modu honetan, bizi dugun sistemaren joera neoliberala islaturik geratu da: bizitzarako behar-beharrezkoak diren zaintza zerbitzuen pribatizazio eta merkantilizazioaren eredua, alegia. Azken batean, bizitza eta kapitalaren arteko gatazka agerian geratu da.

Beste alde batetik, galdera nagusi hau jorratu nahi nuke lan honen bidez: Bizkaiko Erresidentzietako langileek gauzaturiko greban, ahalduntze feministarik egon al da parte hartu duten emakumeen artean?

Oraindik ere maskulinizatuta dagoen sindikalismo ereduaren baitan prozesu feminista bat gertatu izana interesgarria eta berritzailea izan daitekeelakoan nago, batez ere eredu eraginkorragoen bilaketan eraberritze sindikala hizpide duten erakundeen ikuspegitik. Arrazoi honegatik, lan honen bidez greban zehar emandako prozesu eta ibilbidearen nondik norakoak izango ditut ikergai, ahalduntze feminista prozesua gauzatu den ala ez aztertzeko helburuarekin, eta hala izanez gero, prozesu horren nolakotasuna ikertzeko xedearekin.

Bizkaiko Erresidentzietako Borroka honen ereduak, ondoren etorriko diren borroka sindikal feminizatuetan eragin positiboa izan dezake. Esperientzia hau jaso eta aztertzearen azken arrazoi bat, beraz, prozesu honen irakaspen eta ekarpenak biltzea da, sindikalismoa feminismotik eraikitzeko lanean dihardutenentzat ere ekarpen baliagarria izango delakoan.

Jarraitu irakurtzen