Merkataritza itun transatlantiko hau demokraziari aurrez-aurre egindako eraso bat da

2013/11/15
StopTAFTA_Aigle_Us_zpsf922ce67.jpg
Merkataritza itun transatlantiko hau, Democracy Centre institutuak dioen legez, “hau korporazio globalentzako justizia pribatizatu bat da”. Ez al duzu sinesten? Hona zer zioen bere lanaz auzitegi hauetako batean diharduen epaile batek: “Gauean esnatzen naizenean eta arbitrajeari buruz gogoeta egiten dudanean, behin eta berriz harrituta geratzen naiz estatu subiranoek inbertsioen arbitrajea nola onartu ote duten... Hiru norbanako pribatuk boterea dute aldarazteko, inolako mugarik edota errekurtso biderik gabe, gobernuaren ekintzak, auzitegien erabaki guztiak eta parlamentuak emandako lege eta araudi oro".

George-MonbiotGeorge Monbiot, The Guardian, 2013ko azaroaren 4a (originala ingelesez)

Brusela isilik dago itun honen aurrean, zeinak enpresei aukera emango lieke gure legeak, eskubideak eta subirania nazionala hankaz gora jartzeko

Gogoan al duzu Estatu Batuekin merkatu bakarra sortu behar ote genuen itaundu ziguten erreferendum hura? Badakizu, galdetzen ziguna ea korporazioek boterea izan behar ote zuten gure legeak deuseztatzeko? Ez, nik ere ez daukat gogoan. Hara, lehengoan hamar minutuz nire erlojuaren bila ibili nintzen, konturatu nintzen arte jarrita neramala. Erreferenduma ahaztea ere zahartzearen beste seinale bat da. Izan ere, erreferenduma egin zen, ez? Europar Batasunean jarraitu beharko ote genukeen hainbeste sesio ostean, gobernuak ez luke gure subirania organo ilun, antidemokratiko baten esku utziko guri galdera egin gabe. Ala kapaz litzateke?

Enpresa-abokatu talde sekretu bati aukera emango lioke parlamentuaren borondatea saihestu eta gure berme legalak suntsitzeko

Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoaren (TAFTA) xedea AEBren eta europar nazioen arteko araudi desberdintasunak desagerraraztea da. Duela pare bat aste aipatu nuen. Baina alde batera utzi nuen funtsezko auzia: beren herritarrak defenditu nahi dituzten gobernuak auzibidetan sartu eta zigortzeko enpresa handiei emango liekeen ahalmen handia. Enpresa-abokatu talde sekretu bati aukera emango lioke parlamentuaren borondatea saihestu eta gure berme legalak suntsitzeko. Baina gure burujabetzaren aitzindariek ez dute txintik esaten.

Hau gauzatzeko mekanismoa inbertitzaile-estatu arbitrajea delakoa da. Dagoeneko munduko leku askotan erabiltzen da jendea eta ama-lurra babesten dituzten arauak deuseztatzeko.

Demokrazia, benetako edukia duen demokrazia, ezinezkoa da baldintza hauetan. Hau da indarrean izango den sistema, baldin eta itun transatlantikoa gauzatzen bada.

Gobernu australiarrak, parlamentuan eta parlamentutik kanpo izandako eztabaida ugariren ostean, erabaki zuen tabakoa pakete soiletan saldu beharra zegoela, osasunari buruzko ohar beldurgarriak beste markarik gabe. Erabakia Australiako auzitegi gorenak berretsi egin zuen. Baina, Australiak Hong Kongekin sinatu zuen merkataritza itun batez baliatuta, Philip Morris tabako konpainiak mugaz gaindiko (offshore) auzitegi baten aurrean berebiziko kalteordaina eskatu dio gobernuari, bere jabego intelektuala omen dena galdu ei duela-eta.

Finantza-krisi betean, prezioen hazkunde azkarrak eragin zuen haserrearen ondorioz, Argentinak izoztu egin zituen herritarren energia eta ur fakturak. Fakturak hainbeste garestitu eta gobernua erabaki hura hartzera eraman zuten zerbitzu-konpainiek auzitara jo zuten. Krimen honegatik eta antzeko beste batzurengatik, kalteordainetan mila milioitik gora dolar pagatzera zigortu dute. El Salvadorren, tokiko hainbat komunitatek lortu zuen, larrutik ordaindu eta gero (hiru aktibista hil egin zituzten), gobernuak urre-meatze bat ustiatzeko baimena ukatzea, ur-iturburuak kontaminatzeko arriskua handia baitzen. Demokraziaren garaipena? Akaso ez du luzaz iraungo. Meatzea ireki nahi zuen enpresa kanadiarrak El Salvadorri 315 milioi dolar eskatzen dizkio, galdu omen dituen etorkizuneko balizko irabazien kontura.

