Munduaren egileak, hau al da eraiki nahi dugun mundua?

2013/05/03
image_large.jpg
[Maiatzak 1] Gaur mundua eraikitzen dugunon eguna da. Enplegatu, zaintzaile, etxeko andre, desenplegatu, nekazari, abeltzain, arrantzale, ekintzaile, kooperatibista, gazte, heldu, gizon, emakume. Gaur langileon eguna da. Mundua gure eskuekin, zangoekin, buruekin, bihotzekin egiten ari garenok, egun berezitu honetan, maiatzaren lehenean, mundua eraldatzeko dugun gaitasuna ospatzen dugu eta mundua beste era batera eraiki dezakegula aldarrikatu.

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz (http://unaionederra.wordpress.com/)

Mundua eraiki baitaiteke zapalkuntzaz, esplotazioz eta bortxaz. Baina mundua eraiki daiteke, ere, gogoz, motibazioz eta bokazioz.

Mundua eraiki daiteke gutxi batzuentzat, baina baita guztiontzat ere.

Mundua eraiki daiteke bulego batean bost pertsonek erabakitzen duten norabidean, baina erabaki dezakegu ere guztion artean nolako mundua nahi dugun.

Eraiki daiteke mundua mozkinak handitzeko asmoz, edo dauzkagun beharrak asetzeko asmoz.

Eraiki daiteke mundua lan ugari ikusezin eginez, edo eraiki daiteke nahi dugun mundu horretarako behar diren lan guztiak kontuan hartuz eta guztion artean banatuz.

Eraiki daiteke mundua xahutzeko infinitu mundu izango bagenitu bezala, edo mundu bakarra dugula kontuan hartuz.

Bai, gu ari gara eraikitzen bizi gaituen mundu hau. Gaitasuna daukagu nahi dugun eta beharrezko dugun mundu hori eraikitzeko. Gaur geure gaitasun hori ospatuko dugu, eta nahi dugun beste mundu hori lortzeko geure indarra ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu. Ahal dugulako borrokatu behar dugu. Maiatzaren lehena maiatzaren hogeita hamarrera begira.