David Fernandez: "Prozesua husten bada, bi hilabete etsigarri hauengatik hustuko da"

2015/01/27
DAVID FERNANDEZ.jpg
Artur Mas presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko buruak hauteskundeetarako akordioa egin dutenetik, martxan da berriz Kataluniako prozesu subiranista. CUPek etsipenez ikusi du nola trabatzen zen azaroaren 9aren osteko ibilbidea bi alderdi nagusien artean. «Herrialdeari buruzko eztabaida baten ordez, ikuskizun taktiko bat eskaini digute», kritikatu du CUP-eko diputatuak.

Samara Velte, Berria 2015/01/25

Mas eta Junquerasen arteko akordioaren ondotik, CUPetik leporatu zenieten soilik gobernu egonkortasunerako ituna egitea, eta funtsean ez adostea prozesu subiranistaren hurrengo urratsei buruzko ezer. Akordioa ez zen nahikoa izan?

Bi hilabete konplikatu izan dira, eta CUPi, neurri handi batean, ikuskizuna kanpotik begiratzea egokitu zaio, herri mugimendu subiranistaren zati handienari bezala. Jokoan zegoena ez zen hainbeste estrategia nazionala, baizik eta alderdikeriak eta hauteskundeetarako taktikak. Horrek harridura eragin zion jende askori: azaroaren 9ko galdeketaren ostean, desobedientzia ariketa erraldoia kapitalizatu eta prozesuak indarra hartu behar zuenean, makinak gelditu ziren, eta alderdikeriazko eztabaidak trabatu zuen dena.

Aurreko astean ikusi genuena, teknikoki, hautsitako egonkortasun itun baten berrespena izan zen, eta hark ekarri duen bakarra izan da aurrekontu antisozial batzuk onartzea eta murrizketak iraunkortzea. Ez dago inolako akordiorik independentziaren inguruan, ez eta bide orri estrategikorik ere. Haiek diote aurreratzen ari direla, baina oraingoz ez dute edukirik aurkeztu. Ituna, finean, quid pro quo da: CDCk onartu du ez direla zerrenda bakarrean aurkeztuko, eta ERCk onartu du bozak beranduago izatea.

[...]

Masek esan izan du bide orriaren gaineko negoziazioak "nahiko aurreratuta" daudela, baita "ERC eta CDC ez diren indarren artean" ere. CUPi buruz ari zen?

Hala ari bazen, gezurretan ari zen. A-9aren ostean izan genituen halako lan esparru batzuk, baina ez dago inolako agiri edo akordiorik. CUPek publiko egin du bere bide orria, Masek eta Junquerasek ere egin duten bezalaxe, eta badira bat egiteko moduko puntu batzuk. Guretzat, A-9ko salbuespen demokratikoak derrigor eskatzen zituen hauteskunde plebiszitarioak; helburua, ordea, ez da boto batengatik irabaztea, baizik eta gehiengo oso zabalak eratzea independentziaren eta burujabetzaren alde. Hori lortzeko modu bakarra dago —eta hau guztiek onartuko dizuete, batzuek publikoki eta besteek isilpean—: eskema subiranista beraren barruan aukera aniztasuna eskainita.

Orain arte, ERCrekin topatu dugu adostasun handiena, uste dugulako esparru partekatu horrek ez duela puntu bakarra izan behar —"independentzia"—. Aitzitik, ditugun hiru krisiei aurre egiteko balio behar du: independentzia behar dugu, burujabetza nazional gisa ulertuta; pobreziari aurre egiteko epe luzeko plan bat; eta ustelkeriarik ez onartzeko konpromisoa.

Nola eman behar zaie iraileko hauteskundeei izaera plebiszitarioa?

Tira, hor badago emaitzaren nazioarteko irakurketaren auzia. Horren inguruan azpijoko asko egon da, eta zerrenda bakarraren aitzakiatan batasuna eta uniformetasuna nahastu dituzte. "Europan emaitza ulertu behar dute", zioten. Hara; aldez aurretik konpromiso sendoa hartu duten 90 diputatu independentista lortzen baditugu, lasai egon daitezke: Washingtonen, Londresen, Parisen eta Berlinen —euren botere guneak aipatzearren— badakite batuketak egiten. Bozek egin ezin izan genuen erreferenduma ordezka dezaten, beharrezkoa izango da gehiengo independentista bat edukitzea, eta aldi berean prozesu konstituziogile bat abiatzea: horrek eraikiko ditu herrialde berriaren zimendu material eta juridikoak, eta, aldi berean, aldaketa nahi duen gehiengo berri batean oinarrituko da. Prozesuaren abantaila hori da: ez dituela banatzen aldaketa nazionala eta aldaketa soziala; gauza bera bihurtzen ditu. Eta hori da garaipenerako formula.

