Sistema emakumeen zapalkuntzan oinarritzen da

2016/03/15
EmakumePrekarioa.JPG
Estik, Elenak, Juanik, Karmelek, Ainhoak, Maribek, Martak, Luciak eta Irantzuk euren testigantza eskaintzen digute hemen, sufritzen duten prekarietate bikoitzaren inguruan: prekarietatea enpleguan eta prekarietatea bizitzan. Testigantza hauek, Euskal Herrian milaka emakumek egunero bizi duten prekarietatearen ispilu dira.

Astekaria 484Artikulu hau Astekarian argitaratu da (Testigantza hauek M8rako grabatu genituen bideoetan jaso ziren)

Esti Sancho. IF perfumeria-kateak Oarson duen denda batean egiten du lan. Prekarietate egoeran lan egin arren –astean 40 orduko lanaldiaren truke 840 euro irabazten ditu, aparteko-pagak barne– bere lankideekin alderatuta “zortea” duela aipatzen du. “Nik, behintzat, lanaldi osoa dut, baina nire lankide askok lanaldi partzialak dituzte, ordutegi zatikatuarekin eta aldez aurretik zein egutegi izango duten jakin gabe. Baldintza horietan ezinezkoa da pertsona batek bere bizimodua antolatzea”.

Elena Rodriguez. Sukaldaria da, eta kolektibitateen sektorean egiten du lan Ascora Plus enpresarentzat. Ez du lanaldi osoa –lanaldiaren %79 du–, eta hileko soldata 1.100 eurotakoa du. Elena banandua dago, eta bederatzi urtetako seme bat du. “Asteburuetan ez bada ezin dut nire semearekin ez bazkaldu, ez afaldu, nire ordutegia dela-eta. Gure ordutegia oso txarra da, bazkari-afariak egin behar baititugu. Eta, nire kasuan bezala seme-alabarik baduzu, ezin duzu beste ezer egin, ez ikasi, ez aisialdirako tarterik hartu...”.

Juani Carmona. Garbikuntzan egiten du lan Gasteizen, Ferrovial enpresan. Hileko soldata mila euroren bueltan dute bertako langileek. Juanik salatzen duenez, lan-baldintzei dagokionez uneoro dardarka daude, lehiaketa bat dagoen bakoitzean soldatak –eta gainontzeko baldintzak– behera botatzen dituztelako. “Azpikontratazioa gure arazorik handienetakoa da, horregatik da hain garrantzitsua ELAk garatu duten Legegintzako Herri Ekimena”.

Karmele Loiti. Arrasaten bizi da, eta bertan egiten du lan, etxez-etxeko arretaren sektorean. Karmelek ez daki hilabete bukaeran zenbateko soldata izango duen, egindako lan-orduen arabera kobratzen baitu. “Arrasaten egoera berdinean gaude langile guztiak. Eta, horrela, ezinezkoa da bizitza duin bat ateratzea. Ez dakigu zenbat ordu egingo ditugun hilean lan, eta, beraz, ez dakigu zenbat irabaziko dugun. Eta horrek ondorioak ditu. Kreditu bat eskatzera zoazenean eta zure hileko soldata zein den galdetzen dizutenean, ez dakizu zer erantzun. Kasu askotan, kreditu eskakizuna atzera botatzen dizute horregatik”.

Ainhoa Aranegi. Telemarketing sektoreko Lanalden enpresarentzat egiten du lan. Aparteko-pagak barne hilean gutxi gora behera 1.000 eurotako soldata du. Euskal Herriko enpresa garrantzitsu askori zerbitzuak eskaintzen dizkio Lanaldenek, astelehenetik igandera 24 orduz. “Euskaltel, Eroski edo Iberdrola bezalako enpresentzat egiten dugu lan. Enpresa horiek sarri askotan euskal labela jartzen diote euren buruari, gure herriaren alde lan egiten dutela zabalduz. Baina, gezurra da. Soilik euren poltsikoen alde egiten dute lan, eta horretarako berdin zaie milaka langile emakume zapaltzea”.

Maribe Cermeño. Etxez-etxeko arreta pribatua eskaintzen duen Etxekide enpresako langilea da. Izugarrizko prekarietatea jasaten dutela salatzen du. “Nire kasuan, lanaldi erdiagatik hilean 400 euroko soldata dut. Gurean ez dago apenas lanaldi osorik. Lanaldi gehienak partzialak eta zatikatuak dira. Batzuetan goizean bi ordu egiten dituzu lan, eta arratsaldean beste bi. Pentsa Bilbokoa ez bazara! Goizeko txandatik arratsaldeko txandara bitartean kalean zer edo zer jaten baduzu eta gainera garraioa ordaindu behar baduzu, ditugun soldatekin egun guztia kanpoan pasa duzu eta gainera dirua galdu duzu!”.

