Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Emakumeak eta sindikalismoa: aurrerapausoak eta erronkak lan eta gizarte arloko aldaketen aurrean

Emakumeak eta sindikalismoa: aurrerapausoak eta erronkak lan eta gizarte arloko aldaketen aurrean

2017/07/11
Sindikalismoaren historia ezin da ulertu sindikatuetako emakumeen historiarik gabe. Historia hori isilpean gordea eta isilarazia izan da askotan, eta nabarmenak dira hainbat argilun. Ilunak langile mugimenduaren historiatik beretik datoz, eta, gerora, sindikalismoaren eta feminismoaren uztartze txarraren ondorioz, denboran hedatu egin dira. Argiak, berriz, emakume sindikalistek sindikatuei eginiko ekarpenen eskutik etorri dira; izan ere, emakume sindikalistak beti izan dira, nahiz eta inoiz ez duten jaso behar besteko aitortzarik.

Teresa Torns, Carolina Recio

Dokumentu osoa

Sarrera

Industriako langilearen irudian erroturik dago hegemonia; izan ere, irudi horren gainean gorpuztu da langile mugimendua eta sindikatuena, eta horren atzean ostenduta geratu dira sindikatuetako emakumeen presentzia eta ekarpenak.

Feminismoaren teorikoak bitan banatu ohi dira: birbanaketaren logikaren aldekoak, eta aitortzaren logikari jarraitzen diotenak. Lehenak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren aldekoak izan ohi dira, eta bigarrenak, berriz, emakumeen identitateari balioa ematen dion diferentzia hori nabarmentzen ahalegintzen dira. 1968ko gizarte-mugimenduen ondotik berpiztu zen feminismo garaikidearen susperralditik datoz bi joerak, eta bi-bietan ezagun da nolabaiteko urruntasuna edo interesik eza mugimendu sindikalarekiko. Feminismoaren aitzindari asko eta askoren klase jatorria da, hein batean, horren arrazoia. Baina emakumeek sindikatuen eguneroko jardunean izan dituzten eta oraino dituzten zailtasunak ez dira interes falta horren ondorio, edo feministen klase jatorriaren ondorio; ez litzateke zuzena lotura hori egitea. Aitzitik, zuzenagoa bide da mugimendu sindikalaren hastapenetan eta mugimendu hori sendotzeko prozesuan indarrean izan zen logikan bertan aurkitzea zailtasun horien aztarnak. Gaia sakon aztertu duten zenbait emakumeren iritziz, gizonezkoen hegemoniaren adierazpen gorena da logika hori. Industriako langilearen irudian erroturik dago hegemonia hori; izan ere, irudi horren gainean gorpuztu da langile mugimendua eta sindikatuena, eta horren atzean ostenduta geratu dira sindikatuetako emakumeen presentzia eta ekarpenak. Horren guztiaren eraginez halako eremu gris bat sortu da memoria kolektiboan, baina, zorionez, gaur egun arrailtzen ari da eremu hori, emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa baita erakunde sindikaletan.

Harrigarria da zeinen gutxi aztertu den emakumeen eta sindikalismoaren arteko erlazioa literatura akademikoan, salbu eta emakumeen lanaren historia aztergai izan den kasuetan. Ez dira aztertzen erabakigune sindikaletan emakumeen presentzia mugatzen duten egiturazko baldintzak.

Helburua ziurtasun onargarriak aurkitzea bada, harrigarria da zeinen gutxi aztertu den emakumeen eta sindikalismoaren arteko erlazioa literatura akademikoan, salbu eta emakumeen lanaren historia aztergai izan den kasuetan. Lan munduan eta mundu sindikalean espezialistak gizonezkoak izan dira gehienbat, eta ausaz, hori izan da, beste behin, gai honi buruzko hain azterlan gutxi izatearen arrazoia. Zuzenbidearen eta ekonomiaren eta, neurri txikiagoan, soziologiaren esparruko zientzialari sozialak izan dira aipatutako espezialista horiek. Espezialitate horietan ospe handieneko esparrutzat hartu izan dira aipatutakoak eta, hala, emakume zientzialari sozialak ez dira hainbeste izan. Hori izan da, hein batean, generoaren ikuspegitik sindikatuei buruzko hain azterlan gutxi egin izanaren arrazoia. Eta horren ondorioz, orobat, ez dira aztertzen erabakigune sindikaletan emakumeen presentzia mugatzen duten egiturazko baldintzak. Testu hau sinatzen dugunoi eman zaigun aukera baliatuz, arazo eta gai horiek guztiak jorratu ditugu lerro hauetan, generoaren ikuspegitik mugimendu sindikalaren aurrerapauso eta erronkei buruzko balantze txiki bat egiteko ahaleginean.