Afizioa ofizio duin bihurtzearen artea

2019/05/30
Idazleak, musikariak, aktoreak, ilustratzaileak, bikoiztaileak, sortzaileak, Ubikeko bitartekariak... prekarietatera kondenatuak daude? Nola eman buelta egoerari? Nola lortu arte eta kulturan baldintza duinetan lan egitea? Badira arrakasta izan duten hainbat adibide Katalunian eta Madrilen, eta hemen ere bada jendea antolatzen eta gauzak aldatzen hasi dena. Ideiak eta praktikak partekatuko ditugu ekainaren 13an 18:30ean Kaxilda liburudendan (Donostia), ARGIArekin batera antolatutako solasaldian.

#KulturaPrekarizaturikEZ kanpaina jarri dute abian Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek (5 hilabetetik gora daramate greban euren lan baldintzak hobetzeko asmoz). Unai Iturriaga bertsolariak, Sara Cozar aktoreak, Iñaki Beraetxe aktore eta bikoitzaileak, Iker Lauroba musikariak eta Maider Gorostegi Gazteako estatari eta bikoiztaileak bat egin dute kanpainarekin. Gehiago etorriko dira...

Maiatzaren 17an, ere, mahai ingurua antolatu zuten gaiari buruz eta bertan Zaldi Urdina arte eskolako Jon Elortzak eta Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuko Anartz Zuazuak hartu zuten parte. Diagnostikoan denek bat egiten dute: arte eta kulturari ez zaio behar beste garrantzia, eta hortaz, finantziaziorik eskaintzen, merkantilismoaren garai hauetan, ez badira publizitatea ematen duten ekitaldi arrandiatsuak.

Era berean, maiatzaren 25ean Donostian bere lehen batzar irekia egin zuen Lanarteak, Euskararen Langile Autonomoen Intersindikalak. Bertan antolatzen hasi dira euskara tresnatzat daukaten musikariak, kontalariak, bertsolariak, antzezleak, marrazkilariak, kazetariak, itzultzaileak, idazleak eta, oro har, euskararen edozein lanbidetako profesional autonomoak.

Artista, sortzaile eta, oro har, kultura munduan lanean dabiltzanak ez daude konforme eta antolatzen ari dira. Arrakasta izan duten esperientziak partekatzeko eta gaiaren inguruan elkarrizketa sortzeko solasaldia antolatu dugu ARGIArekin batera Donostiako Kaxilda liburudendan ekainaren 13an 18:30ean.

Gorka Bereziartua kazetariak moderatuko duen solasaldian parte hartuko dute:

- Tori Sparks (musikaria eta SMAC musikari aktibisten Kataluniako sindikatuko kidea)
- David García Aristegui (sektore musikaleko koordinatzailea, CNT Madrid)
- Leire Ubeun (Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekaria, abenduaren 22tik greba mugagabean)