Hemen zaude: Hasiera Artikuluak EKH

EKH

2017/04/19
Orain dela urte bat, hemen bertan, Espainia ez ote zen navarrizatzen ari galdetzen nion nire buruari. Jakina denez, Korralito Foralaren jabeak konturatu ziren kontuak ez zitzaizkiela betiko aterako, eta gaztatxoaren teoria sasizientifikoa baliatuz, basko-gaiztoak Diputazioaren Jauregitik urrun mantentzeko hil ala biziko helburuari ekin zioten. Joko-zelaia hain modu zorrotzez markaturik, ez zuten kontuan hartu beste aldean utzitako gune erabat askea geratzen zela: Lurralde komantxea.

Ivan GimenezIván Giménez, ELAko Komunikazio Arduraduna (artikulu hau Argian argitaratu da)

Artikulu hau lapurreta da. Iker Armentia kazetari gasteiztarrak erabilitako kontzeptua hartu dut (bere baimenik gabe, gainera) eta lerro hauetan garatuko dut.

Orain dela urte bat, hemen bertan, Espainia ez ote zen navarrizatzen ari galdetzen nion nire buruari. Jakina denez, Korralito Foralaren jabeak konturatu ziren kontuak ez zitzaizkiela betiko aterako, eta gaztatxoaren teoria sasizientifikoa baliatuz, basko-gaiztoak Diputazioaren Jauregitik urrun mantentzeko hil ala biziko helburuari ekin zioten. Joko-zelaia hain modu zorrotzez markaturik, ez zuten kontuan hartu beste aldean utzitako gune erabat askea geratzen zela: Lurralde komantxea.

Zer zen susmatu ere ezin genuena? Euskal Autonomia Erkidegoko bilakaera politikoa: joko-zelaia politikoa bitan zatitu da nahi gabe

Bide batez, joko-zelaia politikoa bitan zatitu zuten: gehiengo elektorala euren alde zegoen bitartean, arazorik ez... Baina proportzio hura iraultzen joan zen, pixkanaka, 2015ean Nafarroako Gobernua galdu arte.

Orain dela urtebeteko artikulu hartan, ea bilakaera berbera Espainian ere gertatuko zen galdetzen nuen. Auskalo...

Zer zen susmatu ere ezin genuena? Euskal Autonomia Erkidegoko bilakaera politikoa: joko-zelaia politikoa bitan zatitu da nahi gabe. Nafarroan gertatu zen fenomeno bera hemen dago, ezustean gainera (askorentzat behintzat).

Aste gutxitan, EAJren posizio historikoa eskuinera mugitu da. Zentraltasun hegemoniko eta ahalguztidun izatetik, joko-zelaiaren txoko batean (txoko handia, ez pentsa) egotera igaro da. Historikoki, gainerako alderdi guztiak EAJren atzetik ibili dira akordio baten eske, eta han-hemenka, noizbait, den-denek jeltzaleekin zerbait sinatu dute: EAJ erdigunean, eta besteak bere inguruan, txandaren zain.

Historikoki, ia edozein euskal-autonomia-erkidegotarrak EAJren aldeko botoa eman ahal izan du, ala ematear egon da, ala aintzat hartu du... Ez zen, inolaz ere, aukera pentsaezina. Ia inorentzat.

Baina EAEko azken aurrekontuen argazkiak lurrikara eragin du: EAJ, PSE eta PP hirukotea, joko-zelaiaren alde batean kokatu dira, eta ezkerreko alderdiak, bestean (agian kontziente izan gabe).

Eta dirudienez, luze joko du. Eta sakon (Madrileko Kongresura begiratu baino ez da behar). EAJ + PSE + PP = EKH.

(Euskal Koalizio Handia)

EKH

Argazkia Berriatik hartu dugu (JUANAN RUIZ / ARP)