Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Amaia Muñoa:"Arlo sindikala eta soziala sendotu, burujabetza behetik eraikitzeko"

Amaia Muñoa:"Arlo sindikala eta soziala sendotu, burujabetza behetik eraikitzeko"

2016/07/15
"Nire asmoa da ELAk nazio prozesuan duen papera nola ulertzen duen azaltzea. Orain 40 urte ELAren birfundazioa ekarri zuen III. kongresuan, aldaketa asko bai, baina funtsa mantendu zen: klase sindikatu abertzale izaera. Eredu sindikalaren inguruan erabaki ezin hobeak hartu ziren. Gaur egun dugun indarra eta hedapena soilik azal daiteke orduan egin zen autonomiaren aldeko apustu ausart horregatik. Kongresu horretan onartu ziren printzipioek guretzat separa ezinak diren bi elementu lotu zituzten: klase erreferentzia eta Euskal Herriaren interesa. Gure identitatea bi osagai hauekin osatuta dago."

Amaia Muñoa, ELA sindikatuko Idazkari Nagusiaren Albokoa.

Hitzaldi hau "Burujabetza nazionala eta auzi soziala" mintegian eman zuen

Garai hartan hipotesi bat formulatzen da ere, 3 urtetara, IV. kongresuan gehiago zehaztuko dena. Gogoan izan garaiko testuingurua latza: diktaduratik atera berriak, estatuan ez gara ezer, egoera sozial gogorra, organizazioa egiteke, eta lan esparruan ez dugu eskumenik. Bada, erabakitzen da eskumen faltari aurre egiteko tresna bat sortzea: lan harremanen euskal esparrua (LHEE). Alde desberdinen artekoa akordioen bidez eskumen falta gainditzea da asmoa, eduki desberdinak landuz: negoziazio kolektibo propioa, organo bipartitoak, lan harremanak arautzeko tresnak,joko arauak... hipotesi honekin 10 urtetan izugarrizko arrakasta lortzen dugu: langileen %90aren lan baldintzak hemen negoziatzen dira; sektore publikoko negoziazio kolektiboa garatzen da; sindikatu eta patronalaren arteko prozedura akordioak egiten dira (hauteskunde sindikala, LHK, PRECO...)

Alde desberdinen artekoa akordioen bidez eskumen falta gainditzea da asmoa, eduki desberdinak landuz: negoziazio kolektibo propioa, organo bipartitoak, lan harremanak arautzeko tresnak,joko arauak... hipotesi honekin 10 urtetan izugarrizko arrakasta lortzen dugu: langileen %90aren lan baldintzak hemen negoziatzen dira

Arrakasta hori arrazoitzeko hiru gako eman ohi ditugu:

1. 80. hamarkadan instituzionalizazio hasiera da eta sektore publikoaren garapenean Eusko Jaurlaritzaren papera aldekoa da.

2. Patronalak homologazio demokratikoa behar du, aurpegia garbitketa bat, frankismoarekin lotuta ikusten baitzuen jendeak, eta horrelako akordio esparruak bultzatzea bilatzen du. Negoziazio kolektiboa ordenatzea ere interesatzen zaio.

3. UGT eta CCOO arteko lehia itzela, jokoan baitago sindikatuen arteko hegemonia. Hori dela eta, negoziazio kolektiboaren zentralizazioa bigarren mailan uzten dute.

Arrakasta ikaragarria lortuta 10 urtean, gauzak okertzen hasten dira, patronal eta gobernuaren jarrera aldatzen delako. Bi aktore hauen konpromisoa hautsita, aldarrikapen eta mobilizaziora jo beharko da LHEE bultzatzeko eta nazio prozesu bat garatzeko. 1992ko Euskadi aurrerapen eta askatasunaren bidetik erreferentziazko idatzian gogoeta hau jasotzen da. Sindikatuaren begirada zabaltzearen beharra ikusten da, eta bere buruari helburuak jartzen dizkio ELAk: agenda soziala jorratu, besteekin erreferentzia komunak eraiki, LABekiko jarrera aldatu, afiliazioaren enkoadramendu aktiboa bultzatu... LABekin ibilbide bat hasten da LHEEren alde. 94. urtean egin genuen manifestazio erraldoia inflexio puntu bat da.

