Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Arantxa Tapia konpainia noblean

Arantxa Tapia konpainia noblean

2017/03/27
Sozietate Zergaren inguruan, "enpresa askoren ordainketa efektiboa ez da bi digiturena” esan berri du egunotan Arantxa Tapiak. Sailburuak egindako adierazpenari taxuz erantzun dio Oñederrak.

Unai Oñederra (Emeki Kunama), Manu Robles-Arangiz institutua

Unai OñederraBadakit bitxia dela. Gai asko daudela koadrilako afal ostean, ardoz eta kopaz goraino, barre eta besarkaden garaian, mahai gainean jartzeko. Baina egun hartan enpresariek zergetan ordaintzen zutenaz eta ez zutenaz jardun genuen bi lagunek eta hirurok, biak enpresa banaren arduradun.

Googlek koadriletako apustu eta eztabaidak pikutara bota zitueneko garaien aurretik izan zen, guk behintzat ez genuen garai hartan mobilera datuak egiatatzera joateko ohiturarik, eta baten ustearekin eta bestea omen zekienarekin tabernaz taberna ibili ginen..

Nik nioen gauza bat dela teorian enpresek irabaziengatik ordaindu behar dutena sozietate zergan, eta beste gauza bat benetan ordaintzen dutena, askoz gutxiago. Datuak ez nekizkiela, baina hala zela. Beraiek ezetz. Enpresek, beraiek behintzat, zerga guztiak ordaintzen zituztela, zerga pila bat.

Eztabaida hartaz oroitu naiz Arantxa Tapiak aurrekoan egin zituen adierazpenak irakurrita. “Gure sistema ez da txarra enpresentzat; kenkari sorta garrantzistua dago, eta, horiei esker, enpresa askoren ordainketa efektiboa ez da bi digiturena”. Gogoratu behar dugu sozietate zerga soilik ordaintzen dutela irabaziak dituzten enpresek. Galerak dituztenek, zero patatero ordaintzen dute.

Oso adierazpen esanguratsuak dira, batez ere, Tapiaren Jaurlaritza bereko Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak esan berri duenean diru bilketa handiagoa behar dela, eta badagoela tartea sozietate zergan gehiago biltzeko.

Berriako albistearen arabera, Arantxa Tapia ez zen urrutirago joan zerga erreformari buruzko eztabaidan “daturik gabe hitz egiten ari delako gehiegitan”.

Datu faltagatik ez dadila izan Arantxa:

EAEn sozietate zergaren tasa nominala (teorian ordaindu behar dutena) %28koa da.  Baina dauden kenkari, hobespen, salbuespen eta desgrabazioak tarteko, praktikan ordaintzen dena %16,2 da. Azken zifra hau batez bestekoa da. Tapiak argi esan duen moduan, baudade enpresak %10etik behera ordaintzen dutenak, baina ez du salatzen, goraipatu baizik.

Berriki adostu ditu Jaurlaritzak 2017rako aurrekontuak PSE eta PP-rekin. Zein da aurrekonturako Jaurlaritzak duen diru kopurua? 10.709 milioi €. Hori da Urkulluren gobernuak gastu publikorako duen diru kopurua.

Badakizue, Arantxa Tapiak sutsuki goraipatu dituen kenkari eta hobespenak direla eta, zein den  Foru Ogasunek bildu gabe utzi duten diru kopurua (gastu fiskala deitua)? 6.058 milioi €.

Badakizuen EHUko ikerketa baten arabera zein den EAEko iruzur fiskalaren kopurua urtean? 3.200 milioi €.

Daturik gabe hitz egiten dela salatzen duenak, datuak ezkutatu nahi ditu, eskandaluzkoak dira eta, EAE paradisu fiskal bihurtu nahi ez dugunontzat.

Datuoi garrantzia kendu nahi dien Jaurlaritza, ordea, oso kezkatuta dago Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE; RGI gaztelaniaz) ematen den iruzurrarekin. Hatz marka digitalak hartuko dizkiete DSBE jasotzen duten pertsonei, iruzurgileak harrapatzeko.

Baina, zer neurriko iruzurra ematen da DSBEn halako neurri zorrotza hartzeko?

Gogoratu:

  • Jaurlaritzak 2017rako duen aurrekontua: 10.709 milioi €
  • Kenkari eta hobespenen bidez biltzeke uzten den dirua: 6.058 milioi €
  • EHUren ikerketaren arabera iruzur fiskala: 3.200 milioi €

Hatz marka digitalik, zein beste neurririk, ez enpresei. Hatz marka digitalak eskatuko zaizkie DSBEren hartzaileei.

Zenbat gastatzen du Jaurlaritzak DSBEn guztira? 400 milioi €.

Zein da DSBEn ematen den iruzur maila? %1ekoa. Beraz, iruzurra 4 milioi € ingurukoa izango da.

Sozietate zerga ordaintzen dutenak irabaziak dituzten enpresak dira. Hor ematen den iruzurra erraldoia da, eta iruzurgileak dirutan flotatzen bizi dira. DSBE jasotzen dutenek egiten duten iruzurra minuskuloa da, eta hartzaileek ez dute inon flotatzen, lurrari krudelki itsatsita daude, bizirauten saiatzen.

Arantxa Tapiari eskatuko nioke, denbora gutxiago pasatzeko enpresari “arrakastatsuekin”, eta denbora gehiago eman dezala, esaterako, DSBE jasotzen duten pertsonekin. Datuek asaladatu egiten dute, bai, baina begirada urratuek bihotzak biguntzen dituzte.