Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Bandera gorria prekarietateari

Bandera gorria prekarietateari

2018/11/12
Gipuzkoako sorosleen borroka uda honetako gatazkarik aipagarrienetakoa izan da. Hona hemen Landeian gai honen inguruan irakurri daitekeen erreportajea.

Maddi AspiazuElkarrizketa hau Landeia 230 alean argitaratu da

Gurutze Gorriak kontratatutako Gipuzkoako hondartzetako sorosleen kolektiboak hitzarmen duina lortu du eta nabarmen hobetu ditu orain arteko lan-baldintza prekarioak. Hiru eguneko geldialdia, greba mugagaberako deialdia abuztuaren 15etik aurrera eta batasun eta elkartasun estua behar izan ditu akordio hori hitzartzeko. Maddi Aspiazuk eta Gipuzkoako Zerbitzuak eta Gizalan federazioko kideek hilabeteak egin dituzte gazte hauek antolatzen eta azpikontratarekin negoziatzen, datak eta tartean ziren eragileak kontuan hartuta, gatazka konplikatu hau bideratzeko. “Azpikontratatutako enpresa bakarra, Gurutze Gorria, Gipuzkoa osoko hondartzetan sorospenerako kontrataren titularra da, baina 8 udal kontratatzaile dira eta 8 baldintza-plegu. Erlojuaren kontra moldatu behar izan da buru-hausgarri hau, baina emaitza oso ona izan da, nahiz eta itzalen bat ere izan”.

Lehen zalantzarekin bizi ziren ea denboraldi batetik bestera deituko ote zieten, eta, deitzen bazieten, ez zuten jakiten zer hondartzatan egongo ziren

-Zer balorazio egiten duzu akordioaz?

-Abuztuaren 15ean hastekoa zen greba mugagabearen deialdiaren ondoren, Gurutze Gorriak proposamen bat aurkeztu zuen, gatazkan inplikatutako Udalek abalatua (Zarautz, Donostia, Deba, Orio, Zumaia, Hondarribia, Mutriku eta Getariako Udalek, hain zuzen). Proposamen horrek hilean 200 euroko soldata-igoera jasotzen zuen lehen urtean eta hilean 400 eurokoa bigarren urtetik aurrera, hau da, %16ko eta %33ko igoera, hurrenez hurren. Gainera, Udalek konpromisoa hartu dute pleguetan plantillen subrogazioa jasotzeko; Gurutze Gorriak kontratu finko eten bihurtuko ditu gaur egungo kontratu guztiak, 2018ko ekainetik aurrera. Horrez gain, laugarren denboralditik aurrera antzinatasuna onartuko die langileei, hilean 118 euroko plusarekin eta lanegunetako soldata baino %15 gehiago ordainduko die igande eta jaiegunetan lan egiten dutenei. Sektoreak egonkortasun handiagoa eta baldintza hobeak lortu ditu, akordio positiboa izan da. Lehen zalantzarekin bizi ziren ea denboraldi batetik bestera deituko ote zieten, eta, deitzen bazieten, ez zuten jakiten zer hondartzatan egongo ziren.

-Sorosleen kolektiboa gazteek jasaten duten prekarietatearen adibide garbia da.

Ikusezina zen sektore bat mobilizatzea lortu dugula, eta langile hauen prekarietatea agerian utzi dugula. Hondartzen arteko elkartasuna ere nabarmentzekoa izan da, oso estua izan baita

-Ez dago zalantzarik. Borroka enblematikoa izan da: Administrazio Publikoak zerbitzu publiko bat azpikontratatzen du, eta lan-baldintzak prekarioago bihurtzen ditu, kasu honetan, langile oso gazteenak. Gazte horiek orduko 8,5 euroko soldata gordina jasotzen zuten eta lanaldi luzeak egiten zituzten atsedenik gabe. Balorazio positiboa egiten dugu pertsona oso gazteek eginiko borroka honi buruz, areago kontuan izanda gehienek ez zutela inolako esperientzia sindikalik. Antolatzeko gaitasun handia, meritu handikoa, erakutsi dute, kontuan izanda, gainera, aldi baterako lana dela eta lanak oso hilabete gutxi irauten duela. Akordioaren edukia gorabehera, etorkizunari begira baikorrak izateko ikasgaia izan da borroka hau.

