Hemen zaude: Hasiera Artikuluak “Alternatiben Herria inflexio puntu bat izango da mobilizatzeko eta militatzeko moldeetan”

“Alternatiben Herria inflexio puntu bat izango da mobilizatzeko eta militatzeko moldeetan”

2015/10/20
Asko dira, modu batean edo bestean, Alternatiben Herria ekimena bultzatzen ari diren ELAko militanteak. Lagun horien ekarpenak bildu eta sindikatuaren agendan lehentasunezko tokia izan asmoz, AlterELA taldea eratu da. Manu Robles-Arangiz Fundazioko arduradun eta AlterELAko kide Unai Oñederrak lan sindikalean buru-belarri aritzeaz gain eraldaketa sozialaren inguruko gaietan interesa duten militante hauen garrantzia nabarmentzen du.

Landeia 208Elkarrizketa hau Landeiaren 208. alean argitaratu da

Nola definituko zenuke urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herria ekimena?

Ziur naiz inflexio puntu bat izango dela, bai mobilizazio ereduan, militantzia ereduan... Erresistentzian oinarritutako mobilizazio eredu batetik, mobilizazio modu berri eta eraikitzaileago bat     lortzeko bidean urrats berri bat izango da. ELAn, sindikatu bezala, lan egiteko modu eta joera batzuk ditugu; urte asko daramatzagu mobilizazio eta militantzia eredu horrekin. Uste dut Alternatiben Herria ekimena lan egiteko, mobilizatzeko eta militatzeko beste eredu baten hasiera izan litekeela.

Alternatiben Herria egun bateko ekimen erraldoia izango da. Baina, urriaren 24ko bide horretan, prozesua luze bat egon da atzetik. Nola bizi izan duzu?

Prozesu hau ilusioa hitzarekin lotuko nuke. Ezberdinen arteko elkarlan bat eman da, eta elkarlan horretan sortutako giroa azpimarratu nahiko nuke

Prozesu hau ilusioa hitzarekin lotuko nuke. Ezberdinen arteko elkarlan bat eman da, eta elkarlan horretan sortutako giroa azpimarratu nahiko nuke. Hamaika bilera egin dira ekimen honen prestaketa lanetan, eta giroa oso atsegina, lasaia eta konfiantzazkoa izan da. Prozesu honetan parte hartzen ari garen ELAko militanteak ikusten ari gara gauza berri baten aurrean gaudela, ekimen eraikitzaile bat osatzen ari garela, eta horrek beti sortzen du ilusioa.
Etxe barrura begira ere, jende bati mundu berri bat ireki zaio. Beste jende askorentzat, berriz, Alternatiben Herria ekimenak lantzen dituen gaiak sindikatuan bertan lantzeko aukera eman dion prozesua izan da, uneoro elkar elikatuz bi arlo hauek.

Testuinguru honetan sindikatuko kide batzuk AlterELA sortzera erabaki duzue. Zer da AlterELA? Nola definituko zenuke?

2013ko urrian asko izan ginen Baionan egin zen Alternatibara joan ginen ELAko militanteak. Esango nuke guzti-guztiok oso egun atsegina igaro genuela. Egun horren arrakastaren eta sortutako giro apartaren baitan, Hego Euskal Herrian gisa horretako ekimen bat antolatzea amets moduko bat ikusten genuen. Zorionez, aurki erronka hori gauzatuko dugu, eta horrek ilusioz betetzen gaitu. Are eta gehiago prozesuaren nondik-norakoak ikusten badituzu eta amets horren egikaritzan sortu den ezberdinen arteko lankidetza ezagututa.

2013ko urrian asko izan ginen Baionan egin zen Alternatibara joan ginen ELAko militanteak. Esango nuke guzti-guztiok oso egun atsegina igaro genuela. Egun horren arrakastaren eta sortutako giro apartaren baitan, Hego Euskal Herrian gisa horretako ekimen bat antolatzea amets moduko bat ikusten genuen

Begi-bistakoa da ELAk militante asko dituela enpresetan; militante eredugarriak, sindikatuaren oinarri eta lan onaren fruitua direnak. Baina ELAk enpresaren mugak gainditzen dituen diskurtso zabalagoa du, gizarte-ereduaren alor guztiak jorratzen dituena. Hala ere, orain arte ELAk ez zuen enpresako edo lan-munduko borroka horretatik aparte militatzeko aukera gehiegirik eskaintzen. Ez zen erraza askotan gizartearen eraldaketarekin lotutako gai zabal horien inguruan sindikatuan bertan militatzea, kasu askotan ez zegoelako hori ahalbideratuko zuen egiturarik garatuta.

Alternatiben Herria ekimenak eta prozesuaren dinamikak posible egin du ELAko militante horiek sindikatu barruan gai hauen inguruan militatzen jarraitzea. Lagun horiek guztiak bildu eta lan-talde ezberdinak sortzea izan da AlterELAren helburua, xede bikoitzarekin: gai ezberdinen inguruan sindikatuak urratsak eman ditzan eta kanpora begira kontzientziazio eta ekintza mailak handitzea.

Zer eskaintzen dio Alternatiben Herria ekimenak ELAri? Eta ELAk Alternatiben Herriari?

Ekimen honek asko eskaini dio ELAri, militatzeko eta gai askoren inguruan arduratzeko beste eredu baten txipa jarri digulako, sarean lan eginez. ELAk ere asko eskaini dio prozesuari. Sindikatu handi bat gara, afiliazio maila oso altua dugu, eta ahalegin berezia egin dugu jende guzti horrengana hel-
tzeko. ELA bezalako sindikatu batek garrantzia handia dauka egunero-egunero bestelako gizarte hobe bat lortu asmoz alternatibak lantzen ari direnen borrokak zabaltzeko eta saretzeko.

Norbaitek elkarrizketa hau irakurri eta AlterELAn parte-hartu nahi izango balu, nora jo lezake?

AlterELAk erakutsi digu ELAko militante asko eta asko daudela enpresako borrokaz gain gizarte hau eraldatzeko prozesu ezberdinetan buru-belarri lanean. Horietako asko eta asko detektatu ditugu, eta eskualdez eskualde saretzen joan gera. Prozesu hau, zentzu horretan, izugarri baikorra izaten ari da. Baina, hori esanda, ziur gaude oraindik jende asko falta zaigula detektatzeko. Norbaitek AlterELAn ere parte-hartzen eta militatzen hasi nahiko balu, aski du, adibidez, Manu Robles-Arangiz Fundazioarekin harremanetan jartzea (mrafundazioa@ela.eus).