Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Argindarraren merkatua, elektriken negozioa

Argindarraren merkatua, elektriken negozioa

2018/11/06
Argindarraren prezioaren etengabeko gorakada arazo bat bilakatu da gizartearen gehiengoarentzat. Argindarraren prezioa urteko maximora heldu da irailean, 75,93 euro orduko megavatioa (MWh). Gainera, 2017an Estatu espainiarrean argindarraren prezioa Europako altuenetakoa izan zen zergak kontuan izanez eta are altuagoa kontuan izan gabe. Honen eragina honakoa izan da: fakturei aurre egin ezin izateagatik 4,6 miloi pertsona dira jada pobrezia energetikoa sufritzen ari direnak Estatuan.

Egoeraren Azterketa 136Artikulua Egoeraren Azterketa 136en argitaratu da

Doktrina dominanteak prezioen gorakada justifikatzeko erregai fosilen kostu handiak eta CO2 emisio eskubideen izugarrizko garestitzea (urte honetan hirukoiztu egin da) jartzen ditu erantzule gisa. Baina gure iritziz, arazoa ez da koiunturala, arazo sistemiko bat da 1998an duena jatorria, sektorearen liberalizazioa eman zen urtean.

1997 urtea izan zen sektore elektrikoak liberalizazio prozesuari ekin zionean Europar Batasunaren markoaren barnean. “Marco Legal Estable” moduan ezaguna zen garaia (1988tik 1997ra iraun zuena), sektorea arau eta legeen bitartez zegoen arautua. Estatuak araututako marko bat zen oinarrian, Estatuak berak gain hartzen zuen ardura sektorea antolatu eta planifikatzeko. MLE garaian tarifa elektrikoa urtero %2,8 erritmoan hazi zen bitartean, inflazioa %4,8an ezarri zen. Hortaz, tarifa elektrikoaren kostu erreala urtero %2 murriztu zen, honela mesede eginez etxeen patrikari.

Sektore elektrikoaren 54/1997 legeak, Estatu espainiarrean sektore honen liberalizazio prozesua abiarazten du, merkatu libreko mekanismoak sartzeko helburuarekin. Garai hartatik aurrera, argindarra oinarrizko ondasun bat izatetik negozioa egiteko produktu bat izatera igarotzen da. Sektorearen pribatizazioaren ostean, hurrengo faktoreak ezarriko dute bukaerako prezioa:

  • Lehenik, bidesariak eta sarrera tarifak daude, sare elektrikoaren sarbide kostuak ordaintzeko fakturaren parte finkoa dira, hau da, hornikuntza puntuetara energia garraiotzeagatik ordaindutako prezioa. %40ko pisua du eta Gobernuak arautzen du, baina Estatuko geografia osoa banatzen duten bost konpainia elektrikok kudeatzen dute eta horregatik irabaziak konpainia hauenak dira. Alde finkoari esker, konpainiak errentagarritasun bat ziurtatzen dute.

  • Bigarrenik, parte aldagarria, handizkako prezio edo pool moduan ezagutua dena. Handizkako merkatu elektrikoa da non komertzializatzaileak hurrengo egunean etxeetan, enpresetan etab erabiliko den energia erosten dute. Bukaerako prezioaren %35eko pisua du eta prestatua dago elektriken diru sarrerak ahalik eta handienak izateko.

  • Azkenik, %25a BEZa eta elektrizitatearen zerga dira.

Jarraian, sektore energetikoaren pribatizazioaren emaitzak aztertuko dira. Horretarako, batetik, erreferentzia modura INEk egindako EPF(Encuesta de Presupuestos Familiares) hartuko da etxeen batez besteko gastua ikusteko. Bestetik, Eurostatek sei hilabetero ematen dituen zifrak, orduko kWh -ren prezioa ikusteko eta Europar Batasunarekin alderaketa egingo da.

EPF datuen arabera, Estatu espainiarreko etxeen urteko batez besteko gastua argiaren fakturan 745,9 eurotan kokatu zen 2017an. 2006 urtetik %63 garestitu da. 2006an, argindarrari bideratutako gastua 457,53 eurotan kokatu zen. KPI, aipatutako urteetan %17,8 igo da, hortaz, elektrizitatearen prezioaren igoera hiru aldiz baino gehiago igo da inflazioarekin alderatuz. Igoera honen ondorioz, etxebizitza askori ezinezko egin zaie ordaintzea argiaren faktura. Kontutan izan behar da, gainera, 2010etik kontsumo elektrikoa etxeetan nabari murriztu dela, oraindik larriagoa egiten duena faktura elektrikoaren areagotzea.

Eurostatek (Europako Estatistika Institutoa) elektrizitatearen batez besteko prezioak kalkulatzen ditu kontsumo banden arabera (bost bizitoki kontsumo). Erreferentzia modura, 2.500 kWhtik 5.000 kWh-ra doan kontsumo banda aztertzea aukeratu dugu, Estatu espainiarrean 2017an etxeen urteko batez besteko kontsumoa 2816,5 kWh izan zelako.