Marta Obregon. Santander bankuko langilea da. Bere inguruko emakume askorekin alderatuta soldatari dagokionez ezin dela kexatu aitortzen du. “Guk eskala asko ditugu, eta soldatari dagokionez maila ezberdinak daude. Dena den, nirea bezalako postuetan hilean batez-beste 1.600 euro inguru irabazten da”. Hala ere, zenbaki horren atzean iruzur handi bat dagoela azpimarratzen du. “Nire lanpostuan lanean hasi nintzenean esan zidaten ordutegia 8 eta 15 ordu bitartekoa zela. Tira, pentsatu nuen txantxa bat zela, eta zera esan nahi zidatela: ordutegia goizeko 08:00tatik arratsaldeko 15:00ak arte zela. Ba ez, lanaldia 8 ordutakoa izan liteke... edo 15ekoa! Egunero bai, goizean 8tan sartzen gera eta 15:00tan atera... bazkaldu eta atzera bueltan bulegora itzuli eta makina bat ordu sartzeko. Behin lan egindako ordu guztiengatik zenbat irabazten nuen kalkulatu nuen, eta kontua da ordua 6 eurotan kobratzen nuela. Horrela begiratuta ez da horrenbesteko pagotxa. Eta, noski, ahaztu gabe horrenbeste lan egiteak atzetik dakartzan ondorio guztiak: ezin kontziliatu, arazo psikologikoak, estresa...”.

Lucia Puertas. Kolektibitateen alorrean egiten du lan, Cocina Central Goñi eta Eulen enpresentzat. Sektoreko langile guztiak –%98– emakumeak direla dio Puertasek. “Soldatari dagokionez ez da prekarioa lan egindako ordu bakoitzagatik irabazten dena kontutan hartzen bada. Baina, arazoa zera da, gurean ia inork –inork ez esateagatik– ez duela lanaldi osoa. Lanaldi ohikoenak hiru ordu ingurukoak dira, eta horrela, noski, ezinezkoa da hilabete bukaeran soldata duin bat izatea. Horregatik, sektoreko baldintzen duintzean eta profesionaltasunean urrats handiak eman diren arren, asko gelditzen da lortzeko. Langile gehienak edo amak edo ikasleak edo beste lan bat bilatu arte sektorean lanean hasten diren emakumeak dira, egunean ordu batzuk lan eginda dirutxo bat irabazten duten emakumeak. Baina honela, noski, pertsona batek ezin du bizimodu duin bat aurrera atera”.

Irantzu Zorzabalbete. BM supermerkatu kateak Bizkaian duen saltoki batean egiten du lan. Bere lanerako enpresek kualifikazio berezirik eskatzen ez dutenez, jendearentzat soldata osagarri bat lortzeko aukera gisa planteatzen da. “Lanaldi osoa dugun langileon soldata 1.200,82 eurotakoa da. Arazoa da langile askok lanaldi partziala dutela. Eta, egiten diren kontratazio berrietan, zer esanik ez. Erretiroa hartu duen lagunen bat ordezkatzeko ez bada, egiten diren kontratazio berri guztiak lanaldi partzialarekin egiten dira”.

Estik, Elenak, Juanik, Karmelek, Ainhoak, Maribek, Martak, Luciak eta Irantzuk euren lekukotza utzi zuten. Azken finean, prekarietateari aurpegia jarri zioten. Norbera bere bizipen eta gogoetekin eurak izan ziren Martxoaren 8ko protagonistak. Lekukotza hunkigarriak eskaini zituzten, Euskal Herriko emakume askok euren egunerokotasunean sufritzen duten prekarietatearen adierazle. Estik aipatu zuen IF-en duen lanaldi osokoaz gain beste lanaldi partzial bat duela hilean soldata duin bat jasotzeko. Elenak aipatu zuen bere lana kaka bat izan arren beste emakume askorekin alderatuta pribilegiatu bat dela. Juanik salatu zuenez berak kamioilari gida-baimena izan arren ez du sektore horretan inoiz lanik aurkitu, emakumeek jasaten duten bazterketaren adibide. Karmelek bere lanaren inguruan hausnartu zuen, emakumeen etxeko-andre rola lan munduan nola islatzen den azalduz. Ainhoak emakume euskaldunentzat ondo ordaindutako lanik ez dagoela salatu zuen, kontziliaziorako dituen trabak gaineratuz. Maribek bere lanaldi bikoitza azaldu zuen, lanetik ateratzen denean etxean gero beste lanaldi oso bat duela agertuz. Martak salatu zuenez bere lanean ama bazara oso zaila da bankuan mailaz igotzea, eta ama askok mailaz jaistea eskatzen dutela gaineratu zuen, laneko presioak kausa. Luciak nabarmendu zuen oraindik ere gizonek ez dutela berea bezalako lanik onartzen, oraindik ere gizartean oso barneratuta baitago soldata gizonezkoek eraman behar dutela etxera eta emakumeena osagarri bat besterik ez dela. Irantzuk denbora librea izateko eskubidea aldarrikatu zuen, eta kezkatuta agertu zen kontsumoan oinarritutako gizarte bat eraikitzea bilatzen duten horiekin. Eta, guztiek, nola ez, ELAko militante izanik, euren borrokan sindikatuaren garrantzia azpimarratu zuten. Gora Martxoaren 8a! Gora emakumeen borroka!