Austeritatearen kontra eta justizia klimatikoaren aldeko borrokak nola lotu

2016/01/08
STOPclimateCrimes.jpg
"Gizateriak egun hainbat krisiri egin behar dio aurre, larriak eta desafio handiak jartzen dizkiotenak: ekonomikoa, soziala, politikoa, elikagaiena, eta azkenik -aurrekoak bezain garrantzitsua den arren- klimaren krisia, planeta honetan milioka pertsonaren biziraupena bera mehatxupean jartzen duena. Krision jatorrian antzeko zergatiak daude, eta gure sistema ekonomikoaren erdigunearekin dute zerikusia. Sortutako interes indartsuak daude tartean. Horregatik, interes kontrajarrien arteko borroka bat dugu hau.

Asbjorn WahlAsbjørn Wahl, ITFko Klima Aldaketari buruzko Lantaldearen burua

Mundu guztian jendea antolatzen eta borrokatzen ari da krisiaren ondorioen aurka. Sindikatuak borroka askotan oso inplikatuta daude, batia beste mugimendu asko ere; hauetako batzuk arlo batean dihardute, eta beste batzuk, berriz, mugimendu sozial zabalagoak dira. Gero eta argiago, gure gizarte-eredua, gure ekoizteko eta kontsumitzeko modua, zalantzan jartzen ari da. Krisi hauetatik irteteko sistema aldatu beharra dago, eta hau lortzeko ezinbestekoa da gizarteko botereen arteko oreka zeharo desberdina. Horrek helburu bat definitzen digu, mugimendu eta borrokak bateratzea, batik bat austeritatearen aurkako borroka eta klima aldaketaren ingurukoa. Hau izango da aztertuko dudan gaia.

COP prozesuaren porrota

Austeritate politikaren oinarria klase-borroka da; honelako politikak ongizate-estatua suntsitzeko, ondasun eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta mugimendu sindikala azpiratzeko ezartzen dira

Gobernuak hogei urtetik gora daramate negoziatzen (gutxi gorabehera 1992an Rion izan zen Goi-Bileratik hona) klimaren krisitik salba gaitzaketen erabakiak hitzartze aldera. Alabaina, hogei urte luzeotan ez da behar genuena, hots, berotegi efektuko gasen (BEG) murrizketa, gertatu, kontrakoa baizik. Isuriak asko gehitu dira, %60tik gora 1992tik aurrera. Garraioaren isuriak %120 hazi dira azken 30 urteotan, eta oraindik ere mundu guztian zehar gora egin dute, ekonomiako beste sektore batzutan egindako murrizketak baino azkarrago gainera.

Berotze globalak izango dituen ondorio katastrofikoak kontutan izanik, zer dela eta ezin izan dituzte gure gobernuek BEG isuriak gutxitzeko hartu beharreko erabakiak adostu, egingarri eta errealistak izanagatik ere? Ez da izango irtenbiderik ez dagoelako. Klimaren krisia ekidin daiteke. Badugu horretarako behar den jakintza eta teknologia. Beste zerbait falta da, berotze globala geldiarazteko neurriak gauzatzeko behar den botere sozial, politiko eta ekonomikoa. Bestela adierazita, botere auzi bat da.

Haatik, berotze globala geldiarazteko botere sozial, politiko eta ekonomiko hori ez da agintean dauden eta petrolio korporazio eta finantza handiak kontrolpean dituzten elite ekonomiko eta politikoetatik etorriko. Sindikatu, gizarte-mugimendu, talde ekologista eta bestelako eragileek behetik eragindako presio gogorra da klimaren katastrofetik salba gaitzakeen erremedio bakarra.

