Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Antropozenoan bizitza komuna eraikiz

Antropozenoan bizitza komuna eraikiz

2018/11/28
Gure defizit nagusiena ez da zorra presaka “konstituzionalizatu” zuen 135. artikulua. Gure defizit handiena -beste lurraldeekiko injustua eta hemen bizi garen guztiontzat arriskutsua- fisikoa eta lurraldekoa da. Gure baliabide-funtsekin bateraezina den produkzio eta kontsumo ereduak eragindakoa da defizit hau.

Yayo Herrero, artikulu hau Contexto y Acción aldizkaritik euskaratu dugu

Konstituzio bat, denok ulertzeko moduko hizkuntzan, lurralde jakin batean bizi diren taldeen bizitza komuna artikulatzea posible egiten duen arau multzoa baino ez da.

Konstituzioak bere garaiaren alaba dira eta unean uneko indar korrelazio eta botereen arteko orekaren fruitu. Beren sasoiko tentsio eta arazoei erantzun behar diete.

Konstituzioek beren sasoiko tentsio eta arazoei erantzun behar diete

1978tik hona mundua izugarri eraldatu da,  aro geologikoa bera ere aldatzeraino. Dagoeneko ez gaude Holozenoan, Antropozenora igaro gara. Ur geza, energia, arrantza edota mineralak bezalako baliabide naturalen agortze eta gainbehera dugu aro berri honen ezaugarri nagusia, eta horrekin batera, bizirik dagoen oro antolatzen duten joko-arauen aldaketa.

Dokumentu konstituziogile batek bermatu beharko luke -nire ustetan- pertsona guztiek beren beharrizanak asetuta izateko (izate fisikoa, aterpea, parte-hartzea, harreman esanguratsuak, eragiteko gaitasuna e.a.) bizi baldintzak mantenduko direla. Hori horrela izan dadin, bizirik egotea ahalbidetzen digunaren aurka garatuko ez diren “giza arauak” izatea komeni da.

Natura-ingurumenaren parte garen espeziea gara eta bertan txertatuta bizi gara. Natura ingurumen honek, gure premiak asetzeko behar dugun oro, absolutuki dena ematen digu

Natura-ingurumenaren parte garen espeziea gara eta bertan txertatuta bizi gara. Natura-ingurumen honek, gure premiak asetzeko behar dugun oro, absolutuki dena ematen digu: oxigenoa, fotosintesia, energia, ura, polinizazioa, basoak, mineralak e.a. Ondasun-funts hauek ezin ditugu gizakiok zuzenean erabili, izan ere, metabolismo ekonomikoek elkarri eragiten diote ondasun eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko. Ondasun-funts hauek eta zikloek beren mugak dituzte -honezkero gainditu ditugunak- eta ezin dira, gizakiok ezin ditugu, nahieran ekoitzi edota kontrolatu.

Ekodependentziak berebiziko hiru ondorio dakartza berekin, Espainiar Konstituzioak aintzat hartzen ez dituenak – ezta munduko konstituzio gehienek ere-.

Lurraldea ez da soilik komunitate bat bizi den dekoratua. Egitura bizi bat da, bere burua antolatzen duena, bizitza erreproduzitu eta eraldatzen duena

Lehenbiziko ondoria da, lurraldea ez dela soilik komunitate bat bizi den dekoratua. Lurraldea ez da soilik zapaltzen dugun euskarria, mapa batean lerro lodiago baten bidez edo hesi fisiko batekin mugarritu daitekeena. Lurraldea egitura bizi bat da, bere burua antolatzen duena, bizitza erreproduzitu eta eraldatzen duena. Ekonomia prozesu bizidun horren azpimultzoa da, eta ez alderantziz. Horregatik komeni da konstituzioek jabetza blindatu eta babestu ordez, lurraldearenak diren ondasun komun mugatuak eta partzialki agortuak babestea,  guztionak izan daitezen, ezin baitute inorenak izan.

Bigarren ondorio gisa, kontuan hartu behar da lurraldea inoiz ez dagoela isolatuta. Aldaketa klimatikoak, kutsadura edota ur gezaren agortzea bezalako fenomenoek ez dute mugarik ezagutzen.

Menpekotasun material oso sakona dugu afrikar herrialdeekiko eta Latinoamerikarekiko. Lurralde horietan baliabideengatiko gerra formal eta informalak abian daude eta herri osoak bizi diren lurretatik kanporatuak izaten ari dira

Gainera, herrialde garatu deitzen ditugun horiek, beraien ekonomiak fisikoki mantentzen dituzte beste lurraldeetako ondasun eta baliabideen kargura. Hain zuzen ere, gure herrialdean erabilitako energiaren %80ak eta mineralen %75ak beste lurralde batzuetan dute jatorria. Menpekotasun material oso sakona dugu afrikar herrialdeekiko eta Latinoamerikarekiko. Lurralde horietan baliabideengatiko gerra formal eta informalak abian daude eta herri osoak  kanporatuak izaten ari dira bizi diren lurretatik. Janariari erreparatzen badiogu, espainiar lurraldearen bikoitza erabiltzen dugu bertan jateko elikagaiak sortu ahal izateko.

Honenbestez, gure defizit nagusiena ez da zorra presaka “konstituzionalizatu” zuen 135. artikulua. Gure defizit handiena -beste lurraldeekiko injustua eta hemen bizi garen guztiontzat arriskutsua- fisikoa eta lurraldekoa da.  Gure baliabide-funtsekin bateraezina den produkzio eta kontsumo ereduak eragindakoa da defizit hau.

Baina gainera, giza bizitza hezurmamitzen den gorputz zaurgarri eta finituen biziraupena ziurtatzeko beharrezkoak diren lotura eta harremanak (haurtzaroa, zahartzaroa, gaixotasuna, aniztasun funtzionala, bizitzako momentu kritikoak) bermatu eta babesten ez badira, pertsonak ezin dugu existitu.

Ez da existitzen erabat autonomia den gizabanakorik, pertsona guztiak baikara interdependenteak elkarrekiko. Historikoki emakumeak egin izan dira gorputzen zaintzaren kargu, ez genetikoki hobeto gaituta daudelako, baizik eta gizarte heteropatriarkaletan bizi garelako

Ez da existitzen erabat autonomoa den gizabanakorik, pertsona guztiak baikara interdependenteak elkarrekiko. Historikoki emakumeak egin izan dira gorputzen zaintzaren kargu, ez genetikoki hobeto gaituta daudelako, baizik eta gizarte heteropatriarkaletan bizi garelako. Hauek, zaintza funtzioak mekanismo ekonomiko, sinboliko eta politikoen bitartez esleitzen dituzte, modu ez libre batean, eta era horretan funtzio hauen berebiziko garrantzia ezkutatu eta ikus-ezindu egiten dute. Gure Konstituzioak ere, halaxe egiten du.