"Hiru norbanako pribatuk boterea dute aldarazteko, inolako mugarik edota errekurtso biderik gabe, gobernuaren ekintzak, auzitegien erabaki guztiak eta parlamentuak emandako lege eta araudi oro"

Kanadan auzitegiek baliogabetu egin zituzten Eli Lilly konpainia farmazeutikoaren bi patente, hark ez baitzuen aski argi frogatu benetan zein onura zekarten. Eli Lillyk orain Kanadako gobernuari 500 milioi dolarreko demanda jarri dio, eta gainera galdegiten du estatu hartako patenteen inguruko legeak aldatzea.

Enpresa hauek (beste ehundaka batzurekin batera) baliatzen ari dira auziperatzen dituzten estatuek sinatu dituzten merkataritza-itunetan jasotako inbertitzaile-estatu arteko gatazka bideratzeko arauez. Arauak betearazten dituzten organo hauek ez dute gurean auzitegiengandik espero dugun bermerik. Auzi-saioak sekretuak dira. Epaileak enpresa-abokatuak dira, eta euretako askok ebazten ari diren kasuetan inplikatuta dauden korporazioen moduko enpresentzat dihardute. Beren erabakiek eragindako herritarrek eta komunitateek ez daukate parte hartzeko helduleku legalik. Kasuan-kasuko faktuetan oinarrituta ez dago gora jotzeko eskubiderik. Baina erakunde hauek emandako epaiek parlamentuen subirania eta auzitegi gorenen erabakiak hankaz gora bota ditzakete.

Ez al duzu sinesten? Hona zer zioen bere lanaz auzitegi hauetako batean diharduen epaile batek: “Gauean esnatzen naizenean eta arbitrajeari buruz gogoeta egiten dudanean, behin eta berriz harrituta geratzen naiz estatu subiranoek inbertsioen arbitrajea nola onartu ote duten... Hiru norbanako pribatuk boterea dute aldarazteko, inolako mugarik edota errekurtso biderik gabe, gobernuaren ekintzak, auzitegien erabaki guztiak eta parlamentuak emandako lege eta araudi oro".

Herritarrek, ordea, ez dute pareko eskubiderik. Ezin dugu auzitegi hauetara jo enpresen lukurreriatik babesteko berme hobeak exijitzeko. Democracy Centre institutuak dioen legez, “hau korporazio globalentzako justizia pribatizatu bat da”.

Auzibideek aurrera egiten ez badute ere, legegintzan galga efektu latza izan dezakete. Kanadako gobernuko arduradun batek Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Itunaz honakoa zioen: "Ikusi izan dut, azken bost urteotan esku artean zituen ingurumenari buruzko araudi eta proposamen berriak zirela eta, New Yorkeko eta Washingtongo abokatu bufeteek Kanadako gobernuari zuzendutako gutunak nola iristen ziren. Hainbat gairi buruzkoak ziren: lehorreko garbikariak, botikak, pestizidak, patenteei buruzko legedia... Ia ekimen berri guztietan zetorren abisuren bat, eta gehienak ez ziren sekula gauzatu". Demokrazia, benetako edukia duen demokrazia, ezinezkoa da baldintza hauetan.

Hau da indarrean izango den sistema, baldin eta itun transatlantikoa gauzatzen bada. AEBak eta Europar Batzordea, zeinak ustez arautu behar dituzten korporazioen esku baitaude, presioa eragiten ari dira inbertitzaile-estatu arbitrajea itunean jaso dadin.

Batzordeak politika hau zuritzeko esaten du tokian tokiko auzitegiek ez dietela korporazioei babes nahikoa ematen, “partzialak direlako edo independentziarik ez dutelako”. Zein auzitegitaz ari da? AEBetakoez? Bere kide diren estatuko auzitegiez? Ez du argitzen. Izan ere, ez du adibide bat bera ere ematen auzitegiz gaindiko sistema berri baten beharra arrazoitzeko. Aitzitik, korporazioek gure auzitegiei itzuri egin nahi diete hauek oro har ez direlako partzialak, edota independenteak badirelako. Europar Batzordeak auzitegi ireki, burujabe eta erabakien ardura beren gain hartzen dutenak ordezkatu egin nahi ditu beste sistema batekin: itxia, ustela eta interes-gatazkek nahiz botere arbitrarioek kutsatutako sistema.

Inbertitzaile-estatu arauak erabili ahal izango lirateke, esaterako, NHS Erresuma Batuko osasun-sistema publikoa enpresen kontrolpean jartzeko, banku-sistema berriro arautzea saihesteko, energia-konpainien diru-goseari mugak jartzeko saioak galarazteko, trenbide-sistemak bernazionalizatzea ekiditeko, edota erregai fosilak lurpean gera daitezen posible ez egiteko. Arau horiek alternatiba demokratikoak baztertzen dituzte. Ezkerreko politikak ilegalizatu egiten dituzte.

Horregatik ez da saiatu Erresuma Batuko gobernua herritarrei demokraziaren aurkako eraso lazgarri honen berri ematen; are gutxiago, haiek kontsultatzen. Horregatik daude kontserbadoreak, burujabetzaren antsiz bizi omen diren horiek, isilik. Esna zaitezte, lagunok; izorratzen ari zaizkigu!