-Abuztuan greba mugagabe bat deitzea ez da oso ohikoa. Nola iritsi zineten egoera horretara?

-Prozesu hau 2017ko abuztuan hasi zen. Sorosle talde bat sindikatura hurbildu zen, haien lan-egoeraren berri emateko eta laguntza eskatzeko. Neguan hainbat aldiz bildu ginen Gurutze Gorriarekin taldearen egoera erregularitzatzeko, baina erakundeak erabat jarrera itxia agertu zuen. Hondartza-denboraldia hasi zenean, negoziazioetan aurrerapausorik izan ez zenez, uztailean jakinarazi genien akordiorik lortu ezean grebara joko genuela. Gure harridurarako, kaltetutako 8 udalei grebaren aurre-abisuak aurkeztu genizkienean, ohartu ginen Gurutze Gorriak ez ziela jakinarazi sektorea mugitzen ari zela.

Udalekin hartu-emanean jarrita, egiaztatu genuen zenbait baldintza-plegutan –Zumaiako kasuan, adibidez– bazegoela tartea gure aldarrikapenak jasotzeko, baina beste zenbaitetan –Donostian, esaterako– baldintzak oso estuak zirela, administrazioek beherantz azpikontratatzeko indarrean dituzten politikaren adierazle. Gatazka Gipuzkoa mailan planteatu genuen, uste genuelako denek baldintza berak eduki behar dituztela, edozein hondartzatan lan egiten dutela ere, eta enpresa esleitzailea bakarra delako, Gurutze Gorria.

Aldi berean, aurreko denboraldiaren amaieran jada, sorosleak elkar ezagutzen hasi ziren, eta hondartzen artean hartu-emanetan jartzen, aurten borroka egiteko asmoarekin. Hala, uztailaren 29, 30 eta 31n  greba egin genuen, eta erantzun positiborik jaso ez genuenez, greba mugagabea deitu genuen. Greba mugagabearen deialdia mahai gainean eta gizartearen babesa aldeko, udalak mugitzen hasi ziren, eta pleguak aldatzen. Azkenik, Gurutze Gorriak proposamen bat egin zuen eta sorosleek onartu egin zuten.

-Esan duzu hitzarmen ona izan dela, baina ez ELAk nahiko lukeen bezain ona.

-Lortutako edukiak gorabehera, helburua zen Gipuzkoako kiroldegien probintzia-hitzarmena aplikatzea, ez Gurutze Gorriarena. Eta hori ezin izan dugu lortu. Lanean jarraitu beharko dugu etorkizunean lortzeko. Sorosleen %80a egitekoa zen greba mugagabearen aurrean Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu batzuk agindu zituen, eta, horren ondorioz, Zarauzko sorosleek erabaki zuten greban ez parte hartzea eta beren bideari ekitea. Horrek kaltetu egin zuen estrategia eta ahuldu egin gintuen, bigarren hondartza garrantzitsuena baita. Zarauzko udalak, horri erantzunez, gure aldarrikapen gehienak onartu zituen, eta Zarauzkoarekin batera, beste udal guztiek ere bai. Ondorioz, Gurutze Gorriak hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zigun, gure aldarrikapenen ildo berean, eta sorosleek onartu egin zuten batzarrean. 

-Borroka honen alderik onena?

-Ikusezina zen sektore bat mobilizatzea lortu dugula, eta langile hauen prekarietatea agerian utzi dugula. Hondartzen arteko elkartasuna ere nabarmentzekoa izan da, oso estua izan baita.

-Alde txarra?

-Txarra ez nuke esango, hobetu beharrekoa baizik. Orain arte sindikalki antolatu gabeko sektorea izanik, eskarmentua falta izan da zenbait egoera kudeatzeko; eta antolaketa ere falta izan zaigu. Datak ere ez dira lagungarri izan. Abuztuan udalak erdizka aritzen dira eta solaskideak aurkitzea ez da erraza izan. Era berean, gatazkaren bilakaera erlojuaren aurkakoa izan da; denboraldiak lau hilabete baino ez du irauten, eta denbora oso gutxi dago eragiteko. Lau hilabete baino ez genituen akordio batera iristeko, eta tartean 8 udal zeuden. Zailtasun horiek guztiak aintzat hartzen ditugunean, gehiago baloratzen dugu lortutakoa.