Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Bi milioi zuretzat, bi niretzat

Bi milioi zuretzat, bi niretzat

2012/05/20
Langabeziaren Aurkako 2012ko Planaren izenak ez dauka zerikusirik bere edukiarekin. Benetan ez dago enplegua sortzeko izango den neurririk. Aipatzen diren jardunbideak hutsalak dira, asmo onak, teoria baino ez, zerbitzu eta funtzioen deskribapenetik hara doan ezer ez; zentzu praktiko eta erreala duen ezer ez dago. Ez akordioan jasotako diagnostikoak, ez jardunbideek... planak ez dauka zerikusirik euskal langile-klaseak bizi duen egoera larriarekin.

2012rako enplegu-planaren helburuak lausoak dira, ez da helburu erreal eta zehatzik ezartzen, ezta exekuzio eperik edo garapen-planik ere. Beraz, amaieran ezinezkoa izango da erabakitzea zenbaterainoko eragina izan duen, baliagarria izan ote den edo bete duten; jokabide hau ohikoa da Jaurlaritza honengan.

Zehaztu den puntu bakarra aurtengo aurrekontua da: 321,5 milioi, eta akordioan hitza ematen da hauek ez direla murriztuko. Eskandalu hutsa da enplegu-politikak egiteko aitzakiaz kopuru handiok blindatzea, izan ere, lanbide-heziketaren kasuan bezala, sinatzaileek ez baitute arazorik diru hori beren buruari esleitzeko: patronalek, CCOOek eta UGTk diru publikoa zalantzazko moduan, eta eragin jakinik gabe, kudeatzen dute. Akordioaren benetako funtsa hori baita: pastela gizarte-elkarrizketako (sasi-elkarrizketako) mahaikideen artean banatzea, berez Lanbideri dagozkion egitekoak gauzatzeko. Lanbidek gaur ez du funtzionamendu egokirik; antolakuntza arazo handiak ditu; bere langileek ez dute GE Mahaian erabakitako planen berririk, eta ondorioz, ezta kasu bakoitzari dagozkion funtzio eta eskumenak ere.

Hori baita Gizarte-Elkarrizketako Mahaiaren ezaugarria, hots, alde bakoitzak bere ardurei uko egitea eta gobernuaren zein patronalaren ekintzari babesa ematea. Hau ez da gizarte-elkarrizketako mahai bat, patronalari eta gobernuari ematen zaion bake sozialerako mahaia baizik. Akordioan bertan esaten dute hau: Mahaiak “berretsi egiten du ardura partekatuan oinarria duen eredu soziolaborala, zeinak (…) biderkatu egiten baititu gizarte osoaren onarpena, gizarte-eragileen bermea duen aldetik”. Ideia hauxe jaso zuen 2011n estatu mailan CCOOek, UGTk, CEOEk eta Zapateroren gobernuak sinatutako akordioak, zeinetan jaso baitzen pentsioak murrizteko eta erretiro adina 67 urteraino atzeratzeko erabakia.

Azken urteetan etengabeko prestakuntzarako banatutako fondoen kasuan gertatutakoa aurrekoaren adibide argia da. Taulan agertzen diren datuak hori adierazten dute. Nahiz eta 2011an laguntzen kopuru osoa jaitsi (20,77 milioitik 20,55era) gizarte eztabaidan parte hartu eta gai hauen inguruan erabakitzen dutenek ez dute inolako murrizketarik jasaten. Are gehiago, bai UGTek, CCOOek zein patronalak jasotako kopuruak handitzeko erabakia hartu dute, 2009an %34a zena 2011an %37,6 izatera pasatu da.

langabeziaren subenzioak

Langabeziaren aurkako plana deitutako akordio hutsal bat sinatzea Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren jokabidea zuritzea da; eurek ardura handia dute pairatzen dugun langabezia eta eskubide laboral zein sozial murriztuen egoeran:

  • Eusko Jaurlaritzak doikuntza politikak eta murrizketa sozialak ezartzen ditu; hezkuntza, osasungintza eta etxebizitzarako bideratzen den dirua mozten du; gizarte-prestazioak ari da kentzen, eta milaka herritarri hauek izateko eskubidea ukatzen die; enplegu publikoa ere gutxitzen ari da.

  • Euskal patronala EBko beste toki askotan baino askoz enplegu gehiago ari da suntsitzen, BPGaren bilakaera antzekoa izanagatik ere. Honetarako aldi baterako kontratuak ez ditu berritzen, baina enplegu finkoa ere murrizten du. Gainera, geratzen direnen lan-baldintzak okertu nahi ditu.

  • Politika hauek langabezia haztea ekartzen dute eta biztanleria oro har txirotu egiten dute, enplegua dutela zein ez. Akordioak politika hauei ematen die babesa.

Bi milioi zuretzat, bi niretzat

ELAren dokumentua