Bizitzeko moduko soldata nahi baduzu, prest egon zaitez horren alde greba egiteko

2015/07/28
greba.jpg
Soldata hobeak lortzeko modua benetan legea ote da? Askok hala uste du. AEBetan zehar langileak antsiaz daude gutxieneko soldata igotzen duten lege berrien eraginen esperoan. Seattlen 2021rako 15 dolarretaraino igoko da, eta Los Angelesen, 2020rako. Baina estrategia honek indarra kentzen dio desberdintasun ekonomikoaren amaiera ekar dezakeen botere-dinamika bakarrari: klase borrokari, alegia.

Artikulu honek AEB-ko egoera azaltzen du. Euskal Herrian emandako langileen borroka desberdinen testigantzak hemen dituzu, nahi izanez gero.

Boots-RileyBoots Riley, The Guardian, uztailaren 20a

Legedian ezarritako soldata igoerak azkar urtzen dira inflazioan. Are okerrago, jendeari erakusten diote ez dugula antolatu beharrik, aski dela estatuari eskatzea gure ordez gauzak alda ditzan. Borroka hori fronte guztietan galtzeko arriskua dago, eta klase-analisia iluntzen du. Analisi honek dio kapitalismoaren baitan bi klase daudela, eta ekonomiak dakarren bien arteko gatazkak sistema bultzatzen duela: langile-klasea, produktuen gainbalioa sortzen duena, eta agintzen duen klasea, zeinek jasotzen duen produktuen aberastasunaren zatirik handiena.

Gure indarra ez datza kaleetan, kapitalismoaren oinarrian baizik: lantokian.

Gure botere kolektiboa udalen eta enpresen bulegoen esku utzi ordez, bizitzeko moduko soldataren aldeko mugimendua zabaldu eta erradikalizatu egin behar dugu, buruzagi sindikalek alboratu dituzten taktika indartsuagoak hautatuaz. Kontua ez da soilik erreformaren emaitza zein den, baizik nola irabazten dugun. Horrek erakusten digu nola borrokatu. Horrek eratzen du mugimendu bat. Mugimendurik gabe, ez daukagu benetako aldaketa iraunkorra lortzeko esperantzarik. Ez daukagu kapitalismoari bistatik kentzeko itxaropenik.

Soldata-gatazkak greba, lanuzte eta eskirolak fisikoki kanporatzen dituzten okupazio bidez egiten badira, soldata hobeak lortzeko borrokak agerian jar dezake esplotazioa dela kapitalismoaren kontraesan nagusia. Erakuts dezakete langileek indarra dutela lanaren eta kapitalaren arteko harremana aldatzeko, eta klase-analisia zer den irakats dezake inolako unibertsitatek ez bezala.

Soldata-gatazkak greba, lanuzte eta eskirolak fisikoki kanporatzen dituzten okupazio bidez egiten badira, soldata hobeak lortzeko borrokak agerian jar dezake esplotazioa dela kapitalismoaren kontraesan nagusia

Taktika hauek iraganean erabili ziren: 1945 eta 1946an 4 milioitik gora langilek parte hartu zuten AEBetako historian izan zen greba-olde handienean. Greba hauek hain eraginkorrak izan ziren, non 1947 Kongresuak, sindikatuen boterearen beldurrez, Taft-Hartley Act izeneko legea onartu baitzuen, langile antolatuek balia zitzaketen legezko taktikak zeharo murrizteko: besteak beste, legez kanpo jarri zituzten plantilla osoak derrigor afiliatu beharra eta sektore osoei eragiten zieten grebak.

Ezkerrak klase-borroka baztertu izana da 60etako hamarkadako New Left (ezker berria) mugimenduetako ondorioetako bat. Joan den mendeko 10. eta 20.etako hamarkadetan greba militanteak izan ziren Alabama, Colorado eta Montanako meatzeetan -kasu batzutan grebalari armatuek enpresako armei aurre egin zieten-, eta 30.etan lantegien okupazioak gertatu ziren Mendebalde ertainean. Garai hartan AEBetako Alderdi Komunistak (CPUSA) itzal handia izan zuen AEBetako politikan bere burkideen, “bidaide” edo kidekoen bidez eta sindikatuetako organizer ekin zituen lotura medio. New Deal, legedia liberalaren lorpen sakratua, indarrean jarri zuten agintzen zuen klaseak beldur ziolako bideragarria zen AEBetako mugimendu iraultzaileari.

