Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Gizarte babesa EAEn, Europako atzealdean

Gizarte babesa EAEn, Europako atzealdean

2017/03/21
Gizarte batean dagoen gizarte-babes maila da adierazlerik egokiena neurtzeko zer politika publiko egiten den desberdintasuna borrokatu eta solidaritatea areagotzeko. Horregatik, nazioarte mailan estatistika homogeneo bat egin ohi da gizarte-babesa neurtzeko, hainbat funtzio aintzat hartuta: osasun-arreta, zahartzaroa (pentsioak barne), baliaezintasuna, langabezia, etxebizitza, gizarte-bazterketa, famili-prestazioak, etab.

Azterketak 35Artikulu hau Azterketak 35-ean argitaratu da

Estatistika honi “Gizarte-Babesaren Kontuak” deitzen zaio, eta bertan islatzen da lurralde batean sortutako aberastasunaren zein zati bideratzen den arlo honetara (hots, gizarte-babesean erabiltzen den BPG portzentajea neurtzen du). Portzentaje honen gorabeherak adierazten du politikak zenbateraino diren sozialak: zenbat eta handiago izan, politikak sozialagoak izango dira; aitzitik, zenbat eta txikiago, politikak ez dira hain sozialak izango.

Gizarte-babesera bideratutako aberastasunaren zatia gero eta txikiagoa da EAEn

Eustat Euskal Estatistika Institutuak atera berri ditu Gizarte-Babesaren Kontuak; hauetan EAEn 2015ko egoera zein zen jasotzen da, baita bilakaera ere. 2015ean gizarte-babesera bideratutako baliabide ekonomikoak 16.938 milioi euro izan ziren, hau da, BPGaren %24,5:

  • Azken urteetan zenbatekoa geldialdian sartu da: gizarte-babesera bideratutako aberastasunaren zatia ia puntu bete gutxitu da 2013tik (urte honetan BPGaren %25,4koa izan zen).
  • Geldialdia espainiar Estatuko erakundeek eragin dute (pentsioen gastua hazi egin da, baina murriztu egin da langabezia prestazioena), baina baita EAEkoek ere  (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalak).

EAE Gizarte Babesa

EAEn gizarte-babeserako erabili den aberastasunaren zatia Europa mailan azken postuetan dago, EBko batez besteko mailatik oso urrun

Eustatek argitaratu dituen datuak hartuta aldera daiteke EAEn gizarte-babesean egindako ahalegin ekonomikoa Europar Batasuneko beste leku batzutan egiten denarekin.

Gure agintariek eta hauek kontrolpean dituzten hedabideek sinestarazi nahi digute EAEko egoera pribilegiozkoa dela; ia munduko beste inongo parajetan ez dela diru gehiago bideratzen osasungintzara, gizarte-prestazioetara, etxebizitza politikara, etab. (honetan salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak komunikabide publikoen bidez -batez ere EITB taldea- egiten duen propaganda sutsua, bat ere oreka eta zorroztasunik gabea).

Haatik, errealitateak ez dauka zerikusirik propaganda horrekin. Datu ofizialak argiak dira. EB mailan informazioa daukagun azken urtea 2014 da; honi dagokionez, hau da nabarmendu beharrekoa:

  • Batez besteko gizarte-babes maila Europan %28,7ean zegoen, EAEn baino 3,8 puntu gorago. Batez besteko maila horretara iristeko EAEn gizarte-babeserako baliabideak urtean 3.000 milioi eurotan hobetu beharko lirateke.
  • EAEko gizarte-babeseko maila soilik Ekialdeko Europako herrialdeetakoa, Ziprekoa, Irlandakoa eta Luxemburgokoa baino handiagoa da. Gure gizarte-babes maila Portugal, Grezia eta Espainiakoaren azpitik dago, hauek aberastasunaren zati handiagoa bideratzen baitute.
  • Europar Batasuneko beste estatu batzurekin alderatuz gero, berriz, diferentzia are handiagoa da, izugarria zenbait kasutan. Esaterako, gizarte-babeserako Alemanian aberastasunaren %29,1 erabiltzen da; Suedian, %29,6; Belgikan, %30, eta Frantzian, %34,3. Beraz, herrialde horietan kasuan kasu gizarte-babeseko gastua ia 10 puntu handiagoa da.

Gizarte babesa Europa

  • Alde hau eurotan adieraziz gero, ondorioa da EAEn espainiar Estatuko ahalegin ekonomiko bera egingo balitz gizarte-babesean baliabideak urtean 420 milioi eurotan gehitu beharko liratekeela; 1.400 milioitan, Portugalgo mailara iristeko; 3.570 milioitan, Italiarekin parekatzeko; 4.200 milioi Herbehereekin bat egiteko, eta  6.580 milioi Frantziaren mailara iristeko. Adibide gehiago ere eman genezake.

Gizarte Babesa Defizita Europarekiko