Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Bilboko Arte Ederren Museoa: grebaren artea

Bilboko Arte Ederren Museoa: grebaren artea

2017/06/06
Urte bete pasa da Bilboko Arte Ederren Museoko langileek greba mugagabea abiatu zutela. Grebalariek museoko ateak itxi arren Hiperrealismoa kalera atera zuten eta greba mugagabeak iraun bitartean urteetan bizi izan duten Prekarietatea salatu dute. Eredugarria izan den borroka honen testigantzak jasotzeko haietako batzuekin egon gara eta jarraian aurkezten dugun dokumentuan bildu ditugu.

Aiala ElorrietaAiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz Institutua

Irakurri dokumentu osoa

2016ko ekainaren 7an, Bilboko Arte Ederretako Museoak Hiperrealismoa izeneko erakusketari ateak ireki behar zizkion egunean bertan, langileek antolatutako greba mugagabeak museoaren ateak itxiarazi zituen. Museoan lan egiten duten arren, ez dira zuzenean museoaren langileak, ManpowerGroup Solutions enpresa multinazionalarentzat baizik. Beste behin ere, azpikontratatzen eta ondorioz, prekarizatu egiten den zerbitzu publiko baten aurrean gaude.

Baretasunaren tenpluan

Museoko aretoetan txintik esan gabe edo harreran irribarre batekin agurtzen gaituzten pertsona horiek, uniformez jantzita doazen pertsona hauek guztiak, tenpluaren baretasunaren parte dira

Museoak baretasun eta gogoeta tenplu dira. Inoiz erakusketa bat ikusten ari zinetela sentituko zenuten zelan eraikitzen den kosmos berezi bat  artelanaren, artistaren, espazioaren eta zuen artean,  nola sortzen den sentsazioz beteriko mundu intimo bat. Unibertso horretan,  tenpluan murgilduta gaudenean, bakarrik gauden sentipena izan dezakegu sarritan.

Bakarrik diot? Ez, ez gaude bakarrik. Aretoetan lan egiten duten per-tsonak paisaia horretan ezkutatuta, sarritan ikusezin dira guretzat, ikusleontzat. Sarritan, ozta-ozta sumatzen ditugu. Bilboko Arte Ederretako Museoak ere  horrelako atmosferak sortzen ditu.

34 pertsona ari dira lanean bezeroarenganako arretan;  museoko dendan, areto laguntzaile, harrerako leihatilan edota trebakuntzan. Pertsona hauek guztiak izatez museoan lan egiten duten arren, ez dute museoarentzat lan egiten, ez dira museoaren soldatapeko. Edo zehatzago esatearren, museoak azpikontratatuta daude. Prekarizatuta.

Museo bizia

Zerbitzua ManpowerGroup Solutions multinazionalaren esku dago eta berau da soldata eta lan baldintzak finkatzen dituena. Ondotxo dakigu azpikontratazioa eta prekarietatea elkarren eskutik joan ohi diren bikotea direla. Saldutako prezioan finkatzen ditu enpresak lan baldintzak; merke. Horra, zerbitzu publiko itxuran mozorrotzen diguten arren, pribatizatuta eta  prekarizatuta dagoen beste zerbitzu bat. Atzean, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatutako patronatua dago.

Museoko aretoetan txintik esan gabe edo harreran irribarre batekin agurtzen gaituzten pertsona horiek, uniformez jantzita doazen pertsona hauek guztiak, tenpluaren baretasunaren parte dira. Baretasunak irauten duen bitartean. Harik eta  2016ko martxoan lan baldintza eta etengabeko umiliazioek nazkatuta, uniformeak erantzi eta isiltasunarekin haustea erabaki zuten arte. Hona hemen beraien istorioa.

Segi irakurtzen...