Moldatzearen eta eraldatzearen artean: berrikuntza sindikalaren bi logikak

2015/06/02
azala dokumentuak 32.png
Artikulu honek berrikuntza sindikalaren bi logiken artean egiten du bereizketa: moldatzea eta eraldatzea. Bi logika horiek Alemaniako eta Kanadako bi sindikatu industrialetan izan duten funtzionamendua eta eragina aztertzen du, eta arakatu egiten du zer alderdik eragiten duten berrikuntza logikari bati lehentasuna emateko hartzen diren erabakietan. Ondorioen arabera, bi logikak batera eman daitezke, eta sindikatuak gai dira bi logiken artean txandakatzeko. Ikuspegi konparatibo batetik hartuta, garrantzi berezia dute bi sindikatuek aurrera eramandako berrikuntza prozesuetan eta estrategietan izan dituzten antzekotasunak eta desberdintasunak.

Melisa R. Serrano, Kontsulta ezazu Dokumentu osoa

"... Proposatzen dut berrikuntza sindikalaren bi logika kontrajarri daudela, moldatzearena eta eraldatzearena, edozein sindikatutan batera egoten direnak. Erregimen edo testuinguru instituzional jakin batek berrikuntza sindikalerako logika nagusi bat inposa dezake; bestea, normalean, mendeko gisa existitzen da. Bi logika horiek modu ezegonkorrean elkarrekin egoteak esan nahi du, sarritan, koherentziak baino gehiago inkoherentziak definitzen duela sindikatu baten berrikuntza estrategia. Are gehiago, sindikatuak oso gai dira aldi berean logika desberdinek gobernatzen dituzten testuinguru instituzionaletan jarduteko, batetik bestera kulunka eginez nagusi diren inguruabarren arabera. Horrek esan nahi du bi logika horien arteko elkarrekintza jariakorra dela finkoa izan ordez.

Zein dira logika horien ezaugarri bereizgarriak? Moldatzearen logika oso sakon errotuta dago, eta sindikatu baten kanpoko inguruneak mugatzen du. Epe laburreko konponbideak bilatzen dizkie sindikatuek aurre egin behar dituzten arazoei (esate baterako, afiliazioaren gainbehera eta sindikatuaren eragina) harreman ekonomiko eta sozialetan, eta, sarritan, “suak itzaltzeko” tresnak besterik ez dira. Logika horrek sindikatuen eragin eta botere iturri instituzionalak nagusiki defenditzen dituzten neurriak ezartzen ditu (negoziazio zentralizatua, enpresa batzordeak edo alderdi politikoekiko harremanak). Ez dituzte zalantzan jartzen edo ez dituzte aldatu nahi izaten nagusi diren gizarte eta botere harremanak. Esaten da logika horri jarraitzen dioten sindikatuek beren ekintzak oinarritzen dituztela “egungo sindikalgintza bere gorenera eramateko …

Ez dira kritikoak, hau da, ez dute ordena sozial nagusiaren kritika erabiltzen haiek deskribatu eta sustatzen dituzten sindikatu edo sareentzat” (Waterman, 2004: 224). Logika horri jarraitzen dioten sindikatuek beste estrategia batzuk erabil ditzakete errepertorio tradizionaletik harago, haien abantaila estrategikoak edo antolakuntza ahalmena bultzatzeko (beste gizarte mugimendu batzuekin koalizioak sortzea, enplegu emaileekin elkartze estrategikoak egitea), baina beren nortasuna eta antolakuntzazko egiturak oinarrian aldatu gabe. Taktika militanteak eta aurrez aurrekoak saihesten dituzte, eta haien ordez, nahiago dituzte lankidetza moduko harremanak izan enplegu emaileekin eta estatuarekin.

Bestalde, eraldatzearen logikak indarrean dauden erregimen instituzionalei edo nagusi den ekonomia politikari erronka jotzea bilatzen du. Militantea eta erradikala da, aldi berean, sindikalgintzaren krisiaren erroei aurre egitea bilatzen baitu. Era berean, eraldatzearen logikak “demokrazia bultzatu nahi du langileak beraiek mobilizatuz, zuzenean erronka jo diezaieten autoritateari eta lan arloko hierarkiari” (Friedman, 2009: 142). Hainbat egilek berrikuntza sindikalaren alderdi eraldatzailea lotzen dute gizarte mugimenduko sindikalgintzarekin. Watermanentzat (2004: 249), horrek guztiak gainditu egiten ditu sindikalgintza ekonomiko, politiko edo politiko-ekonomikoaren ereduak, “arduratu egiten baita lan mota orotaz, forma sozio-kultural oro asumituz eta gizarte zibilari zuzenduz”. Kanpainak eta ekintza politikoak antolatzeko gizarte mugimenduen errepertorioa gero eta gehiago erabiltzea, bereziki MELetan, azterlan ugaritan azpimarratu da (Frege y Kelly, 2003; Turner, 2006; Waterman, 2004; Wever, 1998). Erabilitako metodoak dira, besteak beste, negoziazioa ekintza politikoarekin konbinatzea, afiliatuen inplikazioa bultzatzea eta sindikatuko jardueretan parte hartzea, baita erabakiak hartzeko orduan eta taktika militanteetan ere.