Itxaropentsu nago fast-food langileen mugimendua eta Walmart moduko enpresetan antolatzen ari direla ikusita, baina borroka hauek ez dute arrakastarik izango ez badiete azkenean benetako greba solidarioei ekiten

40.eko hamarkadan, CPUSAk parte hartu zuen faxismoaren aurkako fronte bateratuan, Hitlerri irabazte aldera; bide batez, gerra garaian AEBetako gobernuaren aurkako erronkak alde batera utzi zituen. Iraultzaileek ez ziren halakotzat agertzen, gerrako batasun zabala mantentzearren. Honek, ostera, 50.etako hamarkadan sorgin-ehizak oso errazak egin zituen agintari-klasearentzat, ekintza komunistak orduan sasikoa zela baitzirudien, ez agerikoa, lehenago izan zen moduan.

McCarthy garaiko giroak, Stalinek egindako basakerien albisteek eta CPUSAk biei eman zien erantzun ahulak alderdian zatiketa ugari eragin zuen, eta zatiketa hauetatik sortu zen 50.etako amaiera eta 60.etako hasieran New Left hura. Ezker berri honek jokatzeko beste modu bat hartu zuen: ez zion herriari erakusten industriaren makineria geldiarazteko gauza zela, ugazabei erreibindikazioak asetu edo irabaziak galduko zituztela bestela. Horren ordez, beren helburua zen kalean komunikabideen arreta izango zuen ekintza ikusgarriren bat burutzea, eta enpresarioak edo politikariak gogaitu, eskabideei men egin ziezaieten. Agian arrakasta izan zuten orduan, baina ez da gaurko langileek hautatu beharko luketen eredua.

Gure indarra ez datza kaleetan, kapitalismoaren oinarrian baizik: lantokian.

Itxaropentsu nago fast-food langileen mugimendua eta Walmart moduko enpresetan antolatzen ari direla ikusita, baina borroka hauek ez dute arrakastarik izango ez badiete azkenean benetako greba solidarioei ekiten, sektore oso baterako; merkataritzaren kasuan eskualdeak, hiriak, edota estatu bateko eremu jakinak izan litezke.

Hau ilegala litzateke, baina beharrezkoa. Sektore mailako greba solidarioak legez kanpo jarri zituzten hain zuzen oso eragingarriak zirelako. Gaurko sindikatuak legeari atxikita daude. Horrek asko ahuldu ditu. Lan Estatistika Bulegoaren arabera, AEBetako langilen %89 ez dago afiliatuta. Nire ustez, hau gertatzen da ez dutelako uste sindikatuek irabaz dezaketenik. Eta gehienbat arrazoia dute, baina horixe da erradikalen eginkizuna.

Nik proposatuko nuke erradikalek sindikatu berri, militanteak sortzea, beren ideal iraultzaileen aitzindari izango direnak, eta argi uzten dutenak soldatak hobetzeko greba militanteak urrats bat baino ez direla estrategia iraultzailean. Adierazteak eskirolak kanpoan utziko ditugula langileen irabazteko fedea areagotuko du.

Sindikatu berriok sindikatuak hain ahul egiten dituzten legeak hautsiko dituzte, eta litekeena da sindikalistak espetxeratuak izatea. Kartzela ez da erradikalentzako nobedadea. Benetan militantea den langile-mugimendu batek greba hain indartsua antolatu ahal izango luke, non soldata igoerekin batera galdegingo genukeen prezioen bilakaera igoerarekin lotuta egotea, igoerak benetakoak izan daitezen.

Honelako mugimendu batek jende asko erakar dezake. Greba orokorrak hedatzea eragin lezake, politikan eragiteko eta hortik beste egoera batera aurrera egiteko, zeinetan langileek lantegiak masiboki hartuko dituzten. Hau litzateke egoera iraultzaile baten hasiera, zeinetan soldada duina eskubidea den, ez eskari adeitsua.