Kataluniako irakaspenak

2016/02/23
AHKatalunia.jpg
Azken asteotan Kataluniari buruzko informazioa nabarmen gutxitu da euskal komunikabideetan, batez ere Carles Puigdemont lehendakari berria izendatu dutenetik. Inbestiduraren aurreko asteetan, hala ere, egoeraren berri ematea ugaria bezain bikaina izan zen, komunikabide abertzale eta publikoetan batik-bat. Argibideen muina zen ea CUPek sostengua eman behar zion Artur Masi edo ez. Eta CUP eta dilema politiko hori dela-eta, abertzalismoaren baitan hiru jarrera oso desberdin hartu dira, eta nik azpimarratu nahi nituen.

Xabi AnzaXabier Anza, ELAko trebakuntza arduraduna (artikulua Landeian argitaratu da)

Burujabetzari buruzko Monografikoa

Lehen jarrera hartu dutenek ezetz borobila eman diote erakundeen politika mobilizazio sozialaren gorabeheren menpe uzteari. Urkullu lehendakariak bete-betean asmatu du diskurtso hori adierazten esamolde bakar batez: “Oso kezkagarria iruditzen zait erantzukizunik ez duten mugimendu sozialek Katalunia osoa baldintzatzea”. Azken finean printzipioen posizionamendu bat da; eta, alde batetik, autogobernuan aurrera egiteko ekimen oro erakundeen eta alderdien esku uztea eskatzen da; eta, bestetik, “ordena”ko alderdiei indar alternatiboekin, CUP edo antzekoekin, aliantzarik ez egitea gomendatzen zaie. Posizionamendu hori ederki islatu da Landeiaren ale honen editorialean.

Hirugarren iritzi-talde batek, nazionalismoan —nik uste— gutxiengokoak, CUPen jokabidea baloratu du, azkenean Masen alde agertu behar zen edo ez berariaz adierazi gabe

Abertzalismoaren bigarren iritzi-talde batek, zuzenean edo zeharka, amore ematea eta Masen inbestidura onartzea gomendatzen zion CUPi. Ondo dago, noski, ezkerrarena, gizarte-erreskatearena, CiUren usteldurarena… Baina “ataka historiko” honetan, arazo nagusia prozesu irekian aurrera egitea da, eta gero gerokoa —gai sozialak eta klasekoak—. Argudio hori zaharra da, eta ikurrez betea da, Maltzagakoa adibide, CUPi zer egin behar zuen esateko nekatu arte erabili dena.

Hirugarren iritzi-talde batek, nazionalismoan —nik uste— gutxiengokoak, CUPen jokabidea baloratu du, azkenean Masen alde agertu behar zen edo ez berariaz adierazi gabe. Ikusmolde horretatik erabakigarria ez zen aurreko president-i sostengua eman edo ez eman, muina zen inbestiduraren eztabaidan justizia sozialeko puntuak sartzea, herria eragile eta xede izatea, herritarren ongizatea eta erabaki-ahalmena handitzea. Hirugarren iritzi-taldekoentzat independentismoaren erronka gizartearen gehiengoen sostengua irabaztean datza, eta horregatik, prozesuan klase xeheentzako justizia- eta elkartasun-puntuak sartu behar dira, gizatalde horiek izan baitira krisiak gehien jo dituenak, eta subiranotasun-eztabaidan “berena” aipatu ezean, mesfidati agertuko dira halabeharrez. Bestalde, garrantzia ematen zioten gizarte-arazoa eztabaidaren erdigunean jartzeari, zeren estatuak ez dira neutro sortzen, estatu bakoitzaren definizio genetikoan gizatalde xeheek gerora izango dituzten ahalbideak datoz markatuak; hori ondo frogatu da trantsizio espainiarrean, non, besteak beste, klase ahaldunen abantailak, erregimen frankistatik zetozenak, ukitu gabe mantendu diren.

Garrantzia ematen zioten gizarte-arazoa eztabaidaren erdigunean jartzeari, zeren estatuak ez dira neutro sortzen

Hiru ondorio. Egia bada, esan dudan bezala, abertzalismoa orokorrean hiru jarrera horietara banandu dela, eta hiru jarrerak batera bideratzeko zailak direla, atera daitezkeen hiru ondorioak nahiko goibelak dira. Lehenengoa da abertzalismoaren gehiengo handi batek begirunea galdu diola CUPi, eta hori albiste ezin txarragoa da. Bigarrena, estrategia independentista partekatu bat pentsaezina dela, kontuan izanda unibertso abertzaleko galaxiak oso urruti daudela bata bestetik: ez dago teoria bateraturik euskal kosmologiarako. Hirugarrena, erabakitzeko eskubidea lortzeko, Euskal Herriko mobilizazioa funtsezkotzat jotzen dutenak ez omen dira jabetu, ezta hurrik eman ere, nazionalismoaren zati handi batek ez duela begi onez ikusten mobilizazio hori, ezta eragiteko modu hori ere.

Alde on bakarra zera dugu: gaizki egindakotik badugula zer ikasi, eta geroko baterako ikasiko dugula espero dut. Bestalde, argitaraldi hau ixteko zorian gaudela, Kataluniatik berri bat iritsi zaigu, Justs pel Sí-k eta CUPek ekin diotela “deskonexio” delakoaren hiru lege nagusiak prestatzeari: iragankortasunaren legea edo Kataluniako Araubide Juridikoaren legea, Zerga Administrazioaren Legea (Ogasuna), eta Gizarte Babesarena (Gizarte Segurantza). Hiru lege horiek aurreikusita zeuden azaroaren 9ko adierazpenean. Ekimen hori, aurrekontuen luzapenarekin batera, garrantzi politikoko lehena izan da Katalunian gobernu berria eratu denetik. Aurrekontuei emandako sostengu hori ere (CUParen 5 botoekin) ez da kontu hutsala, aurrekontuek izaera neoliberal garbia baitute. Baina inor ez dago salbu kontraesanetatik, eta gure etxean are gutxiago.