Europar Batasuneko elektrizitatearen batez besteko kWh-aren prezioa 0,2048an kokatu zen 2017ko bigarren erdian. Estatu espainiarrean, prezio hori EBean baino altuagoa izan zen, kostua 0,2177 euro, hain zuzen. Europar Batasuneko seigarren prezio garestiena. Europar Batasunean prezioa 2007tik %30,9 igo zen bitartean, Estatu espainiarreko errealitatea nabarmenki okerragoa da, prezioa %55,5 areagotu zelako urte hartatik.

Lobby elektrikoak eta bere akolitoek behin eta berriz errepikatzen digute gehiegizko zerga dagoela elektrizitatearen fakturan. Ikusiko dugu ea zer dioten estatistikek Europar Batasunarekin alderatzean, eta egia baden edo ez.

Zergak fakturatik baztertzean, Estatu espainiarra Europar Batasuneko hirugarren garestiena da kontsumo banda honetan. Grafikoan ikusi daitekeen moduan, 2017an 0,2177tik 0,0465 zergak ziren Estatuan, hortaz zergek %21,36ko pisua izan zuten. Ordea, EBeko errealitatea oso desberdina da, 0,2048euroetatik, 0,0828 zergak ordaintzera bideratu ziren, proportzio honek (%40,43) Estatu espainiarrekoa bikoizten du.

Zerga gabe, Estatu espainarreko kwhren prezioa (0,1712) Europako batez besteko prezioa (0,122) baino %40 altuagoa izan zen. Aitzitik, zergak %43,9 murritzagoak izan ziren.

Gainontzeko kontsumo bandetan errealitatea ez da oso desberdina, Estatu espainiarrean urteko kontsumo osoko gutxiengo kontsumoa dituzten etxeetan (k<1000 kWh) 0,57 ordaintzen da kWh, Europako batez bestekoa (0,33) baino %72,7 gehiago. Kontsumoa handiagoa denean, Estatuaren eta EB arteko diferentzia murriztu egiten da. 5000 kWh-ko kontsumotik aurrera Europar Batasuneko batez besteko mailara berdintzen da.

Ondorioztatu dezakegu egitura tarifario hau sozialki erregresiboa dela eta neurri askoz handiagoan da Estatu espainiarrean. Batetik, diru sarrera gutxien dituzten etxeek elektrizitate gutxiago kontsumitzen dute, baina prezio garestiago bat ordaintzen dute diru sarrera altuenak dituztenak eta gehien kontsumitzen dutenak baino. Bestetik, elektrizitate gehien gastatzen dutenei saritzen zaie, kontutan izan gabe energia sortzeko orduan ingurumenari egiten zaion kaltea.

Sistema horren emaitza, elektriken mozkinen aregotzea izan da, kontsumoaren eskaera murriztu arren hauek mozkinen gorakada izaten jarraitzen dute. Estatu espainiarreko hiru konpainia handienak, Iberdrola, Endesa eta Gas Natural Fenosak, 5.627 milioi euroko mozkinak izan zituzten 2017an, aurreko ekitaldian baino %3 gehiago. Mozkin horiek izan zituzten exentzio fiskalak aplikatu zizkietelak eta horregatik ez zuten ordaindu apenas zergarik. Gogoratu dezagun egun espainiar estatuan ordaintzen den sozietateen gaineko zergen tipo nominala %25ean dagoela kokatua, hala ere, korporazioek hurrengo kopurua bakarrik ordaindu zuten 2016an. Iberdrolak 43,7 milioi euro ordaindu zituen (mozkinen %3,2); Endesak, 82 milioi (%6,1) eta Gas Natural Fenosak, 84 milioi (%8,5).

Datu hauek ezaguturik, argi geratzen da, pertsonen oinarrizko beharrizanekin jokatuz aberasteaz gain, ordaindu beharko luketena baino nabarmen gutxiago ordaintzen dutela Estatuko kutxei. Urteetan zehar aldatzen joan diren legeek ahalbidetu dute hori, modu batean edo bestean mesedegarri izan direnak konpainia elektrikoentzako. Sektorea liberalizatu duten lege horiek, aipatutako konpainien postuetan bukatu duten buruen alderdiek eraman dituzte aurrera. Laburbilduz, ate birakari famatuak izan dira egoera honetara heltzea lagundu dutenak.

Sistema elektriko baten helburua gizarteak duen energia elektrikoaren beharrizanak asetzea izan beharko litzateke. Horretarako, azterketa bulegotik hurrengoa planteatzen dugu:

  • Soluzioa burujabetza energetikotik igarotzen da. Horretarako beharrezkoa da energiaren sortzea, garraioa eta komertzializazioaren bideak sozializatzea.

  • Gutxien kontsumitzen dutenei mesede egiten dien araututako prezio sistema tarifario bat ezartzea eta ez aldrebes, gutxieneko tarifa bat ezarri bizitzeko minimoa izango litzatekeena.

  • Sistema elektrikoaren aldaketa %100 berriztagarria posible izateko, batetik, alde batera utzi behar dira erregai fosila eta nuklearra, eta bestetik kontsumoaren murrizketa nabarmena eman behar da.