Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Sindikalismo feminista eraikitzen

Sindikalismo feminista eraikitzen

2017/03/23
Jende askok sindikatu batera jotzen duenean bere lan eskubideak urratu dizkiotelako izan ohi da, edota defentsa eta babes kolektiborako tresna bat behar duelako. Emakumeei dagokigunez, ELAk uste du sindikatua tresna baliagarria izan daitekeela, zerbitzu juridiko hutsetik edota defentsa kolektibotik haratago; emakumeen ahalduntze prozesuetan –banako zein kolektiboak direla ere– motorra eta giltzarria izan liteke: emakume batek bere ahotsa entzunarazi eta ausart sentitzen denean; megafonoa hartzen duenean; emakume lankideen arteko elkartasun eta konplizitatea pizten denean, edo eguneroko zaintza eta etxeko lanen inposiziotik askatzen denean.

Jone BengoetxeaJone Bengoetxea, ELA sindikatuko Genero Politiken arloa (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Barne-prozesu horiek denak ahots eta prozesu kolektibo bihurtzea, hori da sindikatuak egin dezakeen ekarpenik handiena emakumeen bizitzari.

Hain zuzen horrela hasten gara sindikalismo feministaren aurpegia moldatzen; sindikalismo honen abiapuntua eta bidelaguna emakumeak ahalduntzea da.

Badakigu emakumeen lan-baldintzak eta bizimodua hobetzeak ez duela berez hausten gizarte honetan gizon eta emakumeen artean dagoen egiturazko desberdintasuna, baina bada urrats bat ezarritako ordena patriarkal eta kapitalista hankaz gora jartzeko bidean

Bestalde, badakigu emakumeen lan-baldintzak eta bizimodua hobetzeak ez duela berez hausten gizarte honetan gizon eta emakumeen artean dagoen egiturazko desberdintasuna, baina bada urrats bat ezarritako ordena patriarkal eta kapitalista hankaz gora jartzeko bidean.

Halaber, gure mugak onartzen ditugu, eta badakigu ez garela iritsi beharko genukeen kolektibo guztiengana iristen; esaterako, etxeko langileak, paperik gabeko emakumeak, aniztasun funtzionala, sexuala edo jatorrikoa duten pertsonak… Halere, eguneroko borroka sindikaletik egiten dugu, edo egin dezakegu ekarpenik benetakoena emakumeen lan-eskubideen alde, eta bide batez emakumeen bizi-baldintzen alde. Bide honetan borroka sindikala eta borroka feminista uztartu egiten dira.
Gainera, konturatzen gara iristen garen lantoki eta sektoreetan –esaterako, sektore prekario feminizatuak– ahalegin izugarria behar dela antolatzeko: horixe da Bizkaiko zahar-etxeen grebaren kasua, etxez-etxeko laguntzarena, garbitasunarena, etab. Sektoreotan agertzen da prekaritatearen aurpegirik gogorrena; prekaritateak emakume-izena du, eta gainera ez da lan eremura mugatzen, bizitzako hainbat esparrutara ere ailegatzen baita.

Horregatik, aurtengo Martxoaren 8an emakumeen eguneroko borrokak aintzat hartu nahi ditugu; dena aurka egonagatik ere egiten ditugun borrokak, erantzuna ematen asmatzen ditugun auziak. 
Aurtengo Martxoaren 8an Bizkaiko erresidentzietako langileek berriro ekin zioten grebari, azken urtebetean 125 egunez egin duten bezala. ELAren ustez hau ez da borroka sindikal hutsa; borroka feminista bat da, sindikatuarentzat eta beste jende eta kolektibo askorentzat eredugarria.

Harro gaude emakumeak lehen lerroan egiten ari diren borroka horietaz! Emakumeok historia egiten ari dira, historia ofiziala gero ezkutatzen saiatzen den arren.

Azkenik, ez dezagun ahaztu aurtengo Martxoaren 8an milaka emakumek lanuzte bat egin zutela, Emakumeen Nazioarteko Paroa – International Women's Strike deialdia zela-eta. Ez dakigu mundua geldituko ote den, baina bai emakumeon bizitza, gorputza eta lana ezinbestekoa dela munduak funtziona dezan. Baten batek erabakitzen badu emakumeok ez dugula balio, gure greba eta mobilizazioak nonahi izango dira.

Gaur, hemen, Euskal Herrian eta ELAn, guk ere lanuztea egingo dugu eta berriro ekingo diogu grebari Bizkaiko zahar-etxeetan! Borroka hau irabazi egingo dugu!