Interesen norgehiagoka

Sortutako interesetaz ari gara, eta munduko korporaziorik boteretsuenak ditugu aurrez aurre; hauek beren interesen esanetara politiko neoliberalen armada dute. Munduko 10 enpresa handienetatik 7 petrolio industrian daude. Enpresa hauek duten botere guztia ari dira baliatzen beren interes ekonomikoen kaltetarako izan litekeen politikak saihesteko. Botere ekonomiko eta politiko izugarria dute. Politikoak salgai daudenean erosi egiten dituzte. Gobernuek edo erregimenek beren botereari aurre eginez gero, enpresa hauek paretik kentzen dituzte. Etab.

Borroka soziala klima aldaketaren borrokarekin bateratu behar dugu: bere erroan dauden zergatiak, zein horiei aurre egiteko neurriak berdinak dira

Aspaldi honetan bizi ditugun krisi ekonomiko, sozial eta politikoen efektuak ere interesekin lotutako beste lehia bat dira; ez da zaila interes desberdinak identifikatzea. Mundu guztiko langileek krisiaren aurkako borrokan dihardute: enpleguaren alde, lanpostu eta soldata duinak izateko, gizarte-babesaren alde, langabeziaren kontra, beren komunitateak hobetzeko, beren eta senideen bizimodua defenditzeko… Krisi hauetan ezarritako politika asko austeritate politikak izan dira. Austeritate politikak ez dira, batzuk esaten duten moduan, “gehiegi puztutako zerbitzu publikoetan beharrezko diren murrizketak”, ezta “langileen soldatak lehiakor izan daitezen egindako doikuntza” ere. Austeritate politikaren oinarria klase-borroka da; honelako politikak ongizate-estatua suntsitzeko, ondasun eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta mugimendu sindikala azpiratzeko ezartzen dira. Azken helburua da inbertsioaren etekina hobetzea. Hau da mundua gidatzen duen klase arteko gerraren lerro nagusia.

Krisi sistemikoak

Klima aldaketa edo hondamendiaren aurkako borroka ez da mugimendu sindikalak bere gain hartu behar duen beste borroka bat gehiago, austeritatearen aurka egiten denaren gainean egin beharrekoa. Aitzitik, borroka horren beraren zati bat da, eta gero eta areago izango da. Klima aldaketa gelditzen ez bada, edota 1,5-2,0 gradu zentrigradura mugatu ezean (hau gure esku dago azkar eta kementsu ekinez gero), lanpostuak akabatuko dituen lehen arrazoi bilakatuko da. Komunitateak suntsituko ditu, baita milioika lanpostu ere, eta egundoko gainbehera soziala eragingo du. Aberastasuna areago birbanatuko du behetik gora, pobrezia zeharo zabalduko du eta maila ezezaguneko migrazio-krisiak ekarriko ditu. Horrenbestez, klima aldaketa suntsigarri bat ekiditeko borroka beste baten atala dugu, nahi dugun gizarte mota lortzeko interes-klaseetan oinarritutako borrokarena.

Krisi ekonomikoa zein klimarena krisi sistemikoak dira. Bien erroak sistema ekonomiko berean dautza. Sistema honen helburua etekinak lortzea da, ez balio erabilgarriak. Sistema honentzat ezinbestekoa da hazkunde ekonomikoa (hazten ez den kapitalismoa krisian dago). Langileak esplotatu eta baliabide naturalak gehiegi ustiatzen dituena. Krisiz jositako sistema ekonomiko bat da, eta behin eta berriz sortzen ditu langabezia masiboa, pobrezia eta miseria. Orain lurra bera ere datozen belaunaldiak bizitzeko moduko leku gisa ere suntsitzekotan da.

Jabego publikoa eta kontrol demokratikoa

Hau geldiarazteko sarri entzun dugu egunotan lehenbailehen ekin behar diogula, eta indarrez. Berotze globalean atzera egitea ezinezko egingo lukeen 2 gradutara ia iritsi gara. COP prozesuaren hogei urteotan ikusi dugu petrolio korporazio handiek, finantza-erakundeek, gobernu neoliberalek eta merkatuaren indarrek ezin izan dituztela arazo hauek konpondu. Ezta krisi ekonomiko sozialak ere. Kontrara, beren botere guztia mobilizatzen ari dira etekinak lortzeko lehia itsua mugatuko lukeen edozer ekiditeko. Ondorioak, austeritate areagotua eta berotegi-efektuko gas isuri handiagoak.

