Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Alferreko proiektu handi inposatuak, eta euren mundua

Alferreko proiektu handi inposatuak, eta euren mundua

2016/10/17
"Gatazkak demokrazia onbideratzeko ere balio dezake. Bestalde, ez dago, edo ez da inoiz egon demokrazia idealik, burutu gabeko amets bat da hori, eraikitzeke dagoena. Eta hemen, historia honetan kokatzen gara gu eragile gisa, ekologia demokrazian sar dadin lortzeko. Gu gara herrialdeko lau edo bost tokitan ekologiaren auzia modu konkretuan planteatzen duen gizarte mugimendua, gizartea mugitzera behartzen duena, erabakitzeko beste modu batzuk irudikatzera behartzen duena gure bizi ingurunearen hondamen etengabekoa gera dadin lortzeko". Dokumentuak 35 liburuxkan, Julien Milanesik Alferreko Proiektu handi eta inposatuen aurkako 6. Nazioarteko Foroan eman zuen hitzaldiaren transkripzio euskaratua argitaratu dugu.

Julien Milanesiekonomialaria da eta “L'intéret général et moi” filmaren ekoizleetako bat. Dokumentuak 35 honetan, “Alferreko proiektu handi eta inposatuen aurkako 6. Nazioarteko Foro”an eman zuen hitzaldia transkribatu dugu. Foro hau Baionan ospatu zen 2016ko uztailaren 15 eta 17a bitartean.

Deskargatu Dokumentuak 35 pdf formatuan

Deskargatu Dokumentuak 35 epub formatuan

 

[...] Gure konpromisoak [...] lurraldeetan txertatuta daude. Bizi garen lekuetan, aurrez aurre ikusten dugu proiektu txiki edo handi horiek aurrera ateratzeko egin behar diren sakrifizioen tamaina izugarria. Galtzera goazena begiztatzen dugu, proiektu horien kostu gehiegizkoa ezagutzen dugu (adibidez, 20 milioi euro abiadura handiko linearen kilometro bat eraikitzeko), eta geure buruari galdetzen diogu benetan merezi duen. Eta galdera bota dugunez, hau da, zein den proiektuon erabilgarritasuna, interes orokorra da zalantzan jartzen duguna.

Gaur egun, kontzeptua krisian da, ez dago guztiok ados egotea eragingo duen interes orokorrik, aldiz hainbat interes orokor daude, edo, bestela esanda, interes orokorra ulertzeko hainbat modu, munduaren eta etorkizunaren hainbat ikuspegirekin bat egiten dutenak.

Kontzeptu bitxia interes orokorra. Antzematen dugu haren indarra, izaera preskribatzailea eta, hala ere, ameskeria balitz bezala desagertzen da hura ukitzen saiatzen garenean, hura heltzen, definitzen... Berez, gure komunitate politikoek sortzen dituzten gauza asko bezala, interes orokorra fikzio bat da, guztiok harengan sinesten dugulako bakarrik existitzen dena, baina berez inolako funtsik edo substantziarik ez duena, eta hortaz, definitu ezin dena. Gauzak interes orokorrekoak dira bakarrik guztiok ados gaudenean eta onartzen dugunean gure intereserako direla, eta ez bagaude ados, ba ez dira interes orokorrekoak. Beraz, interes orokorra ere krisian da, horixe da egun gertatzen dena.

Zehaztasun handiagoz hitz egiteko, 50eko edo 60ko hamarkadan, berreraikuntzaren eta, ondoren, lehenengo autobideen garaian, mundu guztia –edo ia– proiektu horiekin ados zegoenean, eta ondoren, abiadura handiko lehenengo lineak eraiki zirenean, interes orokorra nahiko ondo definituta zegoen.

Gaur egun, kontzeptua krisian da, ez dago guztiok ados egotea eragingo duen interes orokorrik, aldiz hainbat interes orokor daude, edo, bestela esanda, interes orokorra ulertzeko hainbat modu, munduaren eta etorkizunaren hainbat ikuspegirekin bat egiten dutenak.