Guri ez digu balio independentzia segituan aldarrikatzeak. Egingo dugun azkenengo gauza izango da hori, eta behin betikoa izango da. Izan ere, aldarrikapen sinboliko bat egiteko, egin dezakegu orain ere; horretarako dauzkagu 80 diputatu independentista. Horregatik da hain garrantzitsua estrategia.

[...]

Hauteskunde egunaren inguruko eztabaidaz galdetuta, Masek zera esan zuen aurreko astean: independentismoari hainbeste axola bazaio bozak lehenago edo geroago egitea, oso sendo ez dagoen seinale izango dela. Eta, badaezpada, kanpaina Diada egunean hasteko moduan egin du deialdia. Zer iruditzen zaizu zuri? Independentismoak behar ditu halako bultzadak?

Neurri batean ados nago berekin, horrek aurrekari gisa balio badu [barre egiten du]. Muinean dagoen hausnarketa zuzena da: herri baten independentzia eraikitzea prozesu luze eta gogorra da derrigor. Espainiako Estatua dugu parez pare, eta, hura gutxietsi gabe, badakigu dena egingo duela hori saihesteko. Horrenbestez, izerditu beharko dugu franko. Beste alde batetik, independentismoa nahiko azkar hazi da: 80ko urteetan %1-2an zebilen; 90ekoetan, ERCrekin, esparru instituzionalera heldu zen; 2000 inguruan %15-20ra igo zen; eta azken urteotako ziklo mobilizatzailearekin bat-batean egin du gora, %50eraino. Bizitzan, heriotza bakarrik da atzeraezina: borroka egunero ureztatu behar den landare bat da, eta idortu daiteke gauzak gaizki egiten badituzu. Baina baldintza horiek kontuan izanik ere, esango nuke aski sendoa dela: independentismoa geratzeko etorri da, eta subiranisten zati handi batek ez du atzera bueltarik onartuko.

Egia da badagoela sentsibilitate hiperbentilatu samarreko korronte bat, uste duena hau di-da doala eta "kito, amaitu dugu", independentzia aldarrikatzen dugu eta dena ongi. Hori ez da horrela, baina prozesua ez da animoz hustuko luzea edo zaila delako; husten bada, igaro ditugun bi hilabeteok eragindako etsipenagatik hustuko da. Gure politikariek ez dute gutxieneko ardura ere erakutsi herriarekiko. Jendeak ez dauka zalantzarik independentzia nahi duen edo ez; galdetzen dutena da, "Bi hauek eraman behar al gaituzte benetan independentziara?". Ez dituzte proiektua eta prozesua auzitan jartzen; etsipena eragiten duten jarrerak baizik.

Oso desberdina al zatekeen independentismoarentzat hauteskundeak orain izan balira?

Nire ustez, A-9a zen gakoa, eta erabat estrategikoa zen gehiegi ez luzatzea. Baina hainbat tranpa egin dituzte A-9aren emaitza kudeatzerakoan. Eskuinak beti uste izan du hau limurtze bat zela: gu jatorrak izan gaitezkeela, baina agintzen dutenak beraiek direla. Hori amaitu da: hau ez da ukabil itxiko prozesu bat, esku zabalekoa baizik. Nire ustez, Mas hiru ondoriotara heldu da. Alde batetik, herrialdea bera aldatu dela: 2006an sortutako mobilizazioak gaurdaino iraun du, eta, horren ondorioz, neurri batean irabazi dugu jada. Gizarte bati eskatzea etengabe mobilizatuta egoteko, 544 galdeketa eginda, hainbat manifestazio historiko, 40.000 boluntario... horrek ez dauka parekorik Europan. Eta aldaketa horretan ez dagoena edo desagertuko da edo aldatu beharko du.

Bigarren ondorioa da beste aldean, estatuan, ez dagoela inor. Hau ez da Eskozia; ez dago eskaintzarik, aurkakoa baizik: zentralizazio gehiago, agintekeria eta kulturaren aurkako erasoak dituzte guretzat. Eta, hirugarrenik, hondoratzen ari den proiektu bat salbatu beharra zeukan Masek: Convergencia. Ikusiko dugu, baina ziur naiz alderdia ez dela CDC akronimoarekin aurkeztuko iraileko bozetara. Marka berri bat sortuko dute, presidentearen alderdia.

Zuen perspektibatik, ez dirudi batere egoera txarra.

Guretzat aukera bat da. Porrotetik eta irautetik gatozenontzat, dena da aurrera egitea; borroka ez da sekula amaitzen. Josep Fontana historialariak zioen %5eko aukera geneukala hau guztia ongi atera zedin: burujabetza nazionala lortzea estatu demofobiko baten aurka; burujabetza ekonomikoa, merkatu globalaren aurka; eta herriaren burujabetza, gure oligarkia eta kleptokrazien aurka. Hori bai dela dena aldatzea!

