Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Biolentzia sexistaren erro "naturalak"

Biolentzia sexistaren erro "naturalak"

2014/11/18
Sistema hau gure ADNaren zati bat da, egunero berretzen dugu eta beraren baitan gizarteratzen gara. Logika patriarkala gure subjektibitatean dago, eta horregatik, batzutan ez da ikusten, ez ukitzen; beraz, ez du ageriko gatazkarik pizten. Hor dago bortizkeriaren alde sinbolikoa.

Jone Bengoaetxea, ELA-Genero Berdintasun Politikak eta Inmigrazioa

Jone BengoetxeaNaturala al da emakumeen soldatak txikiagoak izatea? Naturala al da emakumeek egiten dituzten lanek gizonenak baino balio sozial eta ekonomiko murritzagoa izatea? Naturala al da gizonezkoak emakumeak baino sexualagoak izatea? Naturala al da emakume guztiek ama izateko desira izatea? Naturala al da emakumeek beren burua emozionaltzat hartzea eta gizonezkoek, arrazionaltzat? Naturala al da emakumeek etxeko langile gisa lan egitea eta gizonak, aldiz, garraiolari izatea?... Zer da naturala?

Galdera hauek hain errepikakor egitea ez da kasuala; izan ere, emakumeek pairatzen duten bortizkeria matxistaren erroak naturaltzat hartzen den horren sasi-neutraltasunean datza. Honek, ezustean, erreakzio desberdinak eragin ditzake. Pentsatze hutsak natural eta normaltzat ikusten dugun hainbat gauza benetan ez direla berezkoak zalantza eta noraeza eragiten du, eta litekeena da ere haserre araztea. Baina derrigor egin beharreko ariketa dugu, benetan sakoneko mailara, emakumeek -emakume izate hutsagatik- jasaten duten biolentziaren oinarrira jo nahi bada.

Sakoneko erro horiei tiraka gure jendartea mugitzen duten ustezko sinesmen, balio eta egia naturalizatuak agerian utzi ahal izango ditugu; horietxei esker irauten du emakumeen menpekotasunean oinarritutako dominazio sistemak, patriarkatuak alegia. Sistema hau gure ADNaren zati bat da, egunero berretzen dugu eta beraren baitan gizarteratzen gara. Logika patriarkala gure subjektibitatean dago, eta horregatik, batzutan ez da ikusten, ez ukitzen; beraz, ez du ageriko gatazkarik pizten. Hor dago bortizkeriaren alde sinbolikoa.

Mundu sindikaletik ere ikusten dugu lan mundua erreprodukzio sozial patriarkalaren esparru nabarmena dela. Hau lanaren zatiketa sexualaren ardatzean islatzen da; abiapuntu honetatik aurrera, gauza jakina da gizonentzako eta emakumeentzako lan bereziak daudela, eta hauek sari sozial eta ekonomiko desberdina izango dutela. Betiere, gauzen ordena naturalaren aterpean.

Baina gauzak batzutan ez dira itxuraz ematen dutena; gauzak ordena sinboliko jakin batean, balio sortuen ordena konkretu batean gertatzen dira. Eta iruditeria sozial horretan gizonezko zein emakumeok ikasten dugu non kokatu behar garen, eta bakoitzari zer dagokion geure desberdintasun biologikoaren ondorioz. Desberdintasun biologiko horrek, hain zuzen, desberdintasun soziala justifikatzen du; bi sexuen arteko desberdintasun estrukturala natural bilakatzen du, eta biolentzia sexistaren bidea leuntzen du.

Ez da erraza, aitortu beharra dago. Generoaren ordenari buruzko sinesmenak, ustezko egiak eta “naturala” dena aztertu eta berriz formulatzeak aldaketa handi bat eskatzen du, paradigmetan, baina baita banako eta kolektibo mailan ere. Eta hausturak ez dira egundo errazak, baina hortik abiatuta, ez azaletik, eraldatu ahal izango ditugu gure imajinarioa eta sentipenak, emakumeok eta gizonezkook jendartean non eta nola kokatzen garen edo kokatu nahi dugun.

Bada, iritsi da azaroaren 25a, emakumeen aurkako bortizkeria salatzeko nazioarteko eguna. Orduan kaleratzen da eta ematen da errealitate honen berri. Urtero kontu bera errepikatzen dugu, eta salatzeaz ez gara aspertzen: patriarkatuak gure bizitzan, batez ere emakumeon bizitzan, ondorio lazgarriak ditu. Aurten dagoeneko lau emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta izurri honen adierazpideak, ageriko zein ezkutuak, kontaezinak dira.

Oraindik gauza asko dago erauzteko eta argitara ateratzeko, baina eutsi egin behar diogu, generozko desberdintasun estrukturala eta, ondorioz, biolentzia sexista amaitzea nahi dugunok. Gure bizitzak merezi baitu.

 

 

 

 

 

 

 

L

Biolentzia sexistaren erro "naturalak"