Badakit ez dizuedala ezer berririk esaten baina, bizi dugun une hau krisi sakoneko momentua da mendebaldeko gizarteetan: krisi ekonomikoa, soziala, ekologikoa, eta hortaz, baita politikoa ere. Krisia, etimologiari erreparatuz gero, egoera batetik besterako trantsizio une erabakigarria da. Une kritikoa. Eta beraz, guri, XXI. mende hasierako gizakioi, dagokigu hainbat erabaki hartzea, mundua hurrengo hamarkadetan, edo agian mendeetan, zer izango den baldintzatuko dutenak. Eta aukera horiek ezin hobe hezur mamitzen dira GPIIen gaineko erabakietan:

- Ekologiaren auziari dagokionez, hasteko, pentsa dezagun lehen bezala jarrai dezakegula, proiektu berekin, ingurumen konpentsazioaren gainean kontatzen biodibertsitatearen gaineko eragina mugatzeko; aurrerabide teknikoan CO2 isurketak murrizteko; geoingeniaritzan klima aldatzeko noizbait zoratuko balitz eta, azkenik, transhumanismoan gizakiak biziraungo ez luketen planeta batera egokitzeko. Edo kontrakoa; pentsa dezagun erronka ekologikoek aldaketa sakon bat eskatzen dutela gure ekoizteko moduei, bidaiatzeko moduei, etxebizitzak ulertzeko moduei, elikatzekoei, eta gure jarduerak biosferan (planetan), haren legeetan eta mugetan txertatzeko moduei dagokienez. Kasu horretan, biodibertsitatea suntsitzen duten proiektuak, nekazaritzako lurrak kontsumitu eta CO2 isurketak eragiten dituztenak, berehala geldiarazi beharko genituzke.

- Pentsa dezagun, aurreko puntuarekin lotuta, gure horizonte ekonomiko bakarra hazkundea dela, azken mendeetan izan den bezala: ekoizpen materialaren hazkundea, baliabideen erauzketarena, mugikortasunaren hazkundea, abiadurarena, zirkulazioarena? Eta, pentsa dezagun, gainera, auziari buruz izan dezakegun nahitik harago, aukera hori oraindik errealista dela herrialde aberatsetako hazkundeak hainbat hamarkadaz behera egiten jarraitu duen honetan. Aukera hori zentrala da; izan ere etorkizuneko hazkundeari buruz nahi dugunak, edo egiten dugun aukerak, zuzenean mugatuko baititu garraioarekin edo supermerkatuarekin loturiko barne proiektuen oreka ekonomikoari dagokionez egiten ditugun aurreikuspenak. Zirkulazioaren eta kontsumoaren hazkundea ekonomia globalaren hazkundeak baldintzatzen du zuzenean, barne produktu gordinaren hazkundeak. Aldiz, moteltzearen alde egiten badugu apustu, eta, beraz, bizitzaren, elikaduraren, joan-etorrien eta abarren kalitatea bilatzen badugu, dauden azpiegituren hobekuntza bultzatuko dugu, azpiegitura berriak eraikitzearen alde egin ordez.

- Pentsa dezagun hirugarren aukera batean; mundializazio liberala eta lurraldeen arteko lehia ezinbestean onartu behar dugun patua dela, eta egokitu egin behar dugula, jarduera guztia hiriko megagune lehiakorretan kontzentratuta, enpresak eta eskulan mugikor eta kualifikatua erakarrita, haien premiei erantzuten dieten garraio azpiegituren bitartez. Edo bestelako eredu bat nahi dugu, non jarduera ekonomikoak, direla nekazaritzakoak, industrialak edo merkataritzakoak, birkokatu egingo ditugun, lurraldeetan banatu, eta lotura sozialen ehun trinko bat eraiki? Batik bat garraio azpiegitura kolektibo, hurbileko eta kalitatezkoak behar dituena?

- Lurraldeak garatzeko erakartze lana egin behar dela uste dugu? Beste leku batean sortutako mozkinei esker aberastu diren bezeroentzako golf esparru bat eraikita, adibidez? Edo dinamika ekonomiko endogenoak, lurralde barnekoak, sortzearen alde egin nahi dugu?

- Ondoen bizi direnentzako eta munduko eliteentzako, golf esparruen bezeroentzako, antolaturiko mundu bat nahi dugu, haien aberastasuna, tantaka-tantaka, piramidearen behealdean daudenei irits dakien? Edo nahiago dugu diru publikoa hurbileko garraio eta ekipamendu publikoetara bideratu, askoz ere jende gehiagoren eguneroko mugikortasuna hobetzen duten horietara?

