Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Aurrekontuak, minimalismoak eta pedagogia

Aurrekontuak, minimalismoak eta pedagogia

2018/12/14
Aitortu behar dut EAEko aurrekontuen inguruan EAJ eta EH Bilduren artean antzeztu duten tragikomediak nekatzeaz gain, goibeldu eta etsi ere egin nauela. Aldiro berdin egiten duen arren, oraindik ere asaldatu egiten naiz urtero zerbitzu publiko eta behar sozialei pisua kentzen dieten aurrekontuak, aurrekontu sozial moduan saltzeko EAJk duen gaitasunarekin.

Xabier Irastorza Garmendia, Manu Robles-Arangiz fundazioa.

 

Aitortu behar dut EAEko aurrekontuen inguruan EAJ eta EH Bilduren artean antzeztu duten tragikomediak nekatzeaz gain, goibeldu eta etsi ere egin nauela.

Aldiro berdin egiten duen arren, oraindik ere asaldatu egiten naiz urtero zerbitzu publiko eta behar sozialei pisua kentzen dieten aurrekontuak, aurrekontu sozial moduan saltzeko EAJk duen gaitasunarekin.

Benetako eztabaida politiko-soziala aurrekontuetan 20 edo 200 milioi euro gehiago egongo diren ala ez eta hauek nora joango diren al da? Zein da horren atzean ezkutatzen den estrategia politikoa?

Erabateko ofentsiba neoliberal eta estatalizatzaile baten testuinguruan benetako eztabaida politiko-soziala aurrekontuetan 20 edo 200 milioi euro gehiago egongo diren ala ez eta hauek nora joango diren al da? Honen baitan aurrekontua batzuk sozialak ala Confebasken zerbitzurakoak al dira? Zein ikuspegi ideologikoren baitan egiten da hausnarketa hau? Zein da horren atzean ezkutatzen den estrategia politikoa? Eta zein pedagogia politiko, ekonomiko edo sozial dago horren atzean?

2009 geroztik EAEn sortu dugun aberastasuna 14.000 milioi eurotan hazi da %21. Hazkunde horren zatirik handiena, ordea, enpresa irabazi eta kapital errentetara joan da. Aldiz, lan-errentek pisua galdu dugu aberastasunaren banaketan. 2009az geroztik 2.000 milioi, alegia.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoa ere hazi da 2009tik, %10, hain zuzen ere. Hazkunde hori, ordea, ia bere osotasunean, zorraren ordainketara, hau da, nagusiki bankuen erreskatea finantzatzera, joan da. Izan ere, 2009an jaurlaritzak zorra ordaintzera 84 milioi € bideratu bazituen, 2018an 1.263 milioi € bideratu zituen. %1510 gehiago!!!

Oinarrizko zerbitzu publiko eta prestazio sozialetara bideraturiko aurrekontua, murritzagoa izateaz gain, nabarmen deskapitalizatzen ari da.

Oinarrizko zerbitzu publiko eta prestazio sozialetara bideraturiko aurekontua, ordea, murritzagoa izateaz gain, nabarmen deskapitalizatzen ari da. Sortzen dugun aberastasunarekiko hezkuntzak 0,8 puntu galdu ditu 2009 geroztik, 598 milioi €, alegia. Eta gure hezkuntza inbertsio publikoa Europako azken murturrean dago. Europako herrialdeen bataz-besteko hezkuntza inbertsio publikora iristeko, jaurlaritzak 925 milioi € gehiago bideratu beharko lituzke hezkuntzara.

Osasun inbertsio publikoak 2009tik 0,5 puntu galdu ditu sortzen dugun aberastasunarekiko, 400 milioi €. Eta honetan ere Europako azken murturrean gaude. Europako herrialdeen bataz-besteko osasun inbertsio publikora iristeko 1.895 milioi € gehiago bideratu beharko genituzke osasungintzara.

