Tarana Karim: "EBri eskatzen dioguna ez da ezer oparitzea, giza eskubideez ari gara"

2017/07/14
eko170614_0017 copia.jpg
Europara ailegatzea gurutze-bide latza bilakatu da, giza drama. Mediterraneoa hilerri bilakatu da; iaz 5000 pertsonatik gora hil dira itsasoan, eta hauetariko askok mafiei dirutza ordaindu ostean. Belaunaldiak beharko dira trauma eta zauri hauek sendatzeko. Europako Batasunak dirua eta baliabideak bideratu behar ditu helburu honetara: dirurik ez dagoela argudiatzen den bitartean, dirutza xahutzen da Frontex poliziari ordaintzen. Frontex-ak ez ditut bizitzak babesten, Europaren mugak baizik. Europako Batasunari eskatzen dioguna ez da ezer oparitzea; giza eskubideez ari gara.

Tarana Karim, SOS Arrazakeria, Nazioarteko mintegia Bilbon 2017/06/14

 

Munduan 60 bat milioi errefuxiatu daude, beraien bizitza arriskuan jartzen duen egoeretatik ihesean datoz. Jatorrizko herrialdea uztearen arrazoia ez da beti barnekoa izaten, askotan gatazkaren jatorria kanpo herrialdeetan dago. Sarritan munduko bi potentzien arteko gatazkek hirugarren herrialdetan gudak sortzen dituzte.

Horrelako gatazkak askotan ozeanoren bestaldetik botoi bat sakatuta kudeatzen dira. Ez dakigu noiz eta non tokatuko zaigun, baina hango jendeari tokatu zaio

Horrelako gatazkak askotan ozeanoren bestaldetik botoi bat sakatuta kudeatzen dira. Gatazka belikoetan biktimen %80 pertsona zibilak izaten dira. Ez dakigu noiz eta non tokatuko zaigun, baina hango jendeari tokatu zaio. Ihes egiteko beste arrazoietako bat jatorrizko herrialdeetako diktadurak izaten dira, askotan mendebaldeko herrialdeek babesten dituzten erregimenak. Jakina da diktadurapean giza eskubideak zapalduak izaten direla.

Europako Batasunari eskatzen dioguna ez da ezer oparitzea; giza eskubideez ari gara.

Deigarria da armen negozioak izan duen bilakaera: 2011 eta 2015 artean %14 hazi da arma ekoizpena eta salmenta. Ekoizpen honen erdia AEB eta Errusiari dagokie eta erosle nagusien artean Saudi Arabia, Turkia eta Arabiar Emirerri Batuak. Bakearen aldeko jarrera dutela sinestarazi nahi digute baina gure bizkarrean gatazkan dauden herrialdeetako jendeari armak saltzen ari dira. Txina ere merkatu honetan sartu da erosle bezala eta baita Asian gatazkan dauden herrialdeen arma hornitzaile gisa.

Errefuxiatuen eskubideak babesten dituzten legeak

Hiru dokumentu dira errefuxiatuen eskubideak eta herrialde jasotzaileen betebeharrak zehezten dituztenak.

- I Mundu Gerraren ostean sortu zen ACNURen (Iheslarientzako Nazio Batuen agentzia) lehen bulegoa. 1948 urtean, II Mundu Gerraren ostean, Giza Eskubideen Adierazpena adostu zen eta 14. artikuluan zehaztu egiten da, errefuxiatu gisa zein eskubide bermatu behar diren.

- 1950ean Genevako Konbentzioa sartu zen indarrean: bertan zehatz mehats errefuxiatuen eskubideak eta herrialde sinatzaileek haiekiko dituzten betebeharrak argi eta garbi azaltzen dira.

- New York-eko protokoloa: bertan zabalago jasotzen dira errefuxiatuen eskubideak.

Espainiar estatuaren kasuan, 1978 urtean sinatu ziren aipatutako nazioarteko dokumentuak eta Konstituzioan badaude iheslariei erreferentzia egiten dizkieten artikuluak. Lege aldetik ez dugu gehiago behar: argi dago zer egin behar duten eta zer egiten ez duten herrialde arduradunek.

Euskal gizartean oso erantzun duina eman zaio, gizarte zibilak lan handia egin du baina nolabait eguneko beharrak estaltzeko partxeak izaten ari dira: janaria, arropak...Maila legalean asko dago egiteko, eta akordioak bete ezean ez dago aurreratzerik.

Euskal Herrian gizarte zibilak lan handia egin du baina maila legalean asko dago egiteko, eta akordioak bete ezean ez dago aurreratzerik

European Batasunari politika bateratu baten hutsunea nabari zaio: herrialde bakoitzak nahi duena egiten du, batzuek ez dute ezer egiten, beste batzuek mugak itxi egiten dituzte. Hungariak esate baterako harresia eraiki du, Danimarkan sartzen diren errefuxiatuei exijitzen zaie beren gastu pertsonalak estaltzeko adina dirua izatea. Izatez demokratikoak diren herrialdetan jarrera lotsagarriak ikusi ditugu. Txekia, Polonia, Hungariak boikota egin diote hasieratik EBtik hartutako erabakiei eta orain isuna jarriko zaie errefuxiatuen birkokatze kupoak bete ez dituztelako.

Espainiari 17.000 inguru errefuxiatu hartzeko konpromisoa zegokion eta ez gara ezta 1000ra iritsi, urrian amaitzen da epemuga. Kupoa estaltzetik hurbilen dauden herrialdeak Finlandia, Holanda, Frantzia, Alemania... baina hala ere ez gara %7ra iristen. Alemania izan da errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdeetako bat, baina horren atzean barne ekonomia indartzeko beharra dago eta eskulan aukera gisa ikusten ditu.

