Heziberri? Konfrontazio eta alternatiba garaia da!

2015/01/13
xirastorza.jpg
Xabier Irastorza: "beste hainbat arlotan gertatzen ari den moduan, jaurlaritzak hezkuntza komunitateak eta jendarteak eskatzen dion erantzukizunari muzin egin eta Espainiako gobernuari men egitea erabaki du. Heziberri 2020 egitasmoaren bidez, Eusko Jaurlaritzak Wert ministroaren hezkuntza erreformari men egin eta EAEko ikastetxeetan ezartzeko erabakia hartu du."

Xabier Irastorza

Xabier Irastorza“LOMCEren kontra gaude goitik behera”; “babesik eta adostasunik gabeko lege baten paradigma da”; “bere abiapuntua euskal hezkuntzako errealitatearen diagnostiko oker bat da”; “berzentralizatzeko lege bat da”; “hogei urte luze atzera egitea esan nahi du”…Urkullu eta Uriarteren hitzak. Horretan bat gatoz. Euskal hezkuntzari azken berrogei urtean egin dioten erasorik gogorrena da. Inposizioz ezarritako legea, erabateko inboluzio pedagogikoa dakarrena, eskolaren funtzionamendu demokratikoari sekulako astindua ematen diona, irakaskuntzaren ikusmolde merkantilista hutsean oinarritua, berzentralizazioa helburu duena, espainiar eskuin muturraren ideologia sozial, politiko eta morala ezarri nahi duena, bide batez PPren gustoko ez diren pentsamolde edo errealitate sozial, politiko, kultural edo linguistikoak ezabatuaz; “erreformaren helburua ikasleak espainolizatzea da”. Ezin hobeto azaldu zuen Wert ministroak bere asmoa.

Tamaina honetako erasoa ikusirik, zer nolako erantzuna ematen ari da, ordea, Eusko Jaurlaritza?

Honelako desafio politikoak erantzun politiko sendoa eskatzen du. Baina, beste hainbat arlotan gertatzen ari den moduan, jaurlaritzak hezkuntza komunitateak eta jendarteak eskatzen dion erantzukizunari muzin egin eta Espainiako gobernuari men egitea erabaki du.

Heziberri 2020 egitasmoaren bidez, Eusko Jaurlaritzak Wert ministroaren hezkuntza erreformari men egin eta EAEko ikastetxeetan ezartzeko erabakia hartu du.

Hezkuntza Sailaren dekretu zirriborroek LOMCEk aurreikusten dituen “errebalidak” eta hezkuntza erreforman ezartzen diren ebaluazio irizpideak bere egiten dituzte eta ondorioz euskal hezkuntza sistemaren, curriculumaren eta pedagogiaren eta edukien gaineko erabateko kontrola espainiar estatuaren esku uzten dute.

Heziberrik LOMCEren curriculum dekretuak, espreski, bere egiten ditu eta bere curriculum dekretuetan txertatzen ditu. Hala nola, Espainiar Konstituzioaren garrantzia, Monarkia edota egungo banaketa administratibo-politikoa bere egiten ditu. Honela euskal errealitatea, nortasuna eta kultura ez da curriculumaren oinarri eta ardatz, kasurik onenean espainiar estatuak ezarritako curriculumaren osagarri baizik. Honekin batera, oso larria den eta LOMCEn nagusitzen den ikuspegi neoliberal-merkantilista ere erabat presente dago dekretu zirriborroetan. Eta erreformak egiten duen ikasle segregazioa ere onartu egiten du jaurlaritzak.

Hizkuntzen trataera dagokionez ere, LOMCEk ezartzen duen muga bere eginez, egungo hizkuntza ereduen sistema (A,B,D) berresten du. Jakina da hizkuntza ereduen sistemak ez duela ikasleen euskalduntzea lortzen eta LOMCEk espreski debekatu eta mugatzen dituen norantzan pauso berriak emateko premia dagoela, euskarazko murgiltze ereduak oinarri hartuta.

ELArentzat onartezinak dira Heziberri 2020ren baitan proposatzen diren curriculum dekretu hauek. Izan ere, hezkuntza erreformak ezartzen dituen eraso eta kontrol neurriei aurre ez egiteaz gain bere egiten baitituzte. Honela, Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 LOMCEk berarekin dakartzan atzerapauso pedagogiko, eduki ideologiko, ikuspegi merkantilista eta espainiar estatuaren euskal hezkuntza sistemarekiko menpekotasuna ezartzeko tresna bihurtu du.

Heziberri edo balizko hezkuntza lege propio baten balioa erabat baldintzatua geratzen da LOMCEri nola aurre egin eta gainditzen duen zehazten ez den heinean. Euskal Herrian, kanpoko injerentzia eta inposaketarik gabe, gure hezkuntza sistema propioa, hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen behar eta nahiei erantzungo dien hezkuntza sistema garatzeko premia dugu. Horretarako ezinbestekoa dugu gure egungo hezkuntza sistema txikitu eta kontrolatu nahi duen LOMCEri aurre egitea eta hainbat hezkuntza eragileren artean proposaturiko gidan azaltzen ditugun ardatzen baitan eta ikastetxe eta herri ugaritan lantzen ari diren proposamenen baitan alternatiba eraikitzen joatea. Heziberriren dekretu zorriborroak kontrako bidean doaz.

Uriarte Hezkuntza Sailburuari eta Urkullu lehendakariari, nahiz gainerako euskal eragile politiko eta sozialei, egoerak eskatzen duen tamainako erantzukizuna eskatzen diogu. Erreforma honek gure hezkuntza sistemari eta euskal jendarteari egiten dion erasoak eta espainiar gobernuaren jarrerak estatuarekiko konfrontazio demokratikoa beste biderik ez du uzten.

Duela bost hamarkada euskal jendarteak antzeko erronak bati aurre egin zion. Konfrontazioa, desobedientzia eta alternatibaren bidea jorratuz, alegia. Gaur ere konfrontazio eta alternatiba garaia da. ELA, beste hainbat hezkuntza eragilerekin batera, erantzun eta alternatiba hori eraikitzen ahalegintzen ari da. Hezkuntza komunitatea eta jendartea erasoaren tamainaz jabe arazi nahi dugu, antolatu, aurre egin eta gure hezkuntza sistema eraikitzean pauso berriak ematea. Herri honek hezkuntzan egin duen ibilbideak eta azken urte eta hilabetetan egin diren ekimen eta mobilizazioek argi utzi dute horretarako aukera dagoela. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez gaitzala bide honetan bakarrik utz, are gutxiago kontrako norantzan pausoak ematea.