Hemen zaude: Hasiera Artikuluak 1.067 hitz sindikalismorako

1.067 hitz sindikalismorako

2011/12/01
Euskara lan munduan egonkortu eta indartzeko asmoz ELA sindikatuak, Manu Robles-Arangiz Institutuaren bitartez, gehien erabiltzen diren hitzen glosarioa argitaratu du "1.067 hitz sindikalismorako" izenburupean. ELAren ustez garrantzia duten hitz jakin batzuen definizioak ere badakartze liburuak.

Esku artean duzun honi hiztegia deitzea gehiegizkoa da, seguruenik.
“1.067 hitz sindikalismorako”, hauxe da eman diogun izena. 1.067 hitz
enpresa eta lantokietan sindikalismoa euskaraz bizi ahal izateko.
Ekarpen xumea da gurea, baina ere berean balio handikoa, gure
ustez. Alde batetik lan honek ELAren konpromisoa adierazten du euskarak
lan munduan behar duen normalizazioarekiko. Urte batzuk daramatzagu
ELAn normalizazio plangintzarekin, argi baitaukagu lan mundua
euskalduntzeko akuilu izan behar garela, eta etxe barrutik hastea
dagokigula. Euskara lan hizkuntza izateko bidean aurrera goaz ELAn,
egiteko oraindik asko dugun arren. Eman dugun urratsen testigantza
bat jaso nahi dugu glosario honetan, eta era berean, etorkizunean urrutiago
joateko konpromisoa berretsi.
Hitz zerrenda honen balioa, era berean, bere izaera praktikoan datza.
Sindikalismotik egiten dugun ekarpen bizi eta eguneratua da, eta lantokietan
egiten dugun ekintza sindikala jasotzen du.
Aurten, ELAren mendeurrena ospatzen dugun honetan, sindikatua
euskalduntzeko egindako bideari ere erreparatu behar diogu. 1976.
urtean Eibarren ospatutako 3. Kongresuan euskararen erabilpena sustatzeko
hogeita hamar hitz inguruko glosarioa onartu zen. Oraingo hau
milatik gorakoa da. Adibide bat besterik ez da, baina esanguratsua da
gure iritziz. Eman diezaiogun, beraz, duen balioa eta handitu dezagun
zerrenda guztion artean.
Sindikatua inoiz baino beharrezkoagoa den garai honetan euskaraz
egindako sindikalismoa ere inoiz baino premiazkoagoa dela uste dugu.
Gure militante, afiliatu eta langileen ahotan balio dezatela berba hauek
euskaraz lan egiteko eta euskaraz bizitzeko. Izan ere, ELAn euskaraz
lan egin nahi dugu, euskaraz bizi nahi dugulako!
Leire Txakartegi (ELAko batzorde eragileko euskara arduraduna)

Liburua jaitsi

1.067 hitz sindikalismorako