Eskuz esku, Gure Esku Dago!

2014/03/24
GED logo.jpg
Datorren ekainaren 8an giza-katea osatuko da Durango eta Iruñea artean. Milaka herritar aterako da gure herriko bideetara modu berezian adierazteko nazio bat garela, erabakitzeko eskubidea zor zaigula eta etorkizuna gure esku dagoela.

Hori da Gure Esku Dago plataformak bultzatu duen ekimenaren esanahia. Ekimen plurala, ez alderdikoia, helburutzat hartu duena oinarrizko eskubide demokratiko baten alde -gure buruaz askatasunez erabakitzeko eskubidea- gizartearen konpromisoa aktibatzea. Ekainaren 8koa ehunka lagun ari da berebiziko ilusioz bultzatzen, herri askotan taldeak osatuta.

ELAk sinatu zuen Lizarra-Garaziko adierazpenak esaten zuen legez, "Euskal gatazka gatazka historikoa da", eta irtenbidea demokrazian sakontzearen ondorio izango da, "hau da, Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dutela". Horregatik, sindikatuak zoriondu egiten ditu egitasmo hau bultzatzen dutenak eta ongi etorria ematen dio errebindikazio nazionalean herritarrei protagonismoa eman nahi dien ekimenari. Gure ustez, ez dago prozesu nazionalik mobilizazio sozialik gabe. Politika ez da erakundeetan hasten, ezta beraietan agortzen ere.

Horregatik, ELAk bere afiliatu guztiak, eta bereziki militanteak, animatzen ditu ekimen honetan modu aktiboan parte har dezaten; lantokietan ezagutzera eman dezaten; proiektua antolatzen ari diren herrietako taldeetara bil daitezen, eta azkenik, ekainaren 8ko giza-katean parte har dezaten. Banaka zein taldeka egin dezakezue (familia, adiskideak, lankideak, etab.).

Gure Esku Dago ekimenaren eta gure sindikatuaren webguneetan (gureeeskudago.net eta www.ela-sindikatua.org, hurrenez hurren), agertuko dira helbide eta telefonoak zuregandik gertuen dagoen talde antolatzailearekin harremanetan jartzeko. Garrantzitsua da izen emateko urratsa lehenbailehen egitea (banaka zein taldeka dela ere), kokatu behar duzuen kilometro-puntua esan diezazueten.

 

Eskuz esku, Gure Esku Dago!

Eskuorria bertatik jeitsi dezakezue. >Eskuorria<