Xabier Anza:"Lan ikaragarria egiten dute gure militanteek greba aurrera ateratzeko"

2013/05/16
Greba.JPG
Maiatzaren 15ean Euskadi Irratiko Mezularian Jaime Otamendik grebaren erabilgarritasunaz Xabier Anzari egindako elkarrizketa. Zer irabaziko dugu greba egunarekin? Galderak berak erakusten du noraino gaituen kutsatuak kapitalismoak. Greba bakar batek ez du aldaketa ekartzen, greba gizarte prozesu baten barnean kokatu behar da, langabezia hain gogorra den garai borrka defentsiboan.

Greba egunarekin iritzi publikoan bestelako proposamenak plazaratzeko aukera zabaltzen da. Denak kabitzen garen gizarte batera abiatu behar dugu. Pobrezia gora doa, eta hazkunde garaian ere ez zen jaitsi. Nik asanbladetan bi irudi erabiltzen ditut.

- Marrazki bizidunetan korrika bizian doana amildegira heldu eta korrika jarraitzen du erori gabe, arik eta behera begiratu arte. Politikariak behera begira jarri behar ditugu

- Pipiak jotako altzariak itxuraz ondo daude baina kolpetxo batekin erortzen dira bat batean. Politika pipiak janda dago.

Langile klasea eta herritarrak oro har babestuta sentitu dira politikak nolabaiteko oreka ezartzen zuenean kapitalaren indarraren aurrean. Politikak, orain, paper hori betetzeari utzi dio eta kapitalismoa den bezala azaltzen zaigu, bere gordinean. Txirritak esan zuen bezala: Errespetua gordetu zuten beldur ziraden artean.

Sindikatuak krisian daudela ere esaten da, baina nik uste hemen bi gauza nahasten dira:

- Sindikatuaren indarra: geure erakundea orain 20 urte baino askoz indartsuagoa da.

- Sindikatuaren indar harremana: kapitalaren aurrean indar harreman orain 20 urte baina askoz txikiagoa da.

Silveirak iradoki du egun bateko greba ez dela eraginkorra, luzeagoa egin behar dela. Arrazoi izan dezake, baina gero enpresetara joan behar da eta langileei galdetu egun batekoa bikoa edo hilabeteko greba egin nahi duten.

Nik balio handia ematen diot grebaren prestaketa lanari. ELA eta LABek 3.000 asanblada egin behar ditugu greba txukuna ateratzeko. Asanblada horiek prestatu egin behar dira, aurrera eraman, argudiatu, bozketa egin eta irabazi. Politizazio lan horrek izugarrizko balio dauka, grebaren arrakasta lan horren fruitua baita.

Badakit lan honek izugarrizko ahalegina exijitzen diela sindikatuko militanteei, egunero baitaude enpresa itxierak, konkurtsoak, manifestazioa, grebak, askotan mugagabeak... eta gainera, greba orokorra ateratzeak esfortzu ikaragarria eskatzen du.