ANC eta Òmniun: independentziarako bazterrak ixten Katalunian.

2015/07/29
indep.jpg
Ilusioa, etsipena, itxaropena, poztasuna, pena, sinesgaiztasuna, ukapena. Hauek dira azken asteetako Boudeville zerrendek sortutako eraginen alboan doazen adjektiboetako batzuk.

Toni Rico, Llibertat.cat 2015/07/27

Ilusioa, etsipena, itxaropena, poztasuna, pena, sinesgaiztasuna, ukapena. Hauek dira azken asteetako Boudeville zerrendek sortutako eraginen alboan doazen adjektiboetako batzuk. Azken erantzuna independentismoari boz gehien emango diona izango ote den, horixe da gaurko egunean inortxok erantzun ezin duen galdera. Badiotsuet lehenik eszeptikoa naizela. Boza ematea esaten dut, eta ez jendea batzea, gauza zeharo desberdinak baitira. Ziurtasun baino zalantza gehiago ditut, azken batean, egoera politikoa ez baitugu lehenago bizitu. Edozelan ere, lerro hauen bitartez mahai gainean jarri nahi nukeena ez da CDC eta ERCren erabakia, erakunde soberanistena baizik.

Bai ANC eta baita Òmnium ere, direnak eta ez direnak eginez, partiduen arteko borrokarekiko distantzia mantentzen saiatu diren erakundeak izan dira orain arte. Bi arrazoi nagusik bultzatuta izan da: batetik, bere oinarriko-militantziaren aniztasuna dela eta, eta bestetik, oinarri hori gizarte sektore posible guztiekin zabaltzeko beharragatik. Bide honetatik erakunde soberanista hauek, Kataluniaren independentzia beren etorkizun indibidual eta kolektiborako irtenbide onena dela ulertzen duten pertsonak ordezkatzea lortu dute. Egin genitzakeen kritika guztiak albo batera utzita, estrategiak funtzionatu du eta hain zuzen ere, independentismoa, inoiz ez bezala hazi da Herrialde Katalanetan. Horren probarik argiena dugu, urterik urte Irailaren 11ko jaiegunak indar erakustaldi bilakatu izana.

Zerrenda bakarra babestearen alde ANC eta Òmniumek hartutako erabakiak amaiera eman dio beraiek idatzi duten kontakizunari eta hainbeste hazten utzi dien kontakizun horri, hain zuzen. Izan ere, ez dira erakundeak izan hazi diren bakarrak eta horixe da prozesu independentista orotan benetan axola duena; mugimendua mugatzen zuten marjina sozial eta politikoak izan dira batez ere hazi direnak. CDC, ERCk, eta beren kultura, gizarte, politika, ekonomia-intelektualtasunak baino sostengatzen ez duten zerrendak, ez du independentismoaren oinarriak zabaltzen laguntzen eta hazkunde prozesua geldiarazten du. Ez dezagun geure burua zuritu: Raul Romeva zerrendaburu jartzeak zerbaiterako balio izan badu, ERCko oinarriak akordioa onar zezaten izan da eta, azken batean, Artur Mas beste behin ere presidente izan dadin balioko du.

Uste dut mugimendu sozialak eztabaida partidokratikoetatik urrun mantendu behar dutela, izan ere, beraien politika kaletik bulegoetara pasatzen denean, beraien eragiteko gaitasuna desagertu egiten baita eta burokratizatuegi eta profesinalizatuegi dauden alderdi politikoen egituren zerbitzura egotera pasatzen dira. Gainera alderdiek kalean behar dituzte mugimendu sozialak; presionatu ditzaten, kritika ditzaten, eta behar denean lagun ditzaten, baina ez, lana egin diezaieten. Erakundeek zerrenda bat sostengatzen duten momentuan, Irailaren 11ko manifestazioa zerrenda horren ekitaldi bilakatu eta jendea batzeko aukerak itxi egiten dira. Panorama honen aurrean Ada Colauk dagoeneko agertu du manifestazioan parte hartzeko zalantza. Eta ulertzen dut, nik ere zalantzak ditut eta. Zer ekarriko du nire presentziak, edo ez, Meridiana kalean aurten? Independentismoak onar al dezake Bartzelonako alkatesak manifestazioan kale egitea? Ona al da hori? Ezetz uste dut, baina azken finean, independentismoaren bazterrak ixtearen lehen ondorioa baino ez da. Dena den, agian, oraindik garaiz gabiltza egoera aldatzeko. Mesedez, pentsatu dezagun nola.