Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Badaukagu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

Badaukagu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

2014/07/23
Milatik gora lagunek hartu dute parte urtebete iraun duen prozesu honetan; udaren ostean ekimena zabaltzeari ekingo zaio. Lan kolektiboak eta 143 gizarte-eragileren sostenguak gutun honen izaera berritzailea agerian utzi du. Orain beharrezkoa da Eskubide Sozialen karta sozializatzea eta arrazoi ezberdinengatik prozesuan egon ez diren horien ekarpenak izatea.

Gorka Quevedo


Gorka Quevedo "kabiar", ELA prentsa (Artikulu hau Landeia 198 zk.an argitaratu da)


2013ko apirilaren 19a. Hamarnaka sindikatuk eta gizarte eragilek –ELA tartean– greba orokorrerako deialdia egin zuten egun horretan. Hitzordua bost aste barrurako jarri zuten, maiatzaren 30erako. 'Eskubide sozial eta laboral duinak. Por un modelo propio en Euskal Herria' leloarekin galbidera garamatzaten politiken aurrean planto egiteko deia luzatu zioten langile-jendeari. Sistema sozial eta ekonomikoa salatzeaz gain, alternatiben bidean sakontzeko deia ere luzatu zuten. Horretarako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldeko prozesua abian jartzeko proposamena egin zuten.

"Eskubide sozial eta laboral duinak. Por un modelo propio en Euskal Herria' leloarekin galbidera garamatzaten politiken aurrean planto egiteko deia luzatu zioten langile-jendeari"

2013ko maiatzaren 25a. Azken urteetan elkarlanean borrokan ari ziren sindikatu eta gizarte eragile horietako ordezkariak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren lehen Asanblada Nazionala egin zuten Eibarren. Gure eskubideen aldeko borrokan urrats berri eta eraginkorrak ematearen garrantziaren jakitun, gizarte osoaren beharrak aseko zituen ekimen hau lantzeari ekin zioten lehen asanblada horretan parte-hartu zuten lagunek.

Hasieratik argi utzi nahi izan zen prozesu berritzaile honen garrantzia. Hala zioen, hitzez hitz, lehenengo asanblada horretan adostu zen testuak. “Aldarrikatzetik harago, euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea da. Borrokarako tresna baliagarria izateaz gain, alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa garatzeko bide emango digula ziur gaude. Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egindako karta bat da, eta ez elite ekonomikoek erabakitakoa”.

"Aldarrikatzetik harago, euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea da."

2014ko maiatzaren 31a.  Prozesu honek lehen etapa itxi zuen. Egun horretan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta onartu zen Bilbon egindako Asanblada Nazionalean. Adostutako testuaren azken emaitzaz harantzago, argi dago ekimenak bere helburuak bete dituela. Datuak kontutan hartzekoak dira: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 113 herri eta auzotan aurrera eraman den prozesu honetan 1.200 herritar inguruk hartu du parte, eta milaka izan dira egindako ekarpenak. Gainera, Karta eratzeko asanblada eta prozesuak 143 gizarte-eragiletaren sostengua izan du. Bidean, hamaika bilera, asanblada eta batzar.


2014ko ekainaren 14a. Karta egun batzuk lehenago onartu zen arren, aurkezpen publikoa ekainaren 14an egin zen Bilboko Arrupe etxean. Egun handia izan zen. Prozesuan elkarlanean aritutako eragileen ordezkariak elkartu ziren, tartean ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz. Sinadura ekintza sinbolikoa egiteaz gain, egindako lana aztertu eta etorkizunerako erronken inguruan hausnartzeko egun aproposa izan zen.

"Askotan aipatzen dugu posible direla bestelako politikak, beste eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat. Prozesu honekin eredu hori eraikitzen lagundu nahi izan dugu, gizartearen indarrak eta bertan ematen diren borroka ezberdi"

Hauxe da, labur azalduta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ibilbidea. ELAko militante ugarik hartu du parte hiri, herri eta auzo horietan zabaldu den prozesu honetan. Gainera, ELAko batzorde eragileko kide Mikel Noval eta Leire Txakartegi prozesuaren kudeaketaz arduratu diren batzorde ezberdinetan aritu dira buru-belarri: Noval Talde Sustatzailearen kide izan da; Txakartegi, Lantalde Teknikoarena. Biak pozik ageri dira egindako lanarekin. “Azken urte honetan gauzatutako prozesu horizontal eta parte-hartzaileak izaera berezia ematen dio Karta honi. Honek bestelako zerbait bihur-    tzen du prozesu hau, hori da benetako zilegitasuna ematen dioena. Karta sinatu dugun sindikatu eta eragile guztien zerrenda ikusi besterik ez dago”.


Alternatiba izatekoa asmoa. ELAko ordezkari hauek azpimarratzen dutenez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jendeari alternatiba bat eskaini nahi dio. “Askotan aipatzen dugu posible direla bestelako politikak, beste eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat. Prozesu honekin eredu hori eraikitzen lagundu nahi izan dugu, gizartearen indarrak eta bertan ematen diren borroka ezberdi
“Demokrazia parte hartzailean oinarritutako eredu politiko bat behar dugu, herritarrak antolatzera eta erabaki politikoetan aktiboki parte hatzera bultzatuko dituena. Sinetsita gaude Karta honen edukiak ezarriko balira Euskal Herrian bizi garen herritarron bizi baldintzak nabarmen hobetuko liratekeela. Egungo egoera irauli nahi dugu, alternatiba izan. Prozesu honekin administrazioak herritarron gehiengo zabalaren interesak aseko dituen politikak egitera behartu nahi ditugu”.

"Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ez da testu hutsa, bestelako gizarte justuago bat eraikitzeko borrokan tresna eraginkorra izan nahi du"

Eta, orain, zer? Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak lehen fase bat itxi besterik ez du egin. Orain gauzarik garrantzitsuena geratzen da: gehiengo sozialaren nahiak eta helburuak batzeko xede izan duen ekimen honen sozializazioa. “Hori izango da hurrengo erronka, denon artean egin dugun Karta hau lau haizeetara zabaltzea. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ez da testu hutsa, bestelako gizarte justuago bat eraikitzeko borrokan tresna eraginkorra izan nahi du. Prozesu luze baten lehen fasea besterik ez dugu bete”.
“Egungo eredua aldatzea posiblea da, borondate politiko kontu hutsa da. Helburua lortzeko orain artekoarekin apurtu eta proposamen politiko berri bat egiteko ausardia izan behar da. Gero eta masa kritiko gehiago izan errazagoa izango da. Karta Soziala erakunde ezberdinak interpelatzeko tresna bat da, ezartzen ari diren politikak alda ditzaten. Soilik gizarte mobilizazioaren bidez irauli ahal izango dugu egungo eredua”, azaltzen dute Mikel Novalek eta Leire Txakartegik.


Prozesua zabaltzearen beharra. Asko izan dira prozesuan parte hartu duten pertsonak eta erakundeak. Datuak, kronika honen hasieran jaso ditugu, oso adierazgarriak dira. Baina ELAko ordezkariek azpimarratzen dutenez, funtsezkoa da dinamika are eta gehiago zabaltzea. “Batetik arrazoi ezberdinengatik prozesuan egon ez diren horien ekarpenak nahi ditugu. Sinetsita gaude prozesu honen lehen fasetik kanpo geratu diren askok eta askok lekua dutela”.
“Udararen ostean, –amaitzen dute– Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bigarren faseari ekingo diogu. Espero dezagun orain arte elkarlanean egindako bide honek merezi duen segida izatea”. Hurrengo Landeia-tan, noski, izango duzue horren berri.