Berritze sindikala: zer ikas dezakegu hiru hamarkada hauetako ikerketetatik?

2019/07/08
D45portada_eus.jpg
Ez dago berritzearen beharra sentitzea baina kontu zaharragorik. Bere burua etengabe krisian jarri duen sindikatuak badaki hori baina ez gara bakarrak. Artikulu honek, azken hiru hamarkadetan sindikatuen berritzean egon diren gakoak identifikatzen ditu. Motzean, jorratutako gai eta prozesuak lau: estrategia sindikalaren modernizazioa, sindikatuen egiturak eta antolaketa-tekniken birmoldatzea, ekintza kolektiboko moldearen berritzea, eta lan merkatuko insider eta outsider-en arrakala.

D45 Berritze sindikalaDOKUMENTUAK 45: Berritze sindikala: zer ikas dezakegu hiru hamarkada hauetako ikerketetatik? (Gregor Murray)

Teknologia berriak atea jo gabe barrura sartu diren honetan, robotak gure pareko direla esanez itzali nahi gaitu lan munduak. Etorkizunaz hitz egitea beti gustatzen zaigu, modernizazioa gureganatzea moderno hutsak izan gabe. Bada sindikatuapp delako aplikazioaz konspiratzen hasi denik, 5Gak onartzen bagaitu, ezagutuko al dugu sindikatu birtualik? Narzisoren klonazioa ere, garaiko ezaugarri bihurtu da. Norbanakoak geroz eta garrantzia handiagoa duen honetan, sindikatuek banakako zerbitzuak eman behar al lituzkete, edo lan-harremanen deskolektibizazioa indibidualismoarekin nahasteko joera daukagu? Modernizazioaren paradigma aldaketarekin loturiko beste ikerketa batzuk ere plazaratzen ditu artikuluak: emakumeak ardura postuetan egoteak izan duen eragina, burokraziaren gutxiak dakarrena, egiturari edo estrategiari, zeri men egin planteatzen duena... Bizitza modernoak, bizitzatik baino modernotik gehiago du aspaldian.

Ordezkaritza-eremuak sindikatuaren katramiletako bat izaten dira, espazioa eta espazio horien egituraketa antolatzen baitute. 12 eskualde x 3 federazio x 5/4ren kilo lan-karga x 1'4 hanka-sartze/buruko. Egituren konplexutasuna, sindikatuaren parte-hartzean muga ote den ikertu da. Bai eta, sindikatu baten arrakasta, patronalarekiko oposizio-mailan edo “kanpaina integraletan”, non kokatzen den aztertu. Ordezkaritza-eremuan, besteak beste, zerbitzuetako sektoreko langileen aldagaia erronka nagusi bihurtu da sindikatugintzan. Erresidentzietako langileak, Komisaldegietako garbitzaileak, Kiroldegietan dabiltzanak... Lan hauen ez-ohikotasunaz jakitun, posible al da antolaketa-estrategia sindikalek erakundearen helburuekin bat egitea?

Sindikatuak jo-puntuan hartuta, hirugarren iker-lerro bat ekintza kolektiboko moldeena da. Negoziazio Kolektiboaren indarra apaldu dela dirudi, edo hori diote mundutarrek. Horregatik, ikerketa ezberdinak egin dira sindikatuen eta langileen arteko lankidetza ondoen zein kanpaina motak ahalbidetzen duen ondorioztatzeko. AEBtan, kanpaina integralak dira nabarmenenak, negoziazio-unitateen zatiketa medio, presio-puntu ugariko estrategiarena alde egiten dutenak. Europar Batasunean, kanpaina transnazionalek maila anitzeko gobernantza dute helburu. Artikuluak sailkatzen duen hirugarren kanpaina komunitarioa da. Australiako Greater Sydney Alliance sindikatua ikertuz, botere-estrategia diskurtsoa bateratuan oinarritzen dute, lantokiko kezkak ez ezik, langileak bizi diren komunitateko kezkak barne-hartzen zituen sindikatuak. Gure kanpainarik ez du izendatzen artikuluak, akaso, izena sortzeko dutelako oraindik.

Lan-munduan ez da subjektu bakar eta homogeneorik izan, “klase” kontzeptuak adiera mugatu eta betierekorik izan ez dun bezala. Tranpak, utzi mahai bueltarako. Beti egon dira insider eta outsider-ak. Emakume eta langile-prekarioen sindikatuekiko harremana aztertu dute zenbait ikerketek. Sindikatu batzuk, afiliatuen gehiengoari lehentasuna ematearen alde agertu dira, eta beste batzuek berriz, ordura arte periferikotzat hartuak sindikatura gerturatzeko estrategiak lantzea hobetsi dute. Aldaketa estrategiko horrek, klasea lantokira mugatu ordez, eremu sozialera zabaltzea eskatzen du, hots, klasea langileen identitate eta bilgune bihurtzea. Sindikatuen beste outsider batzuk, gazteak izan dira. Azken ikerketen diotenez, gazteek, ordezkaritza eginkizunekiko interes handiagoa dute (langabeziaren aurkako babesa, pankartak, mobilizazioak), alderdi ideologikoekiko baino. Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme!

Kontuak kontu, ikerketen ondorioetatik ateratako supraondorioa egungo kolektiboaren adiera bakarrenetakoa sindikatua dela da. Alternatiba errazik ez dagoenez, esperimentalismo demokratiko zorrotzeko aldi batean gaude. Esperimentatzeko beharrezkoak dira esperientzia zein esperantza, baina baita ikertzea ere. Gurean, sindikatuek milaka afiliatu dituzte, egiten dira grebak, mobilizazioak, landu estrategiak, aliantzak... Baina akademiarentzat ez gara, itxuran, aski erakargarriak, aski modernoak. Ez, berritzearen beharra ez dugu denok izaten.