Hemen zaude: Hasiera Artikuluak "AransGin ez gaitu inork sorbalda gainetik begiratuko gehiago"

"AransGin ez gaitu inork sorbalda gainetik begiratuko gehiago"

2017/12/22
2017ko azaroaren 20an AransGiko (Gipuzkoako pertsona gorren familien elkartea) hitzarmen kolektibo berria sinatu zen. Ia bi urteko negoziazioen eta lan handiko azken hilabete konplikatuen ondoren hobekuntza nabarmenak jasotzen dituen akordioa ixtea lortu da: hobekuntza ekonomikoak eta eduki esanguratsuak, hitzarmenak lan erreforma AranGitik kanpo uzten baitu. Elkarte honetan 34 pertsonek egiten dute lan, eta gorrekin lan egiten duten sektore feminizatua denez, lan baldintza bi aldiz prekarioak zituzten.

Hona hemen ELA-Gizalanek Donostian duen arduradun Txomin Lasak egiten duen irakurketa:

  • Hitzarmenaren iraupena 2016ko urtarrilearen 1etik 2019ko abenduaren 31ra.
  • Eros ahalmenean galdutakoaren zati baten berreskurapena 2013, 2014 eta 2015eko KPI berreskuratuz, atzeraitzulpenik gabe.
  • Soldata igoera KPI + %1 2016, 2017, 2018 eta 2019 urteetan.
  • Justifikatu behar ez den egun bat norbere zereginetarako.
  • 1592 orduko jardunaldia urtean gehienez. 24 lan egun opor. Zubi guztiak.
  • Erreformaren kontrako klausulak: ultraaktibitatea, malgutasuna, ansentismoa, soldata inaplikazioa, mugikortasun geografikoa.

Eduki garrantzitsuak dira sinatu ditugunak. AransGiko langileei soldata ikuspegitik aurrera pausu bat ematen laguntzen die eta sektore mailan buruan kokatzen dira soldata eta jardunaldia kontuan hartuta. Beren duintasunean eta beren lanaren aintzatespenean jauzi bat eman dute, nahiz eta lan handia eta hobekuntza asko gelditu egiteko.

Baina lan baldintzen hobekuntzen gainetik, hau lortzeko eraman dugun prozesuan bertan lortu ditugun garaipen txikitxoetan jarri nahi dut arreta. Garaipen txikiak, bai, baina aurrekoak bezain garrantzitsuak, edo gehiago. Garaipentxo hauetaz hitz egin nahi du.

Hitzarmenaren papereko sinadura farragosoen atzean benetako izenak daude, benetako pertsonen izenak, eta kasu honetan Leire, Naroa eta Idurre dira. Beraiek dira prozesu hau lideratu duten ELAko hiru ordezkariak. Urratsa eman zuten duda, beldur eta gatazka asko asko zituzten arren, beren bertute kontaezinei esker, beren ausardia eta konbentzimenduari esker.

Eta beraien eskutik, eskatzen dutena bidezkoa zela pentsatzen zuen langile talde bat, nahi diren gauzak borrokatu gabe ez direla lortzen uste zutenak, eta urrats bat aurrera eman zutenak egoerak hala eskatu zuenean, nahiz eta mundu guztiari kostatu pankarta baten atzean jartzen, kontzentrazio batean oihu egiten, kotxe karabana bat egiten edo jopuntuan jartzen. Norberak arrazoi duenean egin egin behar da! Zeren eta guri dagokiguna inork ez digula emango jakinda, kendu egin beharko zaie.

Horregatik beraiei guztiei mila esker. Mila esker beraien egoeraren ardura hartu eta borroka egin dutelako. Mila esker horrela errespetua, duintasuna eta soldata irabazi dutelako.

Mila esker, guk beste batzuei begiratu genien moduan, langile askok begiratuko duten ispilu bihurtu zaretelako, eredu bihurtu zaretelako.

Mila esker hori, kolektibo ez normatibo eta feminizatua izanik, bereziki prekarizatua dagoen sektore batean egiteagatik. Beste pitzadura bat ireki duzue zuentzat pentsatua ez dagoen sistema batean.

Eta amaitzeko, mila esker borrokako lagun nekaezinak izateagatik eta zuekin bide hau eginez ikasi dudan guztiagatik. Ez dezagun inoiz ahaztu ez gaituela inork sorbalda gainetik begiratu gehiago, hau bai dela garaipen bat!

HASTA LA VICTORIA SIEMPRE!!!