Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Astrid Agenjo eta Cristina Carrasco: “Ekonomia feminista erabateko apurketarako pentsamendu bat da”

Astrid Agenjo eta Cristina Carrasco: “Ekonomia feminista erabateko apurketarako pentsamendu bat da”

2014/02/26
Urriaren 3, 4 eta 5ean 300 pertsona inguru interes amankomun batekin elkartu ziren Carmonan: Ekonomia feministari buruz hitz egitea. Ezagutza teoriko eta praktikoa, elkarrizketa bidez, akademian eta beste hainbat lekutan nola eraikitzen den erakusteko leku bikaina. Ekonomista antolatzaileetako birekin hitz egin dugu, Astrid Agenjo Calderón, hasi berria, eta Cristina Carrasco, beteranetako bat.

Martxoak8_eskuorria


Hitzaldia: Martxoak 7, 10:00etan, Nafarroako antzerki eskolan. Egitaraua ikusteko hemen klikatu.

Hizlaria: Astrid Agenjo Calderón, Ekonomian lizentziatua, Nazioarteko ekonomia feministaren elkarteko kide.



Soraya Gonzalez Guerrero, Diagonal-en argitaratua 2013/11/07

Zer ekarpen egiten du ekonomia feministak krisia ulertu eta alternatibak bilatzeko?

CRISTINA CARRASCO: Ekonomia feminista mahai gainean jartzen ari dena da sistemarekin erabat apurtuko duen pentsamendu bat. Kapital eta bizitzaren arteko oinarrizko kontraesanaz hitz egiten dugunean, baliabide eta pertsonen esplotazioan oinarritutako kapital metatzeaz jarduten dugunean, guztia birplanteatzen ari gara. Ikuspuntu amankomun franko ditugu ekonomia ekologistarekin, ekonomia naturan eta zaintzan oinarritzen dela diogu. Aldarrikatzen duguna da ekoitzi eta kontsumitzeko moduen aldaketa eta gizakiaren erreprodukziorako beharrezko diren lanen banaketa.

ASTRID AGENJO: Sistema ekonomikoaren osotasuna da zalantzan jartzen duguna, sistema kapitalista heteropatriarkala, arrazista eta koloniala. Metaketaren logikak bizitza erasotzen du esparru guztietan eta erantzuna ezin da bakarra izan. Horrek dakar begirada asko partekatzeko beharra, akademiatik haratago, akademian gauzak bakardadean egiteko joera baitago. Ezagutza eta ekintza amankomuna eraiki behar dugu, aniztasunetik, elkarrekin.

Zein balorazio egiten duzue akademia eta aktibismoaren arteko artikulazioaz?

C.C.: Aurreko kongresuetan ematen zen artikulazio hau, nahiz eta esplizituki ez izan. Akademiako emakumeak inoiz ez gara gehiengoa izan, beti jende oso desberdina etortzen zen. Baina kongresu hau esplizituki hala antolatu zen. Gainera ez gara akademikoak soilik, Bartzelonatik gatozenak Ca la Dona gizarte zentroan aritzen gara.

"Ekonomia feminista mahai gainean jartzen ari dena da sistemarekin erabat apurtuko duen pentsamendu bat"

Nire ustez akademiak libreki pentsatzeko aukera gutxiago dauka, mugimenduetatik pentsatzeko gaitasun handiagoa dago. Baina akademian pentsatzeko ordaintzen digute, horregatik dugu denbora gehiago gauzak antolatzeko. Uste dut hartueman ona dagoela akademia eta aktibismoaren artean. Ea hala den beti.

A.A.: Kongresu honen antolakuntza engranajean egon diren lau batzordeak ez dira konpartimentu isolatuak izan, elkarrizketa eta tentu handia izan dugu ez zitezen mahai paralelotan gai desberdinei buruzko gaiak jorratu. Nik ez dut beste era batera ikusten. Ezagutza eta ikasitakoak kalera jaitsi behar dira. Esperientzia gisa kontatu dezakedana da Setas Feministas taldea (Sevillako M15etik jaiota) azokara atera ginela emakumeei galdetzera krisiak beraiengan zuen eraginaz, eta pentsatu gabe ekonomia feministaren praktika indartsu bat egiten ari ginen, emakumeek ez baitzuten krisiak beraiengan zuen eraginaz hitz egiten. “Nik bizitza guztia krisian daramat eta”, esaten ziguten. Azken finean, kalea da eguneroko bizitza kudeatzen den lekua.