Kudeaketa ez da batere duina izaten ari eta giza eskubide oinarrizkoenak zapaltzen ari dira. Turkia eta Libiarekin hitzartutako akordioek garbi erakusten dute Europako ateak gaztelu bat bezala ixten ari diren bitartean, jendea segurua ez den lekuetan uzten ari garela. Badakigu Turkian nolakoa den giza eskubideen egoera eta badakigu ere Libian CIE moduko lekuetan esklabotza baldintzatan bizi direla errefuxiatuak.

Milaka pertsona mugetan geratzen dira oso egoera latzetan, kanpamenduen baldintzak oso eskasak dira. Neguan hotzez izozten ikusi ditzakegu eta udan berriz, beroz ito beharrean Grezian eta Italian. Bi herrialde hauek gainezka egin dute heldu diren errefuxiatuekin eta EBko ez die laguntzarik. Momentu batean Grezia kanporatu nahi izan zuten, Europako ateak ondo babesten ez zituela leporatuz.

Belaunaldiak beharko dira trauma eta zauri hauek sendatzeko

Zailtasun eta jarrera hauek, zoritxarrez errefuxiatuak mafien atzaparretara eramaten ditu. Mafia hauek oso tarifa garestiak finkatzen dituzte Europara edonola sartzeko. Gero bidean, umeak esplotatuak eta emakumeak bortxatuak izan daitezen. Europara ailegatzea gurutze-bide latza bilakatu da, giza drama. Mediterraneoa hilerri bilakatu da; iaz 5000 pertsonatik gora hil dira itsasoan, eta hauetariko askok mafiei dirutza ordaindu ostean. Belaunaldiak beharko dira trauma eta zauri hauek sendatzeko.

Gehienetan ematen dena babes mugatuago bat izaten da, babes subsidiarioa: gatazkak iraun bitartean soilik babesten da pertsona. Gatazka amaitutakoan, berdin da lanik duzun, etxerik duzun zure jatorrizko herrian, ez du axola pertsonen kontrako minak dauden...

Europan 1200.000 inguru babes eskaera ditugu; Siria, Afganistan, Nigeria, Ukrainiatik datoz. Eskaera egin duten pertsonetatik, erantzun positiboa jasotzen dutenak oso gutxi dira eta errefuxiatu estatusa are gutxiagori ematen zaie. Izan ere, gehienetan ematen dena babes mugatuago bat izaten da, babes subsidiarioa esaten zaiona: gatazkak iraun bitartean soilik babesten da pertsona. Gatazka amaitutakoan, berdin da lanik duzun, etxerik duzun zure jatorrizko herrian, ez du axola pertsonen kontrako minak dauden... Errefuxiatu estatusak babes handiagoa bermatzen du, eta ez dago baldintzatuta jatorrizko gatazkaren iraupenera.

Genevako Konbentzioak, errefuxiatuen kanporatzea debekatzen du baina etorkin bilakatzen ditugunean, herrialde hartzaileei pertsona hauek kanporatzeko aukera ematen diegu

Erantzunik jasotzen ez dutenek edota ezezkoa jasotzen duten guzti horiek errefuxiatu estatus gabe, babesgabe geratzen dira: hau da, etorkin ekonomiko gisa tratatzen dira, legez kanpoko egoeratan. Ezagutzen ez duten herrialde batean, lanik gabe. Erregulartasuna lortzeko hiru urteko egoitza behar bada, nola biziko dira urte horietan? Genevako Konbentzioak, zehazki debekatu egiten du errefuxiatuen kanporatzea baina etorkin bilakatuz, herrialde hartzaileak pertsona hauek kanporatzeko aukera dauka.

Zer egin beharko genuke?

- Asilo politika bateratu bat Europako Batasunean.

- Errefuxiatuak hartzerako orduan oreka bat behar da, ezin dira herrialde batzuk bakartu edo isolatu Italia eta Greziarekin gertatu den bezala.

- Aipatutako hiru euskarri legalak bete egin behar dira: Giza Eskubideen adierazpena, Genevako Konbentzioa eta New-Yorkeko protokoloa.

- Asilo politikek ezin dute bereizkeriaz jokatu, Mazedonia eta Hungarian gertatu den bezala: ez zituzten musulman hartu nahi.

Dublineko Tratatuak errefuxiatu askori ukatu egiten die senideak dituzten herrialdeetara joatea

- Asilo eskaera egiten duten pertsonei Dublineko Tratatua aplikatzen zaie: honen arabera, pertsona EBra sartu den herrialdean eskatu beharko luke. Grezian, esate baterako, errefuxiatu askori hatz-markak hartzen zaizkie, geroago Europako beste herrialde batean baldin badaude, Greziara mugituak izan daitezen. Era honetan errefuxiatu askori ukatu egiten zaie senideak dituzten herrialdeetara joatea.

- Europara modu seguruan heltzea bermatu behar diegu, mafietatik babestuez. Jatorrizko herrialdeetan Enbaxadetan era honetako laguntza eman lezakete, bisatuak eskainiz.

- Harrera herrialdeetan duintasun osoz hartu behar ditugu errefuxiatuak, gu tratatuak izatea nahiko genukeen maila berean, eta ez Serbia edo Hungariako kanpamenduetan tratatzen diren bezala, animaliak bailiran.

Frontex-ak ez ditut bizitzak babesten, Europaren mugak baizik

- Europako Batasunak dirua eta baliabideak bideratu behar ditu helburu honetara: dirurik ez dagoela argudiatzen den bitartean, dirutza xahutzen da Frontex poliziari ordaintzen. Frontex-ak ez ditut bizitzak babesten, Europaren mugak baizik.