Beraz, erronka hauei erantzuteko modu bakarra korporazio eta erakunde boteretsu hauek kontrol demokratikopean jartzea da. Horretarako izugarrizko indar sozial eta politikoa mobilizatu behar da. Bakarrik egingo duenik ez dago: ez mugimendu sindikala, ez mugimendu ekologista, ez bestelako gizarte-mugimendu sektorialak… Inoiz baino areago gizarte-mugimenduen arteko aliantza zabalak eratu behar ditugu, borroka honetan norabidea aldatzekotan bagara bederen.

Borroka soziala eta klimatikoa bateratu

Mugimendu sindikalak borroka honetan funtsezko eginkizuna izan beharko du, gizartean duen kokapen estrategikoa medio. Halere, zintzo juzkatuz gero, aitortu beharra dugu orain arte mugimendu sindikalak krision aurka ez duela nahikoa ardura bere gain hartu. Sindikatuak mundu guztian defentsiban daude. Horretarako arrazoiak badira, baina gaur ez ditut xehetasun handiz aztertuko (halere, uste dut bilera hauetan, baita sindikatuek antolatutako batzarretan ere gehiago jorratu behar zela gai garrantzitsu hau). Hori ere lagungarri izango zatekeen “bidezko trantsizioa” delako horretatik haratago joateko, eta hori lortzeko estrategiei gehiago erreparatzeko.

Dena dela, gaur aurrean ditugun eginbeharrak nire ustez argi asko agertzen dira. Borroka soziala klima aldaketaren borrokarekin bateratu behar dugu: bere erroan dauden zergatiak, zein horiei aurre egiteko neurriak berdinak dira. Aliantza zabalak eratu behar ditugu, gizarteko botere-oreka aldarazteko indar nahikoa lortze aldera. Gure ekonomiako sektore estrategikoak kontrol demokratikopean izango diren jabego publiko bihurtzea izango da borroka horren oinarrizko atal bat. Klima aldaketaren borrokan lehen lerroan dago energia-sektorea. CO2 isuriak guztiz lotuta daude energiarekin; sektore hau ez bada kontrol demokratikopean jartzen ez dago beharrezko eraldatzeak lortzeko modurik, ez behar bezain sakon eta azkar.

Behetik eragindako presio gero eta handiagoa!

Austeritatearen kontrako borrokak agerian uzten du jabego publikoaren eta beste arlo batzutako kontrol demokratikoaren beharra; zerbitzu publikoen defentsan, baita pribatizatutako ondasun eta zerbitzu publikoak berriro kontrol demokratikopean jartzeko borrokan ere. Klima aldaketaren eta austeritatearen aurkako borroka ezin dira abstraktuegiak eta zabalegiak izan. Borroka hauek arazo konkretuei egin behar diete aurre eta langileen eta pertsonen eguneroko bizimoduan irtenbideak eskaini. Borrokak bateratu eta zabaldu egin behar ditugu; hala erakusten digute esperientziek. Sindikatu gehienak ari dira gaur nolabaiteko austeritatearen aurkako borrokaren batean. Halaber, gero eta sindikatu gehiago ari da benetan atxikitzen klima aldaketaren kontrako kanpainari. Zenbait ekimen, esaterako Demokrazia Energetikoaren aldeko Sindikatuak (TUED) eta Enplegu Klimatikoen sare Globala, aurrerapauso handiak izan dira. Orain borrokarako prest dauden koalizio handiak behar ditugu, agenda erradikalagoa, militantzia handiagoa eta, horrekin batera, behetik eragindako presio gero eta handiagoa.