Bidea luzea da, eta urratsa, laburra. Baina filosofia hori ez da soilik CUPena: mugimendu subiranistako jende asko ari da aldaketa sumatzen, bere buruari galdetzen zer gertatuko den osasun zerbitzuekin, pentsioekin, nolako herrialdea nahi duen, nolako harremanak kulturen artean, eta nola bermatuko dizkiogun oinarrizko eskubideak Katalunia zapaltzen duen pertsona orori. Eskuin muturra gora doan Europa honetan halako zerbait gertatzeak itxaropen handia ematen du. Katalunian sor zitekeen chauvinismo xenofobo bat, baina, kontrara, internazionalismo humanistak harrapatu gaitu: nazio bat gara, baina ez iragan loriatsu batek batzen gaituelako, baizik eta etorkizun demokratiko bat eraiki nahi dugulako. Eta hori da proiektatzen duguna: guretzat nahi duguna munduko beste edozein herrirentzat nahi dugu; baita Euskal Herriarentzat ere, noski.

[...]

Zer irabaz dezake Podemosek CUPekin konfrontazioa bilatuta?

Hori haiei galdetu beharko genieke. Dena den, uste dut gerora onartu dutela neurri batean komunikazio estrategiak huts egin diela. Kataluniara etortzea eta lehenbiziko kolpea CUPi ematea ere! Non geratzen dira Millet eta Pujol guztiak? Kanoia okerra dagoenean, galerak norbere lerroetan izaten dira; gainera, tonua oso testosteronikoa iruditu zitzaidan. Baina horren guztiaren azpian oinarrizko auzi bat dago: Podemosek 1978ko giltzarrapoa zabaldu nahi du, eta, egiatan, Kataluniako prozesua da 78ko erregimena kraskatzen ari den eztena. Guk beti esan izan dugu prozesu subiranista eta Podemos bateragarriak direla, herrien autodeterminazio eskubidea errespetatzen den bitartean. Eta onartzen den bitartean Espainiako Estatuan ez dagoela demos bat, subjektu politiko bakar bat, baizik eta demoi anitz daudela: euskal herria dago, katalana, galiziarra... Guk esan genien: "Etor zaitezte herri katalanari zerbait eskaintzera. Ez iezaguzue esan Madrilek aldatu behar duela Katalunian zerbait alda dadin; hango zein hemengo kastek duela 30 urtetik diotena da hori". Jakina, kultura hegemoniko espainiarrean oso gutxi axola du herrien erabakitzeko eskubideak. Eta Podemosek deskodifikatzen ez duena da Vallecasko emakume batek berekiko dauzkan espektatibak Santa Coloma de Grameneteko beste batek prozesu independentistarekiko dauzkala.

[...]

Bi urte hauetan, ziurrenik CUP izan da aitorpen gehien jaso duen alderdia, parlamentuko talde txikiena izanda ere. Nolakoak izan dira zuretzat? Ez zegokizuen funtzioa bete behar izan duzuela sentitu duzu?

Egia esan, ez dakit. Zerbait ona nabarmendu behar badut, uste dut ez dugula galdu egunerokotasunarekiko harremana, eta hori guztiek aitortzen digute parlamentuan egon garen hiru diputatuoi. Sufritu ere egin dugu, oso zaila izan delako gure kontraesanak kudeatzea. Hori guztia kontuan izanda, pozik gaude egiteko moduarekin. Izan ere, instituzioetako logikak agertoki hierarkiko eta piramidal batean sartzen zaitu, eta ez da erraza hor printzipio asanblearioei eustea; CUPen geldotasun politikoa —zentzu onean— gertakarien bizkortasunarekin bateratzea.

Atzera begiratuta, dena oso azkar eta oso mantso joan da aldi berean. Duela 28 hilabete esan izan balidate Masekin kapitalismoaren inguruko eztabaida serioak izango nituela, hitz egingo genuela neoliberalismoak bizitzetan eta herrietan duen eraginaz, ez nukeen sinistuko. Baina tira: esan izan balidate gomazko balen, fracking-aren eta homofobiaren aurkako lege aitzindariak onartuko genituela, horrekin ere oso eszeptikoa izango nintzatekeen.

Krisi sakonean iritsi ginen, eta estilo guztietan dantzatzen saiatu gara. Hor sufritzen duzu: ez aurrean dituzunengatik, baizik eta atzean dituzunengatik; ordezkatzen dituzunen neurrira egon behar duzu, eta ardura hori ikaragarrizko zama da. Nik izugarri ikasi dut bi urte hauetan. Lezio txar gehiago onak baino; batez ere boterearen kaskarkeriari eta sentsibilitate faltari dagokionez. Matrix-en egon gara: boterearen jauregian sartzen zara bere liturgiekin, eta pilula urdinez josten zaituzte; zuk gorriak jaten igaro behar duzu egun osoa, errealitatearekiko lotura ez galtzeko eta ez ahazteko zergatik zauden hor. Azpikoen ordez zaudela, ahotsik ez dutenen eta zigortuen ordez. Hori ere oso berezkoa du CUPek: guk beti diogu klase kontzientziak babesten gaituela; memoria dela gure antidotoa; eta kultura, gure aterkia.