Prekariatua: biolentzia, errealitatea eta etorkizuna

2015/11/16
prekarietateariSTOP.jpg
Oso biolentoak egiten zaizkit Teleberriak. Garai batean ez nuen sentsazio hori, gustura ikusten nituen. Egun saiatu izan naiz ikusten noizbait, baina agertzen diren albisteak, eskaintzen dituzten irudi gordinak oso gogorrak egiten zaizkit. Umeei ez diegu ikusten uzten. Teleberri hauek garai batean emango balira bi erronbo izango lituzkete.

Unai OñederraUnai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua

Egunkarietako azaletan eta barneko orrialdeetan ere irudi gordin asko topatu izan ditut. Umetxo bat hilik hondartzako itsas ertzean, buru beltz ugari itsaso zabalean ezin igeri egin, gainezka doazen paterak, harresietan pilatuta Europara etorri nahi duen jende saldoa, kaputxadunak labanarekin laranjaz kantzitakoen zintzurrak mozten, bonbardaketak, bonbardaketa ondorengo irudi pornografikoak…

Irudi biolentoak, errealitate biolento baten isla. Zer esan Pariseko atentatuak hain gertu izanda gainera.

Zenbat jende gelditu da etxe gabe, zenbat jende negu gorrian argia ezin piztu eta etxea ezin berotu, zenbat jende elikadura bankuetara zer jan bilatzen, zenbat langabe inolako diru laguntzarik gabe, zenbat jende bere enplegua defendatu nahi eta ezin, zenbat jende edozein baldintzetan eskaintzen zaion edozein aukera onartu beharrean, azpikontratazioak, prekarietatea, enplegu izkutua, esplotazioa, lanean hildakoak, estresa, suizidioak… Ongi etorri XXI. lan-harremanen eredu berrira.

UrkulluSeEncaraSindicalistas1Oso biolentoa egiten zait ere Arantza Tapiak Adegiren lan-harremanen eredu berria goraipatzen ikustea. Zein da hain modu atsegingarrian Adegik saltzen duen lan-harremanen eredu berri hori, oraintxe aurkeztu dudana ez bada? Guztiona den gobernu bateko kideak ez al du nolabaiteko oreka erakutsi behar?

Urkullu sosegatua oldartu egin zitzaien pankarta baten atzean zeuden sindikalistei. Desoreka agerikoa da. Toña kontseilariak bi sindikatu ilegalizatu nahi z(d)ituen Confebask-eko burua den Larrañagari deitzen dio elkartasuna adierazteko (ilegalizazio asmoarena publiko egin zenean kontseilari bakar batek ez zuen deitu sindikatura, nik dakidala). Desorekak gailurra jo du.

Toñari biolentoa iruditu zaio ELAk kartel batean zortzi pertsonaia publikoren argazkia paratzea. Egunkari eta telebistetan gau eta egun azaltzen diren 8 pertsonaia publikoen argazkia kartel batean jartzea biolentoa omen da. Larrañagak esan du ELA errealitatetik kanpo dagoela. Eta hala da.

Dudarik gabe, Toña eta Larrañagak saldu nahi diguten errealitatetik kanpo dago ELA (besteak beste ELArik gabeko errealitate bat nahi luketelako). Saldu nahi diguten errealitatean ekonomia errekuperatu da, enplegua gora ari da, enpresariek enplegua sortzen dute, enpresariek kontratu finkoak egin eta soldatak igo nahi dituzte baina ezin dute, enpresariei zergak barkatu behar zaizkie enplegua sor dezaten, enpresariak eredugarriak dira, gure seme-alabek etorkizunean izan behar dutenaren irudi.

Langileak, ordea, alferrak dira, beren interes propioa baino ez dute bilatzen, langabe eta prekarioen egoeraren erantzuleak langabetuak eta prekarioak beraiek dira, lan istripuetan hildakoen errua arriskua mesprezatu duen langile berarena da, ahal dugunaren bizimoduaren gainetik bizi izan gara eta orain gerrikoa estutzea egokitzen zaio langileriari.

