Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Beste igoera bat fakturan, oraingoan gasaren fakturan

Beste igoera bat fakturan, oraingoan gasaren fakturan

2014/04/16
Argindarraren fakturarekin pasa zen bezala, gasaren fakturak ere aldaketak izango ditu. Eta argindarraren joerari jarraituz, igoera fakturaren alde finkoan emango da, hau da, gasa aurrezteak ez du eragin proportzionalik izango fakturan.

Ainhara Plazaola, ELAn ingurumeneko arduraduna (Artikulu hau 17. Ingurumen buletinean argitaratu da)


Gasa eskuratzeko ordainsari eta kanonak erregulatzen dituen organoa da Merkatua eta Konpetentziaren Komisio Nazionala (CNMC) eta honen arabera, aldaketa honekin erreziboen bidez dauden diru sarrera eta konpainien gastuen artean gaur egun dagoen desfasea ezabatuko da. Berriro ere ditxosozko tarifa defizitarekin topo egiten dugu, oraingoan gasarena.

"Otsailean Enagasen administrazio kontseiluak Ana Palacio eta Isabel Tocino PPko ministra ohiak eta duela aste gutxi arte industria zuzendari nagusi izan den Luis Valero kontseilari izendatzea adostu dute"

Badirudi tarifen defizita desagertzeko igoerak hiru kontzeptu hauetan eman behar direla: regasifikaziorako ordainsaria (%37,5), lurrazpiko gordailuetarako kanona (%18,8), eta garraio eta banaketaren ordainsaria (%1,2). Hau da, pertsona arruntok ulertzen ez dugun beste faktura eta sistema bat, baina multinazional handiei primeran datorkiena nahi dutena kobratu diezaguten. Primeran ulertzen duguna politika eta energia enpresa handien artean biraka dabilen atea da. Enagas espainiar estatuko gas garraiorako enpresa handiena da eta espainiar sisteman gasaren sarbide puntuak, biltegiak, garraioa eta banaketa koordinatzen ditu. Eta zergatik hitz egiten dugu Enagasi buruz? Ba otsailean Enagasen administrazio kontseiluak Ana Palacio eta Isabel Tocino PPko ministra ohiak eta duela aste gutxi arte industria zuzendari nagusi izan den Luis Valero kontseilari izendatzea adostu duelako. Agian ez dugu ulertuko fakturaren kalkulua nola egiten den, baina oso argi daukagu biraka dabilen ateak nola eta zertarako funtzionatzen duen. Gasaren prezioa izugarri igo da azken hilabeteetan, eta oraindik ziklo konbinatuko zentralak, Boroa, Bahia Bizkaia edo Castejongoak, gasarekin elikatzen jarraitzen dute, eta baita Zabalgarbi ere. Honek gure hileroko faktura modu esponentzialean igotzea esan nahi du, ingurumena kutsatu eta gure osasuna kaltetzeaz gain. Zerren zain daude erabakiak hartu eta gure energia eredua aldatzeko? Utz ditzagun alde batera energia fosilak eta berriztagarrietan oinarritu gaitezen. Ingurumena eta osasunagatik ez bada, ez baitzaie batere axola, egin dezatela gutxienez gure poltsikoengatik! Nahiz eta honek ere utopia bar dirudien.

Beste igoera bat fakturan, oraingoan gasaren fakturan