Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Autoritarismoari mozorroak eranzten

Autoritarismoari mozorroak eranzten

2019/04/03
Indar faxista eta autoritarioen gorakadaren aurrean ezinbestekoa da faxismoa zer den eztabaidatu eta hausnartzea, bere sakonean ezkutatzen diren alderik ilunenak argitara ekarri eta horrela, faxismo zaharrek eta berriek partekatzen dutena ikusi ahal izateko.

Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz Fundazioa (testu hau Gai Monografikoak 56-aren sarrera da)

Bilduma honen lehen atalek helburu horri heldu diote: faxismoaren soslaiak irudikatu nahi izan ditugu eta XXI mende honetan zein gorputz eta itxura hartzen duten perfilatzeko.

Eginkizun honek derrigortu gaitu demokraziaren mozorroa jantzita duten hainbat indar politiko larrugorritu eta agerian uztera.

Tamalez, ez dugu ultraeskuineko alderdi berrien beharrik ere, politikagintza autoritarioak identifikatzeko

Izan ere, mundu zabalean ditugun muturreko autoritarismo esperientziak aztertzearekin batera, hain muturrekoak ez diren bestelako kasuak taxuz identifikatzera garamatza. Ultra eskuineko alderdi berri eta ez hain berrien gorakadak, ekarri du posizio zentralagoetan kokatu izan diren indar politikoen jarrera eta jokaldiek geroz eta kutsu autoritarioagoa izatea. Muturrekoak diren esperientziek (Bolsonaro, Trump, Orban..) zelai politikoa gaiztotzen dute: lehen irudikaezinak ziren jarrera, iritzi eta ekintza antidemokratikoak ernatzea dakar. Bestela esanda, lehenago larriak ziren ankerkeri eta basakeriak orain lasaitasunez praktikan jarri ahal izatea ekarri du, beti ere demokraziaren mozorroa erantzi gabe.

Europan eta bereziki Europako Batasunaren baitan, estatu frantses eta espainolean, ez dago ultraeskuineko muturrean kokatzen diren alderdiei erreparatu beharrik alarmak pizteko. Fronte Nazionala edota Vox alderdiekin tematu gaitezke, baina herrialde hauetan beste indar politiko batzuek areagotu dituzten jarrera autoritarioek alerta jo behar digute.

Bilduma honen hirugarren eta laugarren atalak horren inguruan antolatu ditugu. Ezinbestekoa baita Euskal Herrian eta bereziki Hegoaldean, kutsu autoritario duen politikagintza nola mamitzen den ulertaraztea. Tamalez, ez dugu ultraeskuineko alderdi berrien beharrik ere, politikagintza autoritarioak identifikatzeko.

Wu-Ming izeneko italiar idazleen taldeak, bereziki landu du Italiako kasua. Wu-Mingen arabera, faxismoa etengabe arazo eta soluzio faltsuak fabrikatzen dituen gailua da. Aurkari faltsuak identifikatzen ditu, errudun faltsuak seinalatzen dizkigu. Faxismoa indargune sozialen jabe egiten da, ezkerreko indar eraldatzaileak desjabetuz. Faxismoak eskaintzen dituen soluzio faltsuekin arazo errealak are gaitzago bihurtzen dira eta gainera, aliatuta egon beharko luketen indarrak urrundu eta banatu egiten ditu.

Hala, azken atalean faxismoaren aurkako borrokan aintzat hartu beharreko aliantza posibleak balioan jarri ditugu. Kapitalismoak, neoliberalismoak eta autoritarismoak are gehiago zapaltzen dituen haiexek identifikatu beharra dago: generoa, jatorria eta klasearen arteko intersekzioa, alegia.

eminismo eraldatzailearen potentzialak berebiziko pisua dauka azken atal honetan: olatu feministaren goraldiak bat egin du denboran oldarraldi autoritarioarekin, ez modu kasualean. Baina feminismoarekin batera, erresistentzia antolatzeko orduan aintzat hartu behar ditugu derrigor, klasea, jatorria, eta ingurumena.

Gurean ere, feminismoak, kontrabotereko sindikalgintzak, mugimendu ekologistak, xenofobiaren aurka borrokatzen duten mugimenduek elkarren eskutik joan beharra dugu bide honetan.

Erresistentzian sinisten dut,
itzalik gabe argirik ez dagoela
sinisten dudan modu berean.
Edo hobe esanda, ez dago itzalik,
baldin eta argirik ere ez dagoen.
Margaret Atwood