A ze argazkia!

2015/07/24
reyurkullu_4725_11.jpg
Astelehenean, uztailak 20, Euskal Enpresaburuen Bilguneak ekitaldi bat antolatu zuen Bilbon Freixenet-eko patroiari Reino de España saria emateko, Felipe VI. Espainiako Erregea buru zuela. Ekitaldian Enpresaburuen Bilguneko presidenteak aldarrikatu zuen “gizarteak espiritu enpresariala babestu eta bere egin behar” duela. / Adolfo Muñoz "Txiki"-ren artikulua.

Adolfo Muñoz "Txiki"

Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko Idazkari Nagusia

Astelehenean, uztailak 20, Euskal Enpresaburuen Bilguneak ekitaldi bat antolatu zuen Bilbon Freixenet-eko patroiari Reino de España saria emateko, Felipe VI. Espainiako Erregea buru zuela.

Ekitaldian Enpresaburuen Bilguneko presidenteak aldarrikatu zuen “gizarteak espiritu enpresariala babestu eta bere egin behar” duela. Hori gauzatzeko, abagune honetan, euskal politikak Ekonomia-Ituna, berriro ere, enpresen zerbitzura jarri behar duela zehaztu zuen. Elite ekonomikoak aspaldi erabaki zuen ez duela zertan zergarik ordaindu.

Politikan ez da existitzen neutraltasuna. Ekitaldiak bi helburu zituen: Lehena, bideorri subiranista Katalanaren kontrako posizioa adierazi, eta bigarrena, enpresaburuen indartzea klase politikoak elite ekonomikoaren estrategia parteka dezan

Elite espainiarrek oso ongi batzen dituzte Aberriaren batasunaren defentsa eta ekonomia eredu ultraliberala. Espainia edozer gauza izan daiteke, baina ez behintzat behar gehien dutenekin solidario. Zoritxarrez, euskal klase politiko eta enpresarialaren parte garrantzitsu bat posizio horretan dago.

Politikan ez da existitzen neutraltasuna. Ekitaldiak bi helburu zituen: Lehena, bideorri subiranista Katalanaren kontrako posizioa adierazi eta herri katalanak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen aurka azaltzea. Horretarako, antolatzaileek soberanismo katalanaren aurkako jarrera sutsua duen enpresario bat eta Errege Espainiarra hautatu zituzten. Bigarren helburua enpresaburuen indartzea zen, klase politikoak elite ekonomikoaren estrategia parteka dezan eta beraien interes antisozialak babestu.

Ekitaldian parte hartu zuten Lehendakariak eta Bilboko alkateak. Halako ekitaldi bat, euskal lurrean, Kataluniak bizi duen momentu politiko honetan, Estaturik gabeko nazioen aspirazio legitimoari irain bat da. Badira lekuak non batek egin dezakeen gauza hoberena bertan ez egotea den.

Euskal lidergo politikoa horrelako argazkietan eroso sentitzen den bitartean ezinezkoa izango da gure burujabetzaren aldeko indar harremanean aurrera egitea; eta jakina, oso zaila izango da justizia sozialaren aldeko eta desberdintasunaren kontrako politika publikoetan aldaketak eragitea.