Klase elkartasuna Alemanian

2013/04/18
20130418_070645.jpg
Heldu gara neoliberalismoaren erasoaren bihotzera. Tatcher joan da baina, orain, Merkel dugu orain austeritate politikekin itsututa. Europako periferiak txukun bete ditzala bere mandatuak: lan erreformak soldatak jaisteko, pentsio erreformak, gastu publikoan murrizketak... guztia banku alemaniarrek zor zaiena jaso dezaten. Merkelek ez du Alemaniaren alde agintzen, bere klaseko alemaniarren alde baizik.

Besteak beste Zizurkilgo Huyck Wangner itxi nahi dute berak exijitutako lan erreformari esker. Globalizazioa deitzen diote baina multinazionalizazioa da. “Egin ezazue nahi duzuena”. Diskurtsoa ongi ikasia daukate. John Dave Pretty multinazionaleko kontseilari ordezkariak Zizurkilgo planta itxi behar zutela esan ondoren “ez da zuengatik, zuke oso langile finak zarete, oso ongi lan egiten duzue”.

 

Hiru hilabete ia greba mugagabean eta Alemaniara etortzea erabaki dute, Huyck Wangnerren Europako egoitza nagusira. Zertara baina? “Enpresari demostratzeko antolatu eta multinazionalaren matrizean azaltzeko gaitasuna dugula, erabakiak hartzen diren lekuan bertan; hemen erabaki baitzuten gure lantegia ixtea. Beste plantek bazuten horren berri guk izan aurretik. Ikus dezatela edozer gauza egiteko gai garela Zizurkilgo lantegia ez dezaten itxi” dio Asier Morenok.

Enpresari demostratzeko antolatu eta multinazionalaren matrizean azaltzeko gaitasuna dugula, erabakiak hartzen diren lekuan bertan

Egia da, ederki antolatuak daude languleak. 74 pertsona dira kaleratze arriskuan daudenak. Astero biltzen dira 11 taldetan. Talde bakoitzak arduradun bat dauka. Bilera hauetatik ateratzen dira mobilizazioetarako ideiak eta lanak.

Bidaia hau ere hor azaldu zen. Nahi zuenak eman zezakeen izena. Hogei bat pertsona etortzea espero zuten. Atzo gelditu zen jendea hona ez etortzeaz damututa, dei pare bat ebhintzat jaso genuen Frantzian autopistan ginela.

Azkenean 17 langile etorri dira (Asier Moreno, Eneko Puyadera, Jose Angel Garmendia, Idoia Jometon, Jose Joakin Domeño, Miguel Angel Gonzalez, Txema Zinkunegi, Luis Mari Lekuona, Javier Sanchez, Jose Angel Cerezo, Roberto Galvez, Goretti Salaberria, Irantzu Carrera, Silvia San Sebastian, Imanol Zaldua, David Gonzalez, Conchi Civico) zenbait seniderekin batera. Atzo autobuseko literetan sartu ginenean esan zuen norbaitek “eskerrak ez garen gehiago etorri bestela nekez sartuko ginateke”. Goizeko 7tan heldu gara Huyck Wangner parera. Jendeak nahiko gaizki egin omen du lo, salbuespenak salbuespen. Baina orain taberna batean gosaldu ondoren gustura gaude tertulian.

Bidaian poker eta mus txapelketez gain (Roberto eta Cerezo txapeldunak), irratia egon zen musika bota eta bota, eta gau partean filme barregarri bat. Bazkaldu eta afaldu autobusean bertan egin genuen, geldialdi labur-laburrak eginez iritsi baikara hona. Autobusetik atera eta berehala joan dira hiruzpalau lantegiko makinak ikustera “hortxe egiten dute tela!”.

Gaur eta biharko festa programazioa:

Gaur (Txemak 43 urte betetzen dituen honetan, Zorionak Txema!)

11tan Kontzentrazioa enpresa aurrean (gu gehi IGMetalleko ordezkari 1 gehi hemengo lantegiko 40 ordezkari

Arratsaldean enkartelada herrian

Bihar

9:30tan prentsaurrekoa IGMetallen egoitzan bertako arduradun eta ordezkari batekin.

13:00tan IGMetallek duen kotzentrazio batean hitz egitera gonbidatu gaituzte 1000 ordezkariren aurrean.

Ikusten denez Merkelek bere klaseko alemaniarren alde lan egiten duen bezala, IGMetallek bere klaseko euskal herritarren alde lan egiten dute. Dankeschön, IGMetall!