Hemen zaude: Hasiera Artikuluak DSBE (RGI) legea betearazteko mobilizatu beharra

DSBE (RGI) legea betearazteko mobilizatu beharra

2017/03/27
EAEko gizarte-prestazioen sistemak dituen gabeziak nabarmenak dira. Gabezia horien artean DSBEaren beraren diru-prestazioa dugu, pobreziaren atalasetik dezente behera baitago (izugarri gogorra da Eusko Jaurlaritzako sailburu bati entzutea diru-kopuru hori duina eta nahikoa dela... Ez letorkioke gaizki Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren diruarekin pare bat urtez bizi behar izatea!).

Mikel Noval m30grebaMikel Noval, ELAko Azterketa Bulegoaren arduraduna (artikulua Landeian argitaratu da)

2008an onetsitako legearen arabera DSBEren zenbatekoa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %88koa izan behar da. Hori berez ez da nahikoa, baina ezta hori ere ez da betetzen. Patxi Lopezen gobernuak, 2012an, %7ko murrizketa ezarri zionetik urtez urte errepikatu da aurrekontu guztietan.

Gizarte-prestazio duinak jasotzeko eskubideari buruzko eztabaida ez da kontu berria. Oraingo sistema gizarte-mobilizazioaren ondorioa da, eta hobetu liteke. Orain dela ia 20 urte sindikatu eta elkarte batzuek Herri Ekimen Legegile (HEL) bat bultzatu genuen, 80.000 herritarren sinadura jasota, non neurri zehatzak jaso baitziren “lan-denbora banatzeko, eta soldata soziala pobrezia-atalasean bizi zirenei onartzeko”. 1999. urtean greba orokor bat egin genuen, HEL horren edukiak errebindikatzeko. Hala ere, ekimen hura desitxuratu zuten Eusko Legebiltzarrean, egin beharreko hobekuntzak zeharo murriztu baitziren, eta azkenean euskal administrazioko 35 orduko lanaldira eta DSBE —orduan beste izen batekin ezaguna— Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %75 izatera mugatu ziren. Borondate politikoa ez zen urrunago joan.

Hemen kontua da DSBEren eta LGSren arteko erlazioa legean jasota dagoela hamar bat urtez. Eta Urkulluren gobernuak ez du legea bete nahi, aurtengo LGS %8 igo delako

Oso ongi gogoratzen naiz HEL hura parlamentuan izapidetzerakoan EAJko arduradunak —Joseba Arregi— zer esan zigun: bere alderdia ez zegoela ados bermaturiko diru-sarrerak LGSaren %100ekoak izatearekin, “horrek lan-baldintzak goratu egingo zituelako”. Guk erantzun genion horixe zela, hain zuzen, gure asmoetako bat, soldata ziztrinek dakarten lan-prekarietatea suntsitzea.

Orain, Urkulluren Gobernuak esaten digu gizarte-prestazioak handitzeak enplegua moteltzen duela. Joseba Arregik esaten zigun berbera, baina eufemismo baten bidez esanda. Egia esateko, gizarte-prestazio hobeak izateak ez du enplegua moteltzen, baina bai askatzen duela jendea lan kaskarrak onartu behar izatetik. Eta hori ona da, zalantzarik ez. Eusko Jaurlaritzak hitz-erdika esaten diguna zera da: gizarte-prestazioak eta soldatak apalak nahi dituela. Horixe da haren eredua. Enpresarien estrategiarekin bat dator, etekinak langileen kontura ugaldu nahi izatearekin (galdetu bestela gazteei, lanaldi partzialean lan egiten duten emakumeei...).

DSBErako urtean 40 milioi gehiago ez daukan Eusko Jaurlaritza hori bera prest dago ehunka milioi Espainiako Gobernuari dagokion AHTren tartea gauzatzean gastatzeko. Argi dago arazoa ez dela ekonomikoa, borondate politikoarena baizik.

Entzundako beste argudio bat hau da: gizarte-prestazioak handitzeko dirurik ez dago. Argudio horrek ez du ispilurik behar. DSBErako urtean 40 milioi gehiago ez daukan Eusko Jaurlaritza hori bera prest dago ehunka milioi Espainiako Gobernuari dagokion AHTren tartea gauzatzean gastatzeko. Argi dago arazoa ez dela ekonomikoa, borondate politikoarena baizik.

Itxuraz teknikoa den eztabaida batean lardaskatu nahi gaituzte: ea DSBE LGSren araberakoa izan behar den edo ez. Dena eztabaidatu daiteke, noski. Baina hemen kontua da DSBEren eta LGSren arteko erlazioa legean jasota dagoela hamar bat urtez. Eta Urkulluren gobernuak ez du legea bete nahi, aurtengo LGS %8 igo delako. Eztabaida hori ez da teoria-mailakoa, hemen eztabaidatzen duguna da zer diru-sarreren maila bermatu nahi diegun herrialde honetako familiei. Eztabaida honek eragin zuzena du gizarte honetako egoera urriko pertsonen bizi-kalitatean. Eta Eusko Jaurlaritzak ez du gogorik egoera hori hobetzeko. Esango dute, gero, pertsonak helburu dituztela.

LGSk eroste-ahalmena galdu duenean gobernuko inork ez du erreklamatu DSBE gehiago igotzeko, ez da zalantzan jarri haien arteko lotura. Ondo zetorkien gutxiago gastatzeko. Eta ondo datorkie orain DSBEren eta LGSren arteko lotura zalantzan jartzea. Helburua bat bera da beti: diru-baliabide gutxiago bideratzea gizarte-babesera. DSBEren eta LGSren arteko erlazioa kentzearen alde daudenak gizarte-prestazioak murriztearen alde daude. Beraz, ELA ez da eztabaida horretan sartuko.

Aitzitik, gure aztergaiak hurrengo hauek izango dira:

  • Aitorturiko eskubideak betearaztea. Aplikatu izan den %7ko murrizketa kentzea. 2017An DSBE %8 gehiago igotzea. Hori ez dator bat, inondik inora, Gobernuaren asmoarekin: %7ko murrizketari eustea eta DSBE %1,5 bakarrik igotzea.
  • Mobilizazioa sustatzea eta bultzatzea. Gogoan dugun gizarte-prestazioen sistema, pobrezia gutxiagotzeko baliagarria izan behar da. Gobernuak esana du bere asmoa, eta guk hori saihesten ahaleginduko gara. Legebiltzarrean bozkatuko dute, baina giltzarria kalean egongo da.