Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskaldunon ahalduntzea, feminismoa eta langile mugimenduarekin batera

Euskaldunon ahalduntzea, feminismoa eta langile mugimenduarekin batera

2017/06/08
"Feminismoak baditu ideia giltzarri batzuk euskalgintzara ere aplikaga- rri izan daitezkeenak. Hona hemen hiru: emakumea araua betetzen ez duten guztien subjektu unibertsal kontsideratzea, identitatea deseraiki eta berreraikitzea eta auziaren izaera politiko eta polistikoa, hirurak ekar litezke hiztunaren eta hizkuntzaren planora." Hemen duzu Lorea Agirrek ekainaren 2an eman zuen hitzaldia "Euskaldunon ahalduntzea, eta zapalkuntza ezberdinen aurrean borroken lotura (hizkuntza, feminismoa...)"

Lorea Agirrek, hitzaldia, Idurre Eskisabelekin idatzitako artikulu honetan oinarritu zuen.

Zapalkuntza hirukoitza

Euskal Herriko politikagintzan, hainbat eremutan statu quo-aren eraldaketa bultzatzen duten mugimendu eraldatzaileek, sarri, elkarren berri gutxi izan dute, eta are, elkar zapalduz jardun izan dute askotan, zein borroka garrantzitsuagoa izan. [...]

Garai berri hauetarako gutasuna asmatzeko bide eta subjektu eraldatzaile izateko, estrategia eta aliantza egokia dela uste dugu emakume eta euskaldun kategoriak lotzea. Hirugarren bat ere bai: klasea

Euskal  Herriko  feminismoaren  ildo  batek  oso  aspalditik  du zapalkuntza hirukoitza bere egina. Egia da, harrigarriki egia, sektore horretatik  herri  edo  nazio  gisako  zapalkuntza  oso  gutxitan  irakurri dela oraintsu arte hizkuntza edota hiztun zapalkuntza gisa. [...]

Hizkuntza bat edo beste erabiltzeak eskubidez jantzi edo eskubide gabetzen zaitu. Berdin-berdin gertatzen da sexu-generoaren desberdinkeriaren aplikazioan  ere.  Euskal  hiztun  izateak  edota  emakume  izateak  eskubide kamusdun hiritar egiten zaitu, bigarren mailako, meneko, subordinatu, eta horrek eraldaketarako subjektu bihur zaitzake. Eta bihurtzen zaitu.

Identitatetik justizia sozialera

Emakume izatea edo ez-gizon izatea identitate kontu bat baino ez da izan denbora askoan, emakume eta ez-gizonen kontu partikular bat, berezkoa, feminismoak justizia sozialaren eta demokraziaren terminoetara ekarri duen arte. Eta hortxe dago partikular izatetik unibertsal izaterako jauziaren oinarria. [...] euskal hiztun izateak eta emakume izateak eskubide gutxiago izatea du ondorio, funtzio eta espazio jakinen ukazioa, politikoak eta  botereari  lotutakoak  bereziki,  eta  horrenbestez,  zehazki  bigarren mailako herritar/hiritar izatea dakar; eta bigarren mailako herritarrak egotea gizarte osoaren arazo bat da, gizartearen beraren barne arazo bat da, demokraziaren funtzionamendu murritzaren sintoma argi bat.

Feminismoaren ekarpenetako bat da boterearen eta botere harremanen irakurketa  zenbateraino  zehatza  egiten  duen.  Botere  harremanez disekzio oso bat egiten du, lekuan leku eta garaian garai. Bestela esanda, subordinazio egoerak identifikatzeko, botere gehiegikeriak ikusteko eta pribilegiodunak ezagutzeko leku egokienean jartzen zaitu. [...]  Nola  birsortzen  da  genero  diskriminazioa? Non? Hori da errotik bilatu behar den erantzuna.

[...] Pribilegioak nork dituen ere argi zehaztu du feminismoak. Nork noren eskubideak zapaltzen dituen. Eta horiek berdintzera eramateko, pribilegiodunak kendu beharko dira eremu publikotik pribilegio gabeak sar daitezen. Gizon hegemonikoak kendu emakumea sartzeko, hizkuntza hegemonikoa kendu euskara sartzeko.[...]

Askapen prozesua: Jakin, jabetu, ahaldundu, boteretu

[...]  Garai berri hauetarako gutasuna asmatzeko bide eta subjektu eraldatzaile izateko, estrategia eta aliantza egokia dela uste dugu emakume eta euskaldun kategoriak lotzea. Hirugarren bat ere bai: klasea, edota bestela esanda, prekarizazioaren edo kapitalismoaren kontrako borroka, hain zuzen kapitalismoa sexu-genero berdintasunaren bidean galga baino ez baita, eta beste horrenbeste hizkuntza minorizatuen berdintasunaren bidean ere.

[...] Esan dezakegu, baita ere, euskalduna izatea dela pertsona, herritar izateko modua, ze hizkuntza txikiaren defentsa hizkuntza guztien defentsa da, beraz, hiztun guztiena, herritar guztiena. Diskurtso unibertsalizatzailea da, feminismoarentzat eta euskalgintzarentzat jokaleku berri baten markoa proposatzen duena. Baina horretarako euskarak ezin du soilik hizkuntza bat eskaini, ezta komunitate itxi bat ere, gauza gehiago eskaini behar du: justizia sozialaren aldeko borroka guztien hizkuntza izatea; gainontzeko borroka emantzipatzaileak euskararen markora ekartzea; euskal hiztuna eta hizkuntza subalterno emantzipatzailea diren heinean subordinatu guztien hizkuntza —iruditeria kolektiboan eta praktika errealean— bilakatzea; euskara ematea, euskarara ekartzea, euskaratik pasaraztea. Euskara izan dadila, gutxien-gutxienik, tres voltes rebel.

Lorea Agirre