Hemen zaude: Hasiera Artikuluak "Berdea da more berria" liburua aurkeztu dute Bilbon Onintza Irureta eta Irantzu Varelak

"Berdea da more berria" liburua aurkeztu dute Bilbon Onintza Irureta eta Irantzu Varelak

2019/02/22
Otsailaren 20an, Bilboko Bira kultur gunean, "Berdea da more berria" liburua aurkeztu zuten Onintza Irureta egileak eta Irantzu Varela kazetari feministak (hitzaurrearen egileak). ARGIArekin batera argitaratu dugun liburuan Bizkaiko zahar egoitzetako 378 eguneko greban parte hartu zuten zortzi langileren testigantzak jasotzen dira, 2016ko grebara iristeko 80. hamarkadan hasi zen antolakuntzaren historia laburki kontatu ondoren.

Berdea da more berria portadaEstitxu Eizagirre Argiako kazetariak aurkezpenari buruz idatzitako kronika

Irantzu Varelak liburuari egindako hitzaurrea

Onintza Iruretak liburuari idatzitako sarrera:

378 egun greban. Serio demonio hasi ziren egunak kontatzen eta paperean idazten. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek, halako batean, apuntatzeari utzi zioten. Hain zen kopurua handia, hainbeste egin zuen gainezka gertatzen ari zenak. Borroka luzeak grebalarien indarrak ahitzeko arrisku latza izaten du. borrokak luze iraungo zuenik ere, patronalek ez zuten espero: “Zenbat iraungo dute bada?”.

Iraun izanari etekin galanta atera zieten emakume grebalariek. Bilbon, Bizkaian, Euskal Herrian, eta kanpoan elastiko berdeak ezagunak egin ziren. Hedabideak apurka-apurka gerturatzen hasi zitzaizkien. Jakin genuen emakumeak zirela ia denak, esan ziguten kokoteraino zeudela lan baldintzez, soldata baxuak zituztela, gure zaharrak ez zeudela behar bezala zainduta, ohartarazi ziguten borroka hura ez zela lan borroka soila, borroka feminista ere bazela. Adierazi ziguten zaintza lanen duintasuna jokoan zegoela, erakunde publikoek pribatizazioaren alde egindako apustuaren ondorioak ordaintzen ari zirela… Etenik gabe kontatuko ziguten haien borroka. Hedabideetara jo zuten, bilboko kaleak hartu zituzten, Bizkaia zeharkatu zuten, oinezko ibilaldiak egiten zituzten, piraguan eta bela-ontzian ibili ziren… Kantuz eta irribarrez, batzuetan, amorruzko oihuz besteetan, zabaldu zuten aldarria lau haizetara.

Iraun eta ekin. Patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundia deseroso, uste ez zutela, emakume langileak eguna joan eta eguna etorri kalean.

Askotariko emakumeek erabaki zuten greba egitea, eta ahalduntze prozesu indibidual eta kolektibo nabarmena bizi izan zuten. Batzuk borroka laboral eta feministetan zaildutakoak, gutxi batzuk ELAko ordezkari sindikalak, eta asko, ordura arte, norberaren lan baldintzak aldarrikatzeko ahotsa altxatzeko beldurrez.

Emakume horietako zortzi ezagutuko dituzue ondoko orrialdeetan: Maribel Sampedro Martínez, Ainhoa Menéndez Llamosas, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Marisol Rueda Espinha eta Aitziber Tolosa Contreras.

Greba handia kontatu nahi ziguten, eta azkenean greba adina kontatu digute bakoitzak bere lantokian, bere zahar egoitzan, bizi duena. Historia gogorrak, mina, beldurra, amorrua, harrotasuna, arrakastaren poza. gutxi batzuetan begiak busti zaizkie, gehienetan tinkotasunaren irribarrea gailendu da.

Emakumeen kontakizunen aurretik, ordea, 1980ko urteetara egin dugu atzera. Halako greba ez baita hego haizearen ufada batez sortzen. ELA sindikatuak sektorean egindako apustuaren giltzarriak azaldu ditugu eta egoitzetako emakume zaintzaileen hazte prozesua kontatu.