Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Alternatiba: Baionatik... Bilbora

Alternatiba: Baionatik... Bilbora

2014/11/03
2015 urtean, Alternatiba izango da Bilbon Urriaren 24an. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta izango da ekimen honen dinamizatzailea.

Xabier Harluxet eta Ainhara Plazaola, Landeia 200.

2013ko urriaren 6an Baionako Alternatibak hasiera eman zion krisi klimatiko, ekologiko eta sozialari aurre egiteko alternatiben herrixken dinamikari. Gaur egun 45 Alternatiba ari dira antolatuak izaiten Europako hainbat herritan eta bereziki Frantses Estatuan. Bertan, Parisen, iraganen da COP21a, aldaketa klimatikoari buruzko nazioarte mailako gailurra, 2015eko bukaeran. Urriaren 4 eta 5ean, 3.000 alternatiba zaletu bildu dituen Zokoako Alternatiba arrakastatsuan, jakitera eman da 2015eko urriaren 24an Alternatiba Bilbon izanen dela.

2014eko sartze honetan, Agen, Gonesse, Nantes, Parise, Lille eta Zokoako herrixkekin 35.000 pasa pertsona mobilizatu ditu Alternatibak. Aldaketa klimatikoaren arloan horrelako herritar mobilizazioaren lortzera azpimarragarria da.

Zokoan Alternatiba antolatu duen Bizi! Larrun, Hendaia, Urruña eta Donibane Lohitzune inguruetako Bizi! mugimenduaren tokiko taldeak aurre ikusia zuen baino 3 aldiz gehiago jende mobilizatzerat lortu du urria hasieran. Alabainan, 3.000 pasa pertsona hurbildu dira Zokoako alternatiben herrixkara, Ziburuko portuan 200 laguntzaileren parte hartzearekin, urriaren 4 eta 5ean antolatua izan den ekitaldira. Klimaren eta energi krisiaren arazoetaz, gaur jendeak ohartzen direnaren seinale, Hego Lapurdin ere.

Larunbatean, urriaren 4eko hitzaldian, Geneviève Azam eta Jade Lindgaardek aipatu bezala, oinarritik etorritako dinamikak, tokiko dimanikak eta borrokak, ezinbestezkoak dira, klima aldaketak eta krisi ekonomikoak sorturiko paralisia, tristezia eta ezinezkoa delako inpresioa gainditzeko. Tokiko dinamikek bat egiten dute mundu mailan klima babesteko beharrarekin. Gainera, energia eta entusiasmoa sortzeko funtsezkoak dira, baita arazoetaz jabetzen ahal garela sentitzeko ere. Ber hitzaldian, Amaia Muñoak, ELAren enplegu berdeei buruzko ikerketa aurkezten zuen Hego Euskal Herrian 106.400 enplegu berde berriren sortzeko bideak zehaztuz.

Erakus mahaiak eta tailerrak. Alternatiba Herrixka eta bere 5 eremu tematikoak (klima eta ozeanoa, garraioak, urbanismoa/etxe bizitza, kontsumo arduratsua, haurrak) 70 erakus mahain eta tailerretaz osatuak ziren. Bertan 600 pertsonatik goitik parte hartu dute 4 hitzaldietan larunbata arratsetik igande arratsaldera. Hitzaldi haietan klima, garraioak, lurren artifizializazioa, laborantza lurren atxikitzea, hirigintza, ozeanoa eta itsasoko baliabideak aipatu dira. Txirrindula tailer ezberdinak, kartoinezko altzairuak, informatika programa libreak, truka gunea, apartamendu eredugarria, erakusketa praktikoak (eko-materialak, lastozko etxeak, tokiko arrainak, etxebizitza partekatua, etab.) beteak ziren goizeko 9:30etarik 18:00k arte.

Krisi klimatikoari, ekologikoari eta sozialari aurre egiteko aterabideen herrixka honen giroa besta girokoa eta herrikoia zen. Edan toki eta bazkari gune izigarri arrakastatsuek aurreikusiak ziren parte hartzeak gainditu dituzte. Mutxiko, hip hop, kontzertu ezberdinak, karrikako teatroa, gertakari bereziak eta karrikako ikusgarri artistikoak, animatu dituzte Zokoako Alternatiba herrixkako karrika eta eremu ezberdinak.

Bilbora. Zokoako asteburuan jakinarazia izan zen, Hego Euskal Herrian, Karta Soziala plataformak, mugimendu sozial eta ekologistak, bai eta sindikatuak biltzen dituenak, larunbata goizean berean bozkatu zuela 2015eko urriaren 24ean Bilbon Alternatiba erraldoi baten antolatzeko xedea. Aldaketa klimatikoaren kontrako eta trantsizio sozial eta ekologiko baten aldeko mobilizazio herrikoia behar litaike indartuz joan klimaren arloan, 2015eko bukaeran Parisen iraganen den nazioarteko gailurra den COP21ari buruz.