Ekologia, hazkundea, mundializazioa, tokiko garapena, desberdintasunak, hortxe dira, haiei loturiko auzi teknikoez harago, guk garaitu nahi ditugun GPII gehienak zeharkatzen dituzten funtsezko erronkak, hortxe gure borroken bitartez planteatzen ditugun aukerak. Aukera horien artean, non kokatzen da interes orokorra? Tentagarria litzateke esatea gure aldean dela, eta lehia egiten diguten ikuspegien interes pribatuak argi daudela. Baina, nire ustez, akats bat litzateke pentsatzea interes pribatu harrapariei bakarrik egiten diegula aurre. Guri dagokigunez, badaude interes orokorrari buruzko ikuspegi koherenteak, benetan aintzat hartu beharrekoak haiei eraginkortasunez aurre egiteko.

Gure rola: ekologia demokrazian txertatzea?

Beraz, interes orokorra krisian da, erabat desberdinak diren bi ikuspegiren artean kolokan, eta orain garatu nahiko nukeen ideia zera da, gaur egun ez ditugula krisi horri konponbidea eman ahal izateko beharrezko erakunde demokratikoak, eta horrek azaltzen duela gure borrokei dagokienez antzematen dugun tentsioaren eta indarkerien gorakada. [...].

Demokrazia deliberatiboaren muga guztiak erakutsi ditugu galdeketa eta eztabaida publikoen jolasa muturrera eramanda; gaur egun zarata egitea lortu dugu, baina oso gutxitan entzuten gaituzte. Hala ere gauzak zertxobait mugitu dira; horren erakusle da galdeketa publikoen batzordeak LGV GPSO (hego mendebaldeko abiadura handiko linearen proiektu handia) proiektuari buruz iritzi negatiboa eman ondoren Richard batzordean eskaini ziguten entzunaldia. [...]

Gaur egun ez ditugula krisi horri konponbidea eman ahal izateko beharrezko erakunde demokratikoak, eta horrek azaltzen due gure borrokei dagokienez antzematen dugun tentsioaren eta indarkerien gorakada.

Baina, azkenean, zenbait aurrerapen egin badira ere, konturatu gara, esperientziak erakutsita, galdeketarako eta errekurtsorako prozedura guztiez harago, gure erakundeen egiazko izaera bertikala dela: demokrazia ordezkatzaile bat da, eta interes orokorra zer den eta zer ez erabakitzeko ahalmena sufragio unibertsalak boterez hornituriko hautetsien esku gera-tzen da.

Edo, bestela, aurkikuntza edo jabetze hori, hautetsiekiko mesfidantza izugarrizko une batean iritsi da: agintaldien metaketa, profesionalizazioa, ustelkeria, abstentzio masiboa, uko egiteak eta gehiago, eta horrek guztiak haiek hartutako erabakien deslegitimazio sakon batera garamatza. Erregea biluzik dago, eta zail egiten zaigu bere erabakietan inposaketa ez den zerbait ikustea: erabakia inposatu egiten digute, zenbait kazike bizkarroiren kapritxoen mende dago.

Eta egiaztapen horrek honako paradoxa honetara garamatza: garran-tzi itzeleko erabakiak ditugu hartzeko, hamarkada luzez konprometituko gaituztenak, baina ez dugu haiek hartzeko behar adina legitimaturiko erakunde demokratikorik. Horrek okerrera egiteko aukerak handiak dira, eta nire ustez, gogoeta sakona egin behar dugu horri buruz, modu ardura-tsuan jardun ahal izateko.

Gatazka sortzen dugu lehen ez zegoen lekuan, eta gatazka horrek aldatzera bultzatu behar ditu erakundeak

Baina gatazkak demokrazia onbideratzeko ere balio dezake. Bestalde, ez dago, edo ez da inoiz egon demokrazia idealik, burutu gabeko amets bat da hori, eraikitzeke dagoena. Eta hemen, historia honetan kokatzen gara gu eragile gisa, ekologia demokrazian sar dadin lortzeko. Gu gara herrialdeko lau edo bost tokitan ekologiaren auzia modu konkretuan planteatzen duen gizarte mugimendua, gizartea mugitzera behartzen duena, erabakitzeko beste modu batzuk irudikatzera behartzen duena gure bizi ingurunearen hondamen etengabekoa gera dadin lortzeko. Gatazka sortzen dugu lehen ez zegoen lekuan, eta gatazka horrek aldatzera bultzatu behar ditu erakundeak. Demokrazia sozialak –hau ere oso inperfektua–, enpresaren munduan oraindik sartzea lortu ez duen arren, gure gizarte segurantzako sistema kudeatzen du. XIX. mendeko fabriketan hasitako mende bateko gatazken fruitua da. Lor dezagun, guk sorturiko gatazken bidez, bere garaian fabrikak auzi sozialarentzat izan zirena izan daitezela lurraldeak ekologiaren auziarentzat. [...]