Egunkari eta telebistetan gau eta egun azaltzen diren 8 pertsonaia publikoen argazkia kartel batean jartzea biolentoa omen da

Beti esan ohi dut ELAn gauza dezente egingo ditugula gaizki, baina baditugula bi gauza bereziak egiten gaituztenak: bata da errealitatea, behekoa, lantegietakoa, langileena, eguneroko bizitzakoa, beste edozein erakundek baina hobe ezagutzen dugula, Euskal Herriko txoko ia guztietan baititugu langileak. Egunero lan munduan gertatzen dena jasotzeko gu baina antena gehiago izango duenik ez da izango seguruenik. Beraz, gure arazoa ez da errealitatetik kanpo egotea, errealitatean guztiz txertatua egotea baizik. Jakina, langileen errealitatean, ez goiko eliteen errealitate fin esklusiboan.

Eta bigarrena da libreak garela errealitateaz dakiguna askatasun osoz salatzeko, dugun autonomia ekonomikoagatik. Ez gaude hipotekatuak, eta ikusten duguna salatzeko askatasun osoa dugu, eta horixe egin dugu kartel honekin.

Gure eredua dira egunero bizitza aurrera atera ahal izateko gogor lanean dabiltzanak. Bizirauteko edozer baldintzatako lana onartzea beste erremediorik ez dutenak.

Ez dugu ezer berririk, ezer larririk egin. Komunikabideek egiten duten gauza bera besterik ez: pertsona publiko hauen argazkiak erabili, egiten dutena azaltzeko. Desberdintasuna da komunikabideetan irudi hauek arrakastarekin lotzen dituztela, ongizatearekin, garapenarekin, hazkundearekin… Eta guk irudiaren ifrentzua eskaini dugu. Arrakasta hori, irabazi horiek lortu dituzte, langileen lan-baldintzak estutzen, okertzen, langileak esplotazio egoeretara behartzen, prekarietatea orokortzen. Hori da biolentoa egin zaiena nire ustez, beraientzat eredugarri diren pertsona horien irudiak zabaltzen ari den miseriarekin lotzea.

Badakite hori hala dela, beraien irabaziak langileen baldintzak okertuz lor ditzaketela soilik. Hau da, langileen lan-badintzak sakrifikatu behar direla enpresen leihakortasuna handitzeko. Baina, diotenez, hori ez da enpresari hauen errua, hori hala da sistemak hala eskatzen duelako, eta hori bete beste erremediorik ez dago. Ezin dira gauzak aldatu, onartu besterik ezin da egin. Prekarietatea egungo errealitatea da, ez enpresari hauek hala nahi dutelako, gauzak horrela direlako baizik.

Beraz, beraien kontakizunean enpresariek enpresak zabaldu eta enplegua sortzen dute, eta sindikatuek enplegua deuseztu eta enpresak itxi. Prekarietatea alda ezin daitekeen errealitateak ekarri du, eta langabezia lan egin nahi ez dutenen kontua da. Desoreka ikaragarria da.

Guk sinisten dugu gauzak alda daitezkeela. Sinistu ez, badakigu gauzak alda daitezkeela. Historia guztia dugu lekuko. Demokrazian, giza eskubideetan, pertsonen bizitzan eman diren hobekuntza guztiak langileen borrokak ekarri ditu. Bere garaian borroka horrek lortu zuen kapitalari mugak jartzea, eta orain ere posible da. Prekarietatea ez da onartu behar dugun fatalitate bat. Prekariatua antolatuz eta borrokatuz gauzak alda daitezke. Zaila da, erronka latza, bai, baina egingarria. Eta hori langile identitatea indartzetik dator. Identitate kolektiboak beldurrak uxatzen laguntzen du. Beldurtuta gauzkatenen argazkiak kartelean jartzeak, beraien ardura azaleratzen du, indarra ematen digu esateko: nahiz eta zuek guri hori saltzen saiatu, hauek ez dira gure eredua. Gure eredua dira egunero bizitza aurrera atera ahal izateko gogor lanean dabiltzanak. Bizirauteko edozer baldintzatako lana onartzea beste erremediorik ez dutenak. Burua altxata, duintasunez, beraien egoera aldatzeko zutitu eta borrokan dabiltzanak. Horiek dira gure eredua. Eta horiek ekarriko dute, gure seme-alabentzat amesten dugun etorkizun hobea.