Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Alternatiben balio politikoa

Alternatiben balio politikoa

2013/09/24
Krisiaz mintzatzen ari gara oraindik ere. Bere zergatiei eta arduradunei buruz ebidentziak eta susmoak pilatzen zaizkigu: egin beharrekoa izanagatik egiteke geratu zenaz, gaur egin daitekeenaz. Analisiaren esparrua, halere, pixkanaka murriztu egin da. Murrizte hori doikuntza neurri madarikatuek behartu dute, eta horien ondorioek osasun arloan, hezkuntzan, pentsioetan, lan eskubideetan... (Peru Sasia. Fiareko presidentea eta Banca Popolare Eticako Administrazio Kontseiluko kidea.)

Peru sasia (primer plano)

Peru Sasia.

Fiareko presidentea eta Banca Popolare Eticako Administrazio Kontseiluko kidea.

Eztabaida gero eta xuhurragoa bilakatu da; izan ere, itoarazi egiten baitute pentsamolde instrumentala ezartzen dutenek, ibilbide laburreko pentsamoldea, irtenbiderik gabeko kale-zuloetara eramaten gaituena. Horregatik saiatzen gara kontakizun neoliberal horiek nabarmen uzten eta hainbat esaldiren gezurra azalerazten, esaterako «ez dago dirurik pentsioetarako, osasun arlorako edo hezkuntzarako», edota «ezjakinek baino ez dute ukatzen kapital-merkatu handiek garapenerako duten garrantzia». Baina, esan bezala, ahalegin horrekin perspektiba galtzen dugu. Muturreraino, hots, kasinoetan erretzea langabeziarentzako erremediorik hoberena ote den ere eztabaidatzeraino…


Baten batek paradoxa gisa ikus badezake ere, egungo sistema ekonomikoarentzako alternatiba proposamenek gogorarazten digute, hain zuzen, ezinbestekoa dela gauzak ikuspegi orokor batekin aintzat hartzea. Beren dinamismoari eta irudimenari esker gogorarazten digute sistema ekonomikoa eraldatzea berrikuntza edota enprendizajea sustatzea baino askoz gehiago dela. Ez dela mezenazkoan edo filantropian amaitzen. Sistema ekonomikoa eraldatzeak eskatzen du esparru ekonomikoan harremanetan sartzen gareneko dinamika sozialak berregitea. Eskatzen du merkatuak, estatua eta gizarte zibila lotzen dituzten erlazioak aztertzea eta hori ikuspuntu zinez politiko batetik egitea. Eskatzen du pertsonek eta erakundeek esparru publikoan parte hartzeko prozesuak eraldatzea, horretarako ukatu izan zaizkigun rol berriak galdeginez.

Alternatibak ez ditugu eraikitzen kontsumitzaile garen aldetik. Aitzitik, bat eginez, lankide izanez, kapital sozialeko sare trinkoak osatuz eraikitzen ditugu


Alternatibak ez ditugu eraikitzen kontsumitzaile garen aldetik. Aitzitik, bat eginez, lankide izanez, kapital sozialeko sare trinkoak osatuz eraikitzen ditugu. Horregatik maite dugu elkartzea. Elkartzea eta ikusaraztea beste harreman modu bat sortzeko espazio bat badagoela, baita esparru ekonomikoan ere. Espazio hori sortzerakoan agerian uzten dugu irismen laburreko analisiak zein motzak diren, zenbateko sinplekeriaz lotzen diren arrisku-sariak eta lan eskubideak, edota zor publikoa eta osasun arloa edo hezkuntzarako aurrekontuak.


Horixe da gure indarra, sasi-igarle batzuk ezinezko ametsen hilerrira egotzi nahi gaituzten arren. Askok esan arren hain «alternatibo» izateak beti ahul izatera kondenatzen gaituela. Horixe esan izan da, hain zuzen, hasi berria zen hainbat mugimendu soziali buruz. Esaterako, langileen eta emakumeen eskubideen alde borrokatu ziren eta borrokatzen diren mugimenduak, edota baztertuen zein ekosistemen alde dihardutenak.


Beraz, alternatiba proposamenek gene politiko bat dute, beren xedea esparru ekonomikoa osatzen duten eragile sozialen artean harreman estilo erabat desberdina eratzea baita. Tresna hutsa baino askoz gehiago dira. Neoliberalismoaren joera oker batzuk zuzentzeko ahalegina baino askoz harago doaz. Produktu edota zerbitzu batzuk eskaintzeko konpromisoa baino zabalagoak dira. Noski, hori guztia badira, baina eraldatze prozesuaren hazi gisa duten balioa ez dator ezaugarri horietatik.


Alternatiba asmoek harremanen dimentsioan sakoneko aldaketak proposatzen dituzte, hots, sortzen den zirkuitu ekonomikoan eragile sozialen partaidetza moduan. Harreman mota berri honek bere izaera eta kokapen soziala eratzen du, eta garrantzi handiko kontuetan du eragina, esaterako, jabetzaren egituran, erabakiak hartzeko dinamiketan, garapen estrategian edo informazio eta parte hartze mekanismoetan. Xehetasun horiek izaera kooperatibo nabarmena islatzen dute, non funtsezko balio diren parte hartzea, elkarrekikotasuna, mutualismoa edo solidaritatea eta berezko jarduera ekonomikotik bereizi ezineko jarduera kultural bat.


Konpromisoa bere gain hartzeko prest dagoen eta esparru publikoan aldaketak egin nahi dituen honelako harremanen dimentsiorik gabe alternatiba ekonomikoek beren balio nagusia galtzen dute. Horregatik eraiki behar dira alternatibak oinarrizko faktore batzuk aintzat hartuta: esparru legala, merkatuko erakundeetako botere-logikak, nahiz politika publikoek herritar izateko era jakin bat baldintzatzeko modua. Horregatik eraikitzen dira herritar kolektibo bizkor baten gainean, zeina engaiatuta baitago gure jokabide ekonomikoak dituen ondorio ez-ekonomikoekin. Herritarrok eragile sozial oso desberdinen parte hartzea eskatzen duten proiektuetan batzen dira: sindikatu, unibertsitate, komunikabide, herri-administrazio eta gizarte/jendarte zibileko beste hainbat adibidetan. Herritarren partaidetzak (protagonismoa, eragina eta ardurak dituztelarik) izaera kooperatiboa duten proiektuak sortzeko aukerak ugaltzen ditu, kapital sozialeko sare trinkoetan, eta alternatiba proposamenak eraikitzeko, ez soilik kontsumitzeko, prest dauden pertsona eta erakundeen eskutik. Hauxe da alternatiben «marka genetikorik» bereziena, espazio honi zilegitasuna eta balio soziala ematen diona.


Horregatik dira hain beharrezkoak datorren urriaren 6an Baionan izango den moduko ekitaldiak. Alternatibak eskaintzen dituen topatzeko eta mobilizatzeko aukerak ezinbestekoak dira gaur egun errotik kontrakulturala den motibazioari eusteko. Elkar ezagutzeko, topo egiteko, eztabaidatzeko eta aliantzak bilatzeko lekua… Halaber, alternatibak badaudela eta gure militantziaren beharra dutela plazaratzeko aukera. Militantzia ekonomikoa, egun konpromiso politikoaren ezinbesteko osagaia, hitzaren esanahirik sakonenean.