Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Alternatibak eraiki

Alternatibak eraiki

2015/06/08
ELAk berari eta bere moduan pentsatzen dutenei esan nahi die ez dugula onartzen neoliberalismoak inposatzen duen egitura instituzional bat, hautesleak figurante huts bihurtzen dituen egitura. Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko militanteontzat hau da eztabaida nagusia, eta gobernabilitatea-ren agendak ez luke atzeratu beharko; hain zuzen, agintzeko aukera dutenak gero eta baldintzatuago daude ezarritako mugak direla medio, horiek galarazi egiten baitute kapitalismoak bilatzen dituen politikei atzera eragitea. Zergatik saihesten da debate hau, baita ezkerraren zati handi baten aldetik ere?

Adolfo Muñoz "Txiki", Berria 2015/06/04

Kapitalismoak bere interesak inposatzen ditu. Politika oso ahul ikusten du, eta boterea metatzen jarraitzeko oztoporen bat aurrean jartzen bazaio, zalantzarik ez du egiten paretik kentzeko. Pobrezia, eskubiderik gabeko lana, arlo publikoaren merkantilizazioa negozio pribatua egiteko, kapitalaren desfiskalizazioa, besteak beste zerga-ihes eta -iruzurraren bitartez, klase- eta nazio-identitate kolektiboen suntsipena, klima-aldaketa... baita bizitza bera ere, gurea eta planetarena, bere biziraupena arriskuan jartzeraino. Kapitalismo honentzat, zeinak beste edozeren gainetik jartzen duen etekin pribatua pilatzea, horiek guztiak ahaztu beharreko ondorioak dira. Naomi Kleinek klima aldaketaz dio ez direla «isuriak gutxitzeko beharrezko erabakiak hartu, haiek kontrajarrita baitaude kapitalismo desarautuaren oinarriekin». «Katastrofea ekiditeko egoera hobean jarriko gintuzketen ekintzak "jende gehienaren onerakoak liratekeenak" mehatxuak dira gutxiengoa den elite batentzat, zeinak gure ekonomia, gure prozesu politikoak eta komunikabide handi gehienak erabat kontrolpean dituen». Naomi Kleinek arrazoia du; horregatik da are premia handiagoa lan eta militantzia alternatiboa.

Gobernuen osaera baldintzatzen duten hauteskundeez haratago, zenbait eztabaida propio alboratuta geratzen da. Inbertsio-funts handi bateko zuzendariak esan zuenez, «ulertu beharra dago [...] moneta-batasunean agintariak beren inguruan gertatzen denaren behatzaile pribilegiatuak direla eta beren erabakitzeko aukera oso mugatua dela. Politika jakin batzuk ezinezkoak dira EB barnean». Latza da, gero, politikaren eginkizuna horrela definitzea. Latza, baina benetakoa. ELAk berari eta bere moduan pentsatzen dutenei esan nahi die ez dugula onartzen neoliberalismoak inposatzen duen egitura instituzional bat, hautesleak figurante huts bihurtzen dituen egitura. Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko militanteontzat hau da eztabaida nagusia, eta gobernabilitatea-ren agendak ez luke atzeratu beharko; hain zuzen, agintzeko aukera dutenak gero eta baldintzatuago daude ezarritako mugak direla medio, horiek galarazi egiten baitute kapitalismoak bilatzen dituen politikei atzera eragitea. Zergatik saihesten da debate hau, baita ezkerraren zati handi baten aldetik ere?

Guztion ezkutuan, EB eta AEBak TTIP izeneko ituna ari dira negoziatzen, multinazionalen eta finantza-boterearen mesedetan desarautzea gero eta gehiago sakontzeko. Areago, nahi dute auzitegi pribatuek erabakitzea enpresen eta estatu mailako legeen arteko gatazkak. Gure gobernuak itun hari buruzko jendearen ezjakintasunaz baliatzen dira "agintariek landutako ezjakintasuna, esan beharra dago", eta itsu-itsuan ematen diote babesa ezagutzen ez dutenari, bitartean eztabaida ukaturik. Berdin jokatu zuten europar Itunarekin; lehengo lepotik burua.

Egia da ez dela erraza bizi dugun prozesuaren nondik norakoak garbi azaltzea. Patxada eta hausnarketa behar dira etsaia izan ez dadin bidea erabakitzen duena. Gure ustez, militantzia alternatiboak lan-agenda komun bat ahalbidetu behar du, erreferentzia argi batzuk ezarriko dituena; nork bere lan-esparrutik eta, noski, guztiok batera. Oinarrizkoa da erabakitzea kapitalismoa bizitzaren eta bizimodu duinaren etsai komuna dela. Neoliberalismoak ezaxola ezarri nahi du; haatik, hainbat eremutan erreferentziak eztabaidatzeko eta alternatibak eraikitzeko unea da: natura, nekazaritza, finantzak, elikadura, ingurumena, energia, klima aldaketa, aisialdia, ekonomia, lan mundua, fiskalitatea, desberdintasunaren jazarpena, trantsizio ekologiko eta sozialari esker sortutako enplegu alternatiboak (enplegu berde deitutakoak)... Hori dena, egungo egoeran, ez da goitik etorriko, eta irtenbidea ezin da izan ezer ez egitea. Soilik klima aldaketaren negazionistek ukatzen dute, planeta arriskuan jartzen duten CO2 isurien ardura nagusia duten enpresek ordainduta, begi bistakoa dena: negutegi efektuko gasen eraginez tenperatura igotzen ari dela, eta horren ondorioa katastrofeak direla. Berotze globalari buruzko datuek agerian uzten dute joera hau planetako bizitzarekin batera ezinekoa dela. Lurraren etorkizuna ezin da utzi errentagarritasun ekonomikoa besterik ikusten ez dutenen eskuetan, ezta menpeko lana eginez politikan haiek nahi dutena egiten dutenen esku ere.

Eztabaida hau ezin da mundu sindikaletik at utzi; ELAk behintzat hala uste du. 2015ean hainbat hitzordu inportante daukagu, lan hau finkatzen lagungarri izan behar direnak, sindikatuaren barnean eta beste organizazio batzuekiko harremanean. Ekainaren 5ean Baionan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak prestakuntza saio bat antolatu du. Hiriburu lapurtarrean izatea ez da badaezpadako aukera: han ospatu zen 2013ko urrian lehenengo Alternatiba; hilaren 5ean bertatik abiatuko da Alternatiben Tourra, Europako hiri ugaritan zehar ibiliko dena, COP 21ari begira (Klima Aldaketari buruzko Mundu Konferentzia); hori urte amaieran izango da, Parisen. Mobilizazio lana, goi-bilera horren garrantzia nabarmentzeko; aurreko saioek porrot egin zuten botere ekonomikoaren interesen alde egiten duten herrialdeen betoagatik.

Baionakoaz gainera, Euskal Herrian badira aurten beste hitzordu batzuk (Europako hainbat hiritan bezala): ekainaren 5 eta 6an Donostiako Alternatiben herrixka, baita urriaren 24koa ere, Bilbon. Jardunaldi horretan praktika alternatiboen merkatua izango da, tokiko produktuak, artesautza, haurrentzako jolasak, tailerrak, eztabaidak eta jai giroa. ELAk dei egiten die bere militanteei ekitaldi horietan parte har dezaten.