"Aldarrikatzen duguna da ekoitzi eta kontsumitzeko moduen aldaketa eta gizakiaren erreprodukziorako beharrezko diren lanen banaketa"

Eta unibertsitatean, zer nolako onarpena du ekonomia feministak? Nork markatzen du agenda?

C.C.: Akademian ez digute jaramonik egiten, lortu ditugun apurrak esfortzu handien fruituak izan dira. Hor dabiltzan emakume askok kontu askori uko egin behar izan diote. Ekonomia feministan katedra bat lortzea ezinezkoa da, baina ez dut uste hori denik gure lehentasuna. Zenbait ikasgai lortu ditugu, baina beti hautapenezkoak. Masterretan errazagoa da. Baina ekonomian zailagoa, eta are gehiago orain ekonomia neoklasikoak akademia osoa menderatzen duen honetan. Ikerketa gaiak? Egin ditzakegunak, ez dago finantzazio bide argirik. Emakumearen Institututik finantzazioa ateratzen denean eskatzen dugu eta bakoitzak bere lan ildoarekin jarraitzen du (politika publikoak, aurrekontuak, lana, estatistiken azterketak beste ikuspegi batetik, hor dezente egin dugu aurrera). Badaude finantzatuak diren gaiak sistemarekin apurtzaileak ez direlako: kontziliazioa, berdintasuna... partxe txikiak dira. Guk ekonomia feminista ulertzen dugun moduan planteatzen badugu oso zaila da diru laguntzarik jasotzea.

"Azokara atera ginen emakumeei galdetzera krisiak beraiengan zuen eraginaz, eta pentsatu gabe ekonomia feministaren praktika indartsu bat egiten ari ginen"

A.A.: Nik interes handia sumatzen dut ekonomia feministak akademian egiten duen lanarekiko. Seguruenik testuinguruak laguntzen du. Nire tesia orain bi urte hasi nuen, beka bat daukat zorionez. Baina ikusten dut geroz eta emakume gehiagok sartzen dutela ekonomia feminista beren tesietan, mugimenduetan duten esperientziarekin nahastuz eta diru laguntzarik jaso gabe. Bai, gauzak egiten ari dira. Hainbestetan aipatzen dugun sareen eraikuntza egi bihur daiteke. Ni Ep&Do behatokian nabil, Pablo Olavide Unibertsitateko 20 ikerlari eta irakasle gara, eta gure esperientziak batu ditugu indarra egiteko. Ikuspegi akademikoagoa dauka, baina beti begiratzen dio trebakuntza eta mugimenduetan parte hartzeari. Abiapuntua besterik ez da, baina gogo askorekin gabiltza.

Kongresu honetan belaunaldien arteko elkarrizketa bat eman da, eta hori azpimarratzekoa da. Batzuetan beteranoenak beren lubakietan sartzen dira, eta ez dute nahi gazteak gauzak eztabaidatzera etortzea. Horrek zailagoa egiten du elkarrizketa, erreleboa.

C.C.: Tartean oso ongi funtzionatu ez zuen belaunaldi bat egon zen. Baina orain jende gazte asko dago, ideia ugarirekin. Guk 30 urtetako esperientzia ematen dugu eta beraiek belakiak bezala dira. Gainera beste modu batera pentsatzen duten mugimendu berrietan dabiltza, akaso apurtzaileagoak dira. Orain unibertsitateetan ez dagoenez apenas plazarik, gazte jende askok bizitza unibertsitatetik kanpo bilatzen du. Denbora bat pasata jende gehiago egongo da kanpoan akademian baino, kontua da ekonomia feministaren pentsamenduak aurrera egitea. Hau akademiatik kanpo emango da. Nola? Ez daukat ideiarik, belaunaldi bakoitzak bere mekanismoak bilatuko ditu.

A.A.: Oso ongi hartua sentitu naiz, beste bat gehiago banintz bezala. Ez dut uste pulpiturik dagoenik, benetako elkarrizketa ari da ematen.