Gizarte zuzen bat, lurra zainduz ere

2014/09/15
bizi sarrera egiteko kanpoan.jpg
Bizi! mugimenduak Lapurdi hegoaldean duen Bizi-Larrun tokiko taldeak urriaren 5-ean Ziburun iraganen den Alternatiba Zokoa’ antolatzen du. Bakartxo Arrizabalaga eta Nicolas Goñi, Bizi-Larrun-eko bi kideek alternatiben herrixka honetara gomita luzatzen digute. Alternabita Zokoa tiene como objetivo mostrar las diferentes alternativas que estamos construyendo. El próximo 5 de octubre tenemos una cita en Ziburu, en el barrio de Zokoa. Porque otro mundo es posible y lo estamos haciendo ya.

Landeia 199. zkia, X. Harluxet.

zokoa alternatiba

Batzurentzat, zoriona kontsumitzen diren produktu kopuruen araberakoa da. Igandeko planik ederrena, ordea, ez da hipermerkatu batean erosten aritzea. Horientzat, hitzordu paregabea izanen da urriaren 5ean Ziburuko Zokoa auzoan antolatua izanen den Alternatiben herrixka. Bertan ikusiko dituzte nagusitua zaigun eta ezinbesteko dela dioten bizimodu hits eta zentzugabea alde batera uzteko jadanik abian diren alternatibak.

Zoriona kontsumitzen den produktu kopuruen araberakoa dela uste dutenentzat eta igandeko planik ederrena hipermerkatu batean erosten pasatzea dela diotenentzat ere gomita luzatua da urriaren 5ean Ziburuko Zokoa auzora, Alternatiben herrixka ezagutzera, askoz egun hobea pasako baitutelako eta diren baino askoz zoriontsuago nola izan daitezkeen ikasiko baitute bertan.

Alternatiben herrixken dinamika. Alternatiben herrixken dinamika, alternatiben herrixka deitzen duguna, gaur egun inposatua zaigun bizimodu xahutzaile, zuzengabe, lehiakor, zapaltzaile eta tristeari aurre egiten duen herrixka da, alternatiba eskaintzeko antolaturiko egun oso bateko ekitaldia.

Jadanik abian diren alternatibak ikusiko dira bertan, eta abian jarri dituztenekin solastatzeko parada ere izanen da. Alternatiba jakin batzuen erakuslehioa da: garraio modu alternatiboak eta jendeen arteko harreman modu alternatiboak; kontsumitzeko modu alternatiboak bezala, ez kontsumitzeko moduak ere bai; klima aldatzen ez dituzten bizimoduak ezagutzeaz batera, klima aldatzen badigute, nola egokitu ikasteko parada; gure osasun eta bizipozaren alde, gobernuei eskatu behar dieguna eta geuk egin dezakegun guztia.

Norberak amestu duen hura egiten hasteko lehen pausoa izan daiteke Zokoarako bidaiatxoa… eta segur, etxerako bueltan, bihotz zokoan, Zokoa eramanen duela pilpiraka.

Herrixkaren 3 ardatz nagusiak. Alternatiba Zokoa Alternatiben herrixken dinamikan sortu da. Iazko urrian, Baionan egin genuen eta 12.000 lagun bildu, Baiona Ttipiko karriketan barreiaturiko ehunka alternatiben inguruan. Hiru ardatz ditu Alternatiben herrixken dinamikak:

  • Dagoeneko abian diren alternatiba jakin zehatzak ezagutzera ematea eta jendeari horietara lotzen laguntzea: eko-etxebizitzak, baratze ekologikoak, tokiko monetak, trukea, banku etikoak, lanaren partekatzea, bidaien partekatzea, heziketa askatasunean, bizikleta konponketak, berziklaketa, etab.
  • Gizakien eta bizi dugun ingurumenaren arteko elkar eraginen gaineko ezagutza zabaltzea. Mintzaldiak, eztabaidak: klima aldaketa, laborantza, garraioak, ekonomia, giza harremanak eta gizarte antolaketa, ekoizpen moduak eta bizi moduak, hirigintza eta eguneroko bizitza, itsasoa eta klima, etab.
  •  Besta berreskuratzea. Haur joko alternatiboak, kontzertuak, besta giroa, kalitatezko janariak eta edariak dastatzeko aukera, karrika dantzak eta antzerkia, ezagutza jokoak, etab.

Ziburuko Zokoatik, Pariseko COP21ari so. Baionako hetsiera ekitaldian dei bat egin zen 2015eko Klimari buruzko Pariseko COP21 goi bilerari begira, 10, 100, 1000 Alternatiba antolatzeko. Jadanik 40 bat alternatiba dira antolatze bidean Europan, bai eta beste bat Tahitin ere. Alternatiba Zokoa bide horretara lotu da, klima aldaketari aurre egiteko konponbide asko gure esku dugulako, ez dugulako gobernuen zain egoterik eta 2015eko Pariseko klimari buruzko goi bileran bilduko direnean, gure ahotsa ozen entzuna behar dutelako, haiek ere zerbait eginen badute.

Beste mundu bat posible izateaz gain, abian dugu, lot zaitez zu ere gure bideari. Zatoz urriaren 5ean Ziburuko Zokoara, Donibane-Lohizuneko badiaren ingurune ederraz gozatu eta Lurra zainduz, geure bizi kalitatea hobetu eta gizarte zuzenago bat eraikitzera!