Hemen zaude: Hasiera Artikuluak 4 paretetatik harago

4 paretetatik harago

2016/06/14
Inork ez ninduen zoriondu. Gutxi batzuek ulertu zuten. Horrela hasi nuen ELAko ibilbidea. Eta hala pasa ditut lehen hilabeteak: ingurukoei ulertarazten zergatik utzi nuen kooperatiben mundua, eta nola egin nuen salto sindikalgintzara.

Naroa ElortzaNaroa Elortza (artikulu hau Goienaren Puntua aldizkarian argitaratu zen)

Sindikatu eta kooperatiben arteko lotura estua azaltzen orduak pasa ditut. Prekarietatea egon badagoela esaten. Oso egoera latzak badaudela, baita Debagoienean ere. Eta sindikatuak horren kontra borrokatzen duela. Neure soldataren %90a afiliatuen poltsikotatik datorrela, langile prekario eta pobreen poltsikotatik.

Hain zuzen ere, prekario horiek dira kooperatiba batzuen jarrera salatzera etorri zaizkigunak. Hitzarmen estatala aplikatu nahi dietela beldurrez esaten digutenak. Orduko 5 euro kobratuko dituztenak.

Ez da onargarria bazkideen soldatak bermatzeko esplotazioa erabiltzea. Eraldaketa 4 paretetatik harago doalako

Mariak beste kooperatiba handi bati buruz itzelak esaten dizkit. Berak telemarketineko azpikontrata batean egiten du lan, baldintza miserableetan. Ahalegin handia eginez, kooperatiba hori defendatzen saiatzen naiz. Baita estatalizazioaren alde dagoen kooperatiba ere, ez zirela ondorioez ohartuko arrazoituz. Baina berdin dio. Bihotza erdibituta daukat.

Eredu kooperatiboan sinesten dut. Benetako alternatiba dela uste dut. Baina kooperatibak ezin dira edonola bultzatu. Ez da onargarria bazkideen soldatak bermatzeko esplotazioa erabiltzea. Eraldaketa 4 paretetatik harago doalako. Langile klase osoaren ongizatea delako helburua, ez gutxi batzuena.