2019rako LGS 900€tan kokatuko denez gutxieneko DBE hilean gutxienez 924€ izan beharko litzateke. 1.050€ hilean bakarrik bizi diren pentsiodunentzat. Horixe da 51.000 sinaduren babesarekin Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko Herri Ekimen Legegilean eskaturikoa

Prestazio Sozialetan ere murrizketak nabariak dira. Kasu honetan, baita legearen aurka ere. Patxi Lopezen gobernuak, gure gizartean diru-sarrerarik txienak dituzten pertsonak babesteko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta %7an murriztu zuen, PSE-EE eta EAJren gobernuek urte luzez izozturik mantendu dute eta, 18/2008 legeak dioenaren aurka, ez da Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren baitan eguneratu. 2019rako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 900€tan kokatuko denez gutxieneko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta hilean gutxienez 924€ izan beharko litzateke. 1.050€ hilean bakarrik bizi diren pentsiodunentzat. Horixe da hain zuzen ere 51.000 sinaduren babesarekin Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko Herri Ekimen Legegilean eskaturikoa. Erabat kontrako bidean, EAJren hasierako aurrekontu proposamenak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta legeak dioena baino %28,7 gutxiagoan ezarri nahi zuen.

Honi gehitzen zaio, azken urte luzeetan gure gizarteko oinarrizko zerbitzuak eta beharrak asetzen lan egiten duten langile publikoen soldatetan eta lan-baldintzen jaurlaritzak ezarri dituen murrizketa bortitzak. Langile publiko bakoitzari bataz-beste, 35.000€ inguru kendu dizkio azken 10 urtean, guztira 3.500 milioi euro inguru.

Eta hau guztia gutxi balitz, enpresa irabaziei eta errenta altuenei milaka milioi euro oparitu eta oinarrizko beharrak asetu eta hobetzeko diru-bilketari uko egiten dion zerga sistema ezarri digute. Hain zuen ere, Europako herrialdeen bataz-besteko diru-bilketa egingo bagenu, eta enpresa irabazi eta errenta altuenei proportzio bereko zergak ezarri, 6.000 milioi euro gehiago izango genituzke oinarrizko beharretara bideratzeko. Hori iruzur fiskalagatik enpresa eta aberatsenen boltsikoetara doazen 3.500 milioi euro kontuan izan gabe.

Eta hau guztia, muturreko ideologia neoliberalaren baitan egin bada ere, autogobernuaren azken ondarrak txikitzen dituen Espainiar Gobernuaren aginduei men eginez egin da. Hau da, zorraren ordainketa oinarrizko behar sozialak asetzearen gainetik ezartzen zuen konstituzioaren 135. artikuluaren erreformari men eginez eta aurrekontu publikoak mugatu eta deskapitalizatzea helburu duten Madrilen gastu-arau eta defizt muga onartuz.

Maximalismotik urrun, proposamen minimalistak dira. Hauei ere uko egin behar al diegu? Zeren truk? Akordioak egiteko gaitasuna dugula erakustearen ordainetan?

Pairatzen ari garen tamainako erasoaren aurrean aurrean ez legoke soberan proposamen komunista, sozialista edo boltxebikeren bat egitea, baina azalduriko datuak neoliberalismo zorroztean mugitzen den Europako herrialdeen bataz-bestekoaren baitakoak dira. Eta hala ere, beraietatik izugarri urrun aurkitzen gara. Maximalismotik urrun, proposamen minimalistak dira. Hauei ere uko egin behar al diegu? Zeren truk? Akordioak egiteko gaitasuna dugula erakustearen ordainetan? Ez al dira hauek, hain zuzen ere, jendartea aktibatu eta Euskal Herrian bestelako jendarte bat, bestelako egituraketa politiko, ekonomiko eta sozial bat gauzatzeko oinarrizko lanabesak? Ez al dira hauek burujabetza gauzatzeko oinarrizko osagaiak? Ez dakit nik sindikatu, mugimendu eta eragile sozial eta ezkerreko alderdi politikoek hemen azalduriko diferentziei eta tamainako erasoari aurre egiteko moduko indar harremanik badugun, baina iparra ez galtzeko, erreferentziak garbi adierazteko, pedagogia egiteko eta horren baitan indar-harremanak ehundu eta sendotzen ahalegintzeko ezinbesteko beharra dugulakoan nago.

Honekin lotutako dokumentuak:

- Azterketak 38EAE eta Nafarroako aurrekontuak 2019: hamarkada galdua

 

 

 

- Azterketak 37Hego Euskal Herriko zerga sistema eta aurrekontuen azterketa