Justizia sozialaren eta ekologikoaren alde Rion den Populuen Gailurretik zuzenean

2012/06/21
IMG_0006.JPG
Ostegun honetan, ekainaren 21an Bilbon eta Baionan bideo hitzaldi bat egina izanen da Rio-ko Populuen Gailurretik zuzenean. Bertan ikusten eta entzuten ahalko ditugu euskal delegazioko eta Populuen Gailurreko beste militante batzuren lekukotasunak, eta zuzenean galderak pausatzen ahalko zaizkie.

Bizi! mugimendu altermundialistako eta ELA sindikatuko ordezkarietaz osatua den euskal delegazioa astelehen honetan, ekainaren 18an, Rio-rat heldu da eta bertan lehen bilkura eta topaketak jarraitu ditu. Ordezkaritza hori Mikel Noval, Saioa Igeregi eta Ainhara Plazaolaz osatua da ELAri dagokionez, eta Barth Camesdescasse-etaz Bizi!rentzat.

Krisi soziala eta ekologikoaren arrazoin sakonei eta sistemak proposatzen dituen aterabide faltsuei buruz zen Biltzar Nagusi Orokorran parte hartu du gaur bertan euskal delegazioak. Delegazioko kideek ber maneran, jarraitu dituzte asteazken honetan, ekainaren 20an, Rion bertan eta mundu osoan, NBEn Rio+20 deitutako Konferentziaren idekitzearen karietarat, iraganen diren mobilizazio eta ekintzen prestaketak. Euskal Herriaren kasuan Biarritzen eta Bilbon iraganen dira mobilizazio eta ekintza horiek.

Ekainaren 15etik 23rat, 600 tailer tematikoren eta egunero eginen diren Biltzar Nagusi Orokorren bidez, elkarte, GKE, sindikatu eta mugimendu sozialen koalizio zabal batek antolatzen duen Populuen Gailurrak egiazko trantsizio baten oinarriak plantan emanen ditu jendarte anitz, zuzen eta jasangarri batzuri buruz joaiteko.  

Ostegun honetan, ekainaren 21an Bilbon eta Baionan bideo hitzaldi bat egina izanen da Rio-ko Populuen Gailurretik zuzenean. Bertan ikusten eta entzuten ahalko ditugu euskal delegazioko eta Populuen Gailurreko beste militante batzuren lekukotasunak, eta zuzenean galderak pausatzen ahalko zaizkie. Prentsa eta interesatuak diren pertsona guziak gomitatuak dira zuzeneko bideo hitzaldi horren segitzerat, arratsaldeko 16:00 etarik goiti, Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan, Baiona Ttipiko Cordeliers karrikaren 20. zenbakian, eta Bilbon Barrainkua kaleko ELAren egoitzan.