Horrela LHEE garantzen doa. HOBETUZ akordio lortzen da, nahiz eta ibilbide laburra izan. Gogoratu 1992an FORCEM akordioa egiten dela estatuan. Ez da gure eredua, eta lortzen dugu HOBETUZek, epe labur batean bada ere, beste eredu batekin lan egitea.

Negoziazio kolektiboan estrategia aldatu eta gatazka areagotzeko ahalegin handia egiten da batez ere 2000 urtetik aurrera. Edukirik ez duen partehartze instituzionala bertan behera uztea erabakitzen da. Mezu sindikal, sozial eta politikoan sakontzeko eta zabaltzeko konpromisoa gauzatzen da

90. hamarkadan gauzak nola doazen ikusita, ELAk ondorioak ateratzen ditu eta estatutuaren bidea agortutzat ematen du definitiboki (gogoan izan 1997ko Gernikako ekitaldi entzutetsua). ELAk erabaki hau har dezake, soilik, organizazio autonomoa delako, politikoki eta finantzieroki. Estatutuaren bidea itxita, soberanismoarena zabaltzen da, soberanismo sozialarena: Estatuarekin konfrontatu indar metaketaren bidez.

Beraz, aurreko hipotesia pikutara joanda, lan esparru propioa eraikitzeko eragileak (patronala eta gobernua) falta baitira eta gobernuek egiten dituzten politika neoliberalekin nazio prozesuan azteraka egiten dela sinetsita baikara, urrats berriak ematen hasi ginen, esan dudan bezala. Koherentzian jokatzeko asmoz emandako urratsak ez ziren errazak izan. Askotan bakarrik, eremu politiko-mediatikotik egur asko jasota. Prozesu desberdinak kateatuz ibilbide berria abiatzen da, honez gero 20 urte bete dituena. Negoziazio kolektiboan estrategia aldatu eta gatazka areagotzeko ahalegin handia egiten da batez ere 2000 urtetik aurrera. Edukirik ez duen partehartze instituzionala bertan behera uztea erabakitzen da. Mezu sindikal, sozial eta politikoan sakontzeko eta zabaltzeko konpromisoa gauzatzen da. Eremu desberdinetan harreman berriak sortzen ditugu organizazioa sozialekin, ekimen berriak bultzatuz, eta giza eskubideen eremuan ere konpromisoak hartzen ditugu (Lizarra Garaziren 20. urteurrena izateko bi urte besterik ez dira falta).

Prozesuak ez dira linealak, bi estrategiak solapatu egiten dira batzuetan. Emandako urrats bakoitzak hurrengoa markatzen ditu, ibilbidearen helmuga ez da garbi ikusten, pausoz pauso goaz. Eta ibilbide horretan badago emaitza bat: sindikalgintza sendoa Euskal Herrian, eraginkorra dena, nahiz eta ez nahi adina. Nazio prozesuari begira hau ekarpen handia dela iruditzen zaigu, honek azaltzen baitu 2009tik hona, krisiaren aurrean, Euskal Herrian eman den erantzun soziala.

ELA zertan da oztopoa genero berdintasunerako? Batzuetan gogorra da norbere burua ispiluan ikustea, akats asko ikusten direlako. Eta galdera modu positiboan eginda: ELAk nola sustatu dezake berdintasuna ELA barruan eta kanpoan?

Aurrera begira zer?

Burujabetzak kontzeptuarekin lotuta, guri dagokigun lana, ekarpena, ardura, arlo sindikalean eta sozialean kokatzen dugu. Arlo horiek sendotzea da gure ardura, eta burujabetza behetik eraikitzea. Arlo sozialari dagokionez aipatu dugu erantzun sozialare aro hori. Greba orokorren ziklo horren baitan aliantza berri bat sortu genuen: aliantza sindikala eta soziala, mobilizatzeko helburuarekin (6 greba orokor eta hamaika mobilizazio egin genituen). Baina salaketa eta aldarrikapenekin batera proposamenak egin behar genituela ikusi genuen, eta lan handia hartu dugu alternatibak badirela ikustarazteko. Lan horren emaitza dira Karta Soziala, eta iazko urriko Alternatiben Herria.

Maiz, zailtasunetan gelditzen gara, eta ez dago gaizki, aurrera begira hobetzen laguntzeko balio baitu horrek, baina gauza onak, ere, baloratu behar ditugu. Hegoaldean gehiengo sindikalak organizazio sozialekin duen harreman zabal honek mugak ditu, noski, baina horrek ez gaitu eraman behar aurrera begira duen balore eta potentziala ezkutatzera. Bi elementu azpimarratu nahi nituzke nik: diagnostiko konpartitzen dugu eta aliantzaren izaera definitu dugu.

Borroka klimatikoa gure borroka da, justizia sozialaren aldeko borroka. Eta Txetxek dioen bezala, klimaren aldeko borroka EHren aldeko borroka bera da, pertsonen, herrien eta lurraldeen burujabetzaz ari gara, elikaduraz, energiaz, ekonomiaz, politikaz, demokraziaren burujabetzaz

Diagnostikoan bat gatoz. Kontzertazioa ez da posible, ez gara elkarrizketa soziala berreskuratzeko mobilizatzen ari. Adostu dugun ildoa, mobilizazioarena dazen dugu. Eta aliantzaren izaeran, esanguratsua da karta sozialean organizazio batzuk daude eta beste batzuk ez. Asko eztabaidatu da, bai, baina bide bat egin dugu: alderdi politikorik ez dago eta diagnostikoa konpartitzen ez duen beste organizazio sindikalik ere ez.

Egin dugunaren balioaz jabetzeko perspektiba apur bat hartzeak merezi du. Europara begiratuta, gehiengoa duen sindikalgintzak Europan, oro har, elkarrizketa soziala ez du agortutzat ematen. Guri, hemen, normala iruditzen zaiguna ez da arrunta Europan.

Garrantzia ematen diogu diagnostiko zintzoa egitearo, diagnostiko errealak ahalbidetuko baitu erantzun egokia. Sinetsita gaude irtenbidea badagoela, bestela ez ginen hemen egongo. Herrien eta lurraldeen burujabetzak garatu behar dira irtenbide hori aurkitzeko. Orain da momentua, beste gizarte eredu hori jada sortzen joan behar dugu, geroz eta espazio burujabeagoak sortzen joan. Baina nola?

Soilik antolatua eta mobilizatua dagoen langileriak edo herriak eragin dezake erabakitan, berdin estatu batean zein estatu gabeko herrialde batean. Berdin Grezian edo Frantzian, zein Euskal Herrian. Horretarako gakoa aliantzak dira, eta hor guk erronka dugu, aliantzak zabaltzen, berriak egiten edo ditugunak sakontzen, Euskal Herrian bertan zein kanpoan, eremu eta esparru desberdinetan. Gure ardura da eta horretan murgildu behar dugu.

Besteak beste, orain martxan dugun negoziazio kolektiboaren estatalizazioren kanpainak burujabetzaren beharra azpimarratzen du. Gure esparruan dauden aukerak aprobetxatu behar ditugu, eta gure erronka egi bihurtu antolatuaz. Hemen lan egin, hemen negoziatu, hemen erabaki, nezoziazio kolektiboan burujabeak. Kanpaina, beste kanpaina zabalago batean txertatuta dago, prekarietatearen kontrako kanpainan. Luzea izango da, urte batzuetan markatuko digu gure eginkizuna. Hor ere aliantzek asko baldintzatuko dute emaitza, onerako zein txarrerako.

Barne antolakuntza aipatu nahi nuke ere. Erronka honi erantzuteko, indar harremanean hobetu lantoki bakoitzetik abiatuta, gauza batzuk modu desberdinean egin behar ditugu. Denbora daramagu gure esku dagoena hobeto egin behar dugula esanez. Lan egiteko moduen aldaketak urte batzuk iraun ditzake, ez dago oso sartuta gure kulturan modu planifikatuan lan egitea, zeozer egitean balorazio egin eta ondorioak ateratzea. ELAk ibilbide bat egiten badu lan egiteko moduak hobetuz, sindikalgintzari eta nazio prozesuari aportazio interesgarria egin diezaiekeela uste dut. Hori ere gure erronka da.

Bi ildo, etorkizunari begira

1. Genero parekidetasuna lortzeko antolakuntza aldaketa: Feminismoaren indarra atera da egun hauetan. Feminismoak Euskal Herrian izan duen garapena garrantzitsua da. Urrun dago berdintasuna, asko dira oztopoak, eragozpenak eta zailtasunak, baina ELAk defendatzen duen gizarte ereduan emakume eta gizonen arteko berdintasuna zentrala da. Beraz, momentu honetan gure organizazioan hausnarketa sakona egiten ari gara. ELA zertan da oztopoa genero berdintasunerako? Batzuetan gogorra da norbere burua ispiluan ikustea, akats asko ikusten direlako. Eta galdera modu positiboan eginda: ELAk nola sustatu dezake berdintasuna ELA barruan eta kanpoan?

Kontzienteki egiten ez dugun arren gizarte honen desberdintasun batzuk errepikatzen ditugu ELAn. Gure kulturan sartuta daudelako, gure lan egiteko eratan, gure antolakuntzan. Erronka handia da hau abordatzea, baina konpromiso politikoa hartuta daukagu.

2. Justizia klimatikorako borroka: 100. urteurreneko adierazpenean genion klima aldaketak gure agendan toki gehiago hartu behar duela. Azpimarratzekoa da hau, gutxi baitita puntu honetara iritsi diren sindikatu maioritarioak. Harro gaude, baina adierazpenetatik ekintzetara pasatzea ez da erraza. Dena den, urratsak eman ditugu: trebakuntza eta publikazioetan gauza interesgarriak, hausnarketak, mobilizazioak egin ditugu, plataforma desberdinetan parte hartu dugu, ekimenak bultzatu ditugu, Alternatiba bezala, baina ez da nahikoa. Aldaketa klimatikoa hil ala biziko arriskua da, baina aukera ere bada. Auzi honek lagundu behar digu pausu gehiago ematen. Trantsizioan sartuak gara. Galdera da: trantsizioa hau kapitalak bultzatuta injustizia gehiago sortuko du? edo arlo sozialetik gai izango gara trantsizioan justizia gehiago ekartzeko?

Borroka klimatikoa gure borroka da, justizia sozialaren aldeko borroka. Eta Txetxek dioen bezala, klimaren aldeko borroka EHren aldeko borroka bera da, pertsonen, herrien eta lurraldeen burujabetzaz ari gara, elikaduraz, energiaz, ekonomiaz, politikaz, demokraziaren burujabetzaz. Honekin batera klimaren aldeko borroka bada ere enplegurako aukera paregabea. Orain urte batzuk egin genuen azterketa batean, Hegoaldean 100.00 enplegu sortzeko aukera zegoela ondorioztatzen zen. Iparralden ere ikerketa egin da eta 10.000 enplegu ateratzen dira. Klima eta pertsonak zainduko dituen bestelako ekonomia batek beharko lituzkeen enpleguak dira. Beraz, hamaika arrazoi daudelako